Maria  del Rio
Maria del Rio

1984-4.0

Adimen artifiziala eta teknologia biometrikoa zaintza masiboaren zerbitzura jarri dira azken bi hamarkadotan. Gainera, gero eta ohikoagoa da hiri segurtasunean erabiltzea.

Duela gutxira arte, adimen artifiziala eta teknologia biometrikoa zientzia-fikzioan kokatzen genituen. Harrigarria iruditzen zitzaigun nola, esaterako, protagonistaren irisa eskaneatuta segurtasun-ateak irekitzen ziren. Gaur egun, ordea, teknologia horiek presente daude gure egunerokoan. Horren adibidea da aste honetan bertan indarrean sartu den Europako Nortasun Agiria. Datu biometrikoak barne hartzen ditu, hala nola, aurpegiko ezaugarriak, argazki arrunt batek baino askoz informazio gehiago emanez. Agiriak gure hazpegien neurri zehatzak gordeko ditu, eta, beraz, identifikazio automatikorako oinarria izan daiteke. Horrek esan nahi du, besteak beste, posible dela bideo bateko irudietan pertsona zehatzak digitalki hautematea, norbaitek banaka egiaztatu beharrik gabe.

Adimen artifiziala eta teknologia biometrikoa zaintza masiboaren zerbitzura jarri dira azken bi hamarkadotan. Gainera, gero eta ohikoagoa da hiri segurtasunean erabiltzea, kriminalitatearen prebentzioa eta herritarren segurtasuna bilatzearen aitzakiapean. Askotan, baina, gatazka politiko eta sozialetara bideratzen dira. Mugetan migrazioa kontrolatzeko teknologia gizarte osoaren aurka erabiltzen da. Pentsa liteke arauak hausten dituztenei soilik dagokien arazoa dela, baina fenomeno bereziki kezkagarria da giza eskubideengan izan dezakeen eragina dela eta. Hortaz, gaia konplexua bada ere, honi buruzko interesa ez litzateke mugatu behar ingeniaritzan edo informatika konputazioan espezializatutako pertsonengana; eztabaida publikoa zabaldu behar da.

Asko dira hauteman daitezkeen arriskuak, esate baterako, beharrik gabeko polizia kontrolaren areagotzea, datuen pribatutasuna bermatzeko zailtasunak, datuak kudeatzen dituzten enpresen gardentasun falta, edo erabaki automatizatuak hartzea ahalbideratzen duten algoritmoek sortzen dituzten genero edo arraza alborapenak. Teknologia neutrotzat jotzen badugu ere, erabiltzen den testuingurua ez da batere neutroa. Testuinguru horretan, egiturazko indarkeriak eta gatazkak konpontzeko bide punitiboak errealitate dira.

Buscar