Maria  del Rio
Maria del Rio

Inoiz ez da nahikoa

Gutxi iruditu zaigun urteko %5,5eko hazkunde metatua egonez gero, hamahiru urteren buruan, kontsumitzen ditugun baliabideen, materialen eta energiaren bikoitza kontsumituko dugu.

EAEko 2021eko barne produktu gordina %5,5 hazi da 2020. urtearekin alderatuta. Ekonomiaren suspertze garrantzitsua bada ere, espero zena baino txikiagoa izan da, eta oraindik urrun dago pandemiarekin galdutakoa berreskuratzetik. Horren arrazoiak egoeraren araberakoak direla azpimarratu da, pandemiarekin lotura argia dutenak. Hala ere, ezin da ahaztu arrazoi sistemikoak ere badirela, hala nola energiaren prezioaren eragina eta zenbait produkturen hornidura-arazoak.

BPGa aberastasuna neurtzeko adierazle garrantzitsua bada ere, gero eta zalantza gehiago daude bere garrantziaren inguruan; modu isolatuan hartuta ez baita egokia ongizatea neurtzeko. Ez ditu kontuan hartzen, esaterako, boluntario egiten diren lanak edo etxeko lanen moduko jarduera garrantzitsuak. Azken hauei lotuta, kalkuluen arabera, EAEko BPGaren %32 emakumeek dohain eginiko etxeko lanetik datorrela, eta ez dela apenas aldaketarik egon azken hogei urteetan. Bestetik, ez du kontuan hartuko bizitza kalitatea, ezta hezkuntza-sistemaren edo osasun-sistemaren egoera bezalako funtsezko alderdiak ere. Azkenik, alboratuta utziko ditu ekonomia-jarduerak sorturiko kalteak ere.

Baina, esan bezala, krisia pandemiaz harago doa. Ekonomiaren definizioan baliabideak mugatuak direla azpimarratzen da eta, hala ere, ez da benetan kontuan hartzen den elementua. Izan ere, gutxi iruditu zaigun urteko %5,5eko hazkunde metatua egonez gero, hamahiru urteren buruan, kontsumitzen ditugun baliabideen, materialen eta energiaren bikoitza kontsumituko dugu. Kaltea planeta eta izadiarentzat da, jakina, baina baita ekonomiarentzat berarentzat ere, mugatuak diren lehengaiak eta energia ezinbestekoak baitira jarduera ekonomikorako. Historikoki, korrelazio zuzena izan dute, eta horrela izaten jarraitzen du ekonomiaren ustezko desmaterializazio garaian.

Herrialdeen aberastasuna eta hazkunde ekonomikoa neurtzeko gehien erabiltzen den adierazlea BPGa izateak gure gizartearen lehentasunen berri ere ematen digu. Bada garaia bizitza eta natura aintzat hartuko duen ekonomia garatzeko.

Buscar