Maria  del Rio
Maria del Rio

Mendekua

Biziarteko espetxealdia «populismo zigortzaile» delako fenomenoaren enegarren ondorioa besterik ez da, gertaera konplexu baten aurrean konponbide erraz eta azkarrak eskaini nahi dituena.

Datorren astean, behingoz, Auzitegi Konstituzionala espetxealdi iraunkor berrikusgarriaren konstituzionaltasunaz eztabaidatzen hasiko da. 2015eko zigor-kodearen erreforma zabalarekin agertu zen zigorra eta, sei urte geroago, oraindik ere zilegi ote den zalantzan jartzen dute askok. Dena dela, ezin esan gaia ahazteko tartea izan dugunik, oso presente egon baita urte hauetan guztietan: zenbait kasu mediatikotan ezarria izan da; Kongresuan berau indargabetzea eztabaidatu da, baita berau gogortzea ere; akademiatik zigor honen kontra argi hitz egin izan da; orokorrean asko jorratutako auzia izan da, hori bai, ez oso modu teknikoan, sentimenduz beteriko argudioak erabiliz eta, gehienetan, delitu larrien biktimen senideengana joz.

Gutxieneko adostasunik gabe eta bere beharraren justifikazio argirik gabe indarrean sartu zen legeaz ari gara. Eztabaidaezina da haren erabilerak zalantzan jartzen dituela zuzenbidearen oinarri-oinarrizko printzipioak, hala nola, zigor krudel eta ankerren debekua edo gizarteratzeko helburua. Finean, iraupen zehaztugabeko zigorra da, eta oso larritzat jotzen diren delituetara mugatzen da haren aplikazioa; esaterako, hamasei urteko adingabe baten erailketara edo biktima beraren aurkako sexu-delitu baten ondoren egindako erailketara. Edozelan ere, figura hori indarrean sartu aurretik jada oso zigor luzeak aurreikusten ziren, berrogei urtekoak kasu larrietarako. Gainera, berrikusgarritasun itxura badu ere, ez da bermatzen bizitza osorako itxialdia izango ez denik, eta gutxieneko betetze-aldiak Europako beste herrialde batzuetakoak baino nabarmen luzeagoak dira. Esan dezakegu, beraz, bere izaera iraunkorra dela berrikusgarria baino.

Biziarteko espetxealdia “populismo zigortzaile” delako fenomenoaren enegarren ondorioa besterik ez da, gertaera konplexu baten aurrean konponbide erraz eta azkarrak eskaini nahi dituena. Errealitatearen ikuspegi desitxuratua eskaintzen da, eta helburu elektoralistarekin, biktimen mina eta haiekiko enpatia erabiltzen da. Kontsolagarria izango da norbaitentzat, baina inola ere ez irtenbide eraginkorra.

Buscar