Tik Tok sarean milioika jarraitzaile dituen gazte bat, harro agertu da Youtuben eginiko elkarrizketa batean berarekin oheratzen diren neskei babesik gabeko harremanak izateko iruzur egiteaz. Berriak oihartzun handia izan du eta jada salatua izango dela iragarri da. Komunikatzeko modua asko aldatu da, baina ez horrenbeste komunikatzen dena. Eduki aberasgarria aurkitzea erraza bada ere, jarraitzaile asko dituztenen artean umore matxista eta komentario misoginoek ohiko izaten jarraitzen dute.
Eztabaida zenbait portaera gaitzesgarriren inguruan piztu da, baina ikuspuntu juridikotik auzia ondo zehaztea ezinbestekoa da. Zoritxarrez, stealthing praktika uste baino zabalduago dagoela dirudi. Sexu harremanetan preserbatiboa abisatu gabe kentzean edo zuzenean ez jartzean datza, aldez aurretik bere erabilera adostu bazen ere. Kasu horietan, sexu harremanak baimenduak diren arren, iruzurra dago tartean. Zein da iruzur horren garrantzia? Benetako baimenik ez dagoela uler daiteke? Bestelako gogoetetatik harago, argi dago ondorio desberdinak dituzten praktikak direla, sexu transmisiozko gaixotasunak kutsatzeko eta nahi gabeko haurdunaldi arriskuari dagokionez.
Oraingoz, oso epai gutxi daude gai honen inguruan. Hilabete honetan bertan Andaluziako Justizia Auzitegi Nagusiak stealthing kasu bat sexu abusua dela adierazi du. Ez dago ez indarkeriarik ez larderiarik, beraz ezin da sexu erasoa izan. Sexu askatasunaren aurkako erasoa dela ulertuko da frogatutzat ematen denean sexu harremanetarako baldintza izan zela preserbatibo bidezko babesa. Ez da baimendu sexu harreman mota, forma edo egoera oro, muga argiak ezarri dira. Beraz, profilaktikoaren erabilera adostasunaren funtsezko elementua da, ez elementu osagarria. Horrek esan nahi du bikotekideak ezarritako baldintza horri jaramonik egiten ez bazaio, baimendu gabeko harremana izango dela. Sexu jarduera jakin baterako baimena ezin da aldebakarrez hedatu baimendu gabeko beste kontaktu mota batzuetara. Azken batean, sexu askatasunean eta elkarrekiko errespetuan ezin da “ñabarduretarako” tarterik egon.
Ñabardura handiak
«Stealthing» praktika sexu harremanetan preserbatiboa abisatu gabe kentzean edo zuzenean ez jartzean datza, aldez aurretik bere erabilera adostu bazen ere