Maria  del Rio
Maria del Rio

Ongizatea

Aste honetan ezagutu ditugu Eusko Jaurlaritzak argitaratzen duen Pobreziari eta Gizarte Desberdintasunei buruzko Inkestaren lehen emaitzak. Inkesten helburua EAEko pobreziaren eta ongizate ezaren adierazleak aztertzea da. Kontuan hartzen dira, gainera, epe ertainean edo luzean eragina izan dezaketen egiturazko joerak. Tresna erabilgarria eta konplexua da, eta Europan erabili ohi diren adierazleak jasotzen ditu, hau da, kontrastagarriak dira; gainera, datu propioekin osatzen da.

Pobrezia eta desberdintasuna fenomeno konplexuak dira biak, eta gehienetan ikusezinak. Hortaz, funtsezkoa da horien ezagutza egokia ahalbidetuko duten tresnak izatea, neurri eraginkorrak ezarri aldera. Oinarrian dauden egoera lazgarriak eteteko edo, gutxienez, horiek arintzeko. Duela urtebete baino gehixeago bildutako datuetatik ondorioztatzen diren emaitzen lehen irakurketa oso positiboa egin du Jaurlaritzak. Batez ere, pobreziaren murrizketa nabarmendu duela. Albiste ona da, dudarik gabe, baina emaitzetan gehiago sakontzea premiazkoa da neurri zuzentzaileekin asmatzeko eta joera sozial berriak hautemateko.

Zentzu horretan, esanguratsua da «ongizate ezaren arriskua» handitu dela jakitea. Hau da, gora egin dute gutxieneko ongizate maila ere lortzen ez dutenek. Praktikan, horrek esan nahi du lagun horiek ezin izango dutela erosotasun minimoa ahalbideratuko duten ohiko gastuei aurre egin; bereziki, elikadurarekin, etxebizitzarekin, jantziekin eta oinetakoekin lotutakoak. Horren albo ondorioa izango da, zailtasunak izango dituztela ere gizarte jarduera ohikoetan parte hartzeko. Finean, nahiz eta egia izan muturreko egoera larriak mugatzea zoriontzeko moduko berria dela, kezkatu behar gaituen asko dago oraindik. Ezin gara konformatu pobrezia murriztu dela jakitearekin; ongizate egoera lortzeak gutxienekoa izan behar luke, baita geratzen ari den desberdintasunen areagotzea behingoz etetea ere. Asko dago birpentsatzeko: duinak ez diren lan baldintzak, egokitzen ez diren politika publikoak...

Buscar