Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Solipsismo geopolitikoa

Geopolitikarekin zerikusirik gabeko ika-mikatxo etxetiar (baina ez hutsal) batek irakatsi zigun –hiztegi potoloan begiratu ondoren, noski– euskal sasiletraduoi «solipsismo» hitzaren nondik norakoa, duela 50 urte baino gehiago. Geroztik, Wittgenstein eta abarrekin aparteko hurbiltasunik izan ez dugunok bederen, ahaztu ere egin dugula esango nuke. Baina egungo geure mundu mendebaldarrak bere zilborra besterik ikusteko darabilen ezintasun suizida samarra izendatzeko ba ote dago hitz egokiagorik? Nola deitu behar zaio gutasuna beste errealitaterik aintzat ez hartzeari?

Vladimir Putinek pasa den astean Asia Ekialdera egin duen bidaiak gure artean harrotu duen harrabotsa da horren adibide distiratsu bat. Erreakzioak adituta, balirudike Putin Ipar Koreara joan dela Ukrainako gerrarako suntsi-gaien tratua ixtera, eta kitto. Huraxe delako dagokiguna. Benetan uste ote dute hori «gure» analista eta adituek?

Nola ulertu behar ote da orduan txango berberean Ukrainako gatazkarekin lotura izpirik ere ez duen Vietnamera –Ipar Korea halako lau– ere joan izana? Garai bateko adiskideei diosala egitera, besterik gabe? Edo urtean behin baino gehiagotan Putin bera Pekinera egiten ari den bisitaldi horiek? Ukrainaren kontura ote da hori guztia?

Munduaren zilborra ez garela jada ohartzeak zuhurtu egingo gintuzke, seguruenera. Baten batek «go east!» doktrina deitu duena –eta nik «Petri Handiaren akabua» deitzea nahiago dudana; hau da, hiru mendez Europara begira egon den Errusia munduaren ardatz berrira, Pazifikora, begira jarri dela, luzaroko– egitate irmoa dela sinestea kosta egiten zait niri. Oraingoz.

Baina bere Kanpo Arazoetako ministro kopetilunaren manuaren gaineko harremanak badituela mundu-parte hartan horren garbi adierazten digunean Putinek berak, historia-liburuak, mapak eta egungo txostenak behatu, gogoeta egin, eta solipsismo geopolitikoari agur esateko garaia heldu dela ondorioztatu beharko genuke. Komenentziaz, besterik ez bada.

Buscar