Yoon Suk-yeol Hego Koreako presidenteak asteazken arratsean aldarrikatu eta ostegun goizaldean bertan behera utzi zuen gerra-egoerak eta haren ondorengo aurrera-atzerapausoek gogoetagai bikainak eskaintzen dituela ezin uka. Munduko hiru potentzia nuklear nagusiak –eta haietakoa izan gabe ohiko bideetatik ibili zalea ez den laugarren bat ere bai– elkarren ondo-ondoan dauden parajean horrelako zalaparta batek ematen duen hotzikara atzendu eta gero.
Kontzeptuala eta, hein batean, filologikoa litzateke horietako bat. Ipar/Hego bereizkuntzarekin jendea nahastu egiten dela susmatuta edo, eta sinonimo-hiztegien erabilpen neurrigabeak erakar ditzakeen deabrukeriez behar adina jabetu gabe, angloesferako norbaiti otu zaio esatea Hego Korea «vibrant democracy» bat dela... duela hamarkada batzuetatik hona. Eta amen batean ikusi ahal izan dugu esamoldea hamaika hizkuntzatara zeharraldatua ia bere horretan. Kopiatu, «itzuli», eta itsatsi. Zer esan nahiko lukeen argi baino argiago balego bezala.
Hego Koreako historia garaikidea zertxobait ezagutzen duenak aparteko eragozpenik gabe onar dezake substantiboa. Baina «vibrant» adjektibo hori... Ez ote da hautatu «gorabeheratsu», «istilutsu», «tenkatu» eta halakoen parekide gozoago hori positiboagoa dirudielako? «Korea Zintzoari» legokiokeen eran, alegia.
Hartara, Hego Koreak «demokrazia kartsua» duela ulertu beharko genuke euskaldunok. Baina ez dakit oso zuzena ote litzatekeen oldozpena. Demokraziaren aldeko herri-mugimendu kementsua duela begien bistakoa den bezalaxe, haren aurkako joera autoritario ikaragarriak dituela ere ukaezina delako. Eta azken 50 urte hauetan, Pakistangoarekin batera, estatu-kolpeak eman dituen munduko armada handietako bakarra duela (gastu publikoaren %10 baino gehiago beretzen duena). Yoon bezalakoekin nahiz bere kasa.
«Vibrant» horren bigarren adiera bat, teknikoagoa, badugu euskal hiztegian: «dardartia». Agian egokiagoa litzateke kasu honetarako.