Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Iruditu arren, ez da broma

Albistegien mundu-bira egin duela esan liteke. Izan ere, agintean dagoen presidentearen eta bere presidenteordearen artean, zuzen-zuzenean batzuetan eta diferituan besteetan, hamaika ika-mika, zangotraba eta traizio ikusitakoak gara... Baina heriotza-mehatxu argi eta garbirik? Bada, horixe, heriotza-mehatxu ozena egin dio lau haizeetara Sara Duterte, Filipinetako presidenteordeak teorian bederen bere gainetik duen Ferdinand «Bongbong» Romualdez Marcos Jr. presidenteari. Txantxetan ez dela ari gaineratuz.

Ezohiko tasun horrexegatik edo, ia mundu guztiak pasadizoa txantxetan hartu duela ematen du. «Nolako aita, halako alaba» esango zuen, bestalde, batek baino gehiagok, gogoratuz Sararen aita Rodrigo presidente ohiak, duela aste gutxi, bere «drogen aurkako gerra» deitu zuen hura ikertzen ari den batzordearen aurrean, hitz lauz eta ohoretzat, onartu zuela heriotza-eskuadroiak antolatzeko agindua eman izana. Ahoa berotuko zitzaion...

Nik, ordea, ezin dut txantxetan hartu. Ez testuagatik, ez testuinguruagatik. Testuagatik, mezua bere osotasunean interpretatzeari iskin egin diotelako iruzkin gehientsuenek. Duterteren hitzak izan baitira, euskaratuta: «Ez zaitez kezkatu nire segurtasunaz, norbaitekin hitz egin baitut, eta esan diot: «Ni hiltzen banaute, akaba itzazu BBM [Marcos presidentea], Liza Araneta [haren emaztea] eta Martin Romualdez [Marcosen lehengusua eta Parlamentuko presidentea]». Ez da broma, ez da broma».

Une honetan Manilako boterearen gorenean dagoen Marcos-Romualdez-Araneta familia-sagaren aurkako mehatxua argi eta garbia den bezalaxe (ez baita ahaztu behar izena Marcosena, baina izana gehiago dela beste bi deiturena), bistakoa baita Sara Dutertek ere ez duela bere bizia batere seguru ikusten. Eta «etxeko erara» egin nahi izan duela asegurua. Ez da txantxa: mehatxua aldebikoa da, antza. «Etxeko era» hori, beste aldean, 1983an Manilako aireportuko kameren aurrean Ninoy Aquino akabatu zuena izan litekeelako.

Horixe da testuingurua. Biztanlez, munduko 12.a, eta Asia hego-ekialdeko bigarrena den herrialdean.

Buscar