Irakurleak jakingo du, lerro hauek irakurtzen dituenerako, bete ote den ala ez Donald Trumpen azken profezia. Alegia, astearte honetan bertan atxilotuko dutela, bere gain dituen hamaika auzi horietako baten –barregarrienaren– kontura.
Ez dit ardurarik mengelena ere sortzen dilemak bere horretan. Bestelako kontua litzateke, balizko atxiloketa horri kalean erantzuteko bere jarraitzaileei egin dien deiak arrakasta izango balu. Deia egite hutsak ere badu bere ozpina, eta zer esanik ez egikarituko balitz.
Edonola ere, auzitegietan bere etxean baino ezagunagoa den Trumpen aurkako auzibide hori «politically biased» dela aldarrikatzen duten jarraitzaile sutsuenek ere ez dizute esango «purga» bat dela hari egin nahi zaiona. Ageri baino ageriagokoa den arren datorren urteko hauteskundeetarako hautagaitzarekin lotuta daudela gorabehera horietako gehienen irakinaldiak.
Izan ere, «purga» hitza, oso adiera gutxiesgarrian ez bada, ezin da gure «mundu demokratikoan» erabili; beste mundu-parte batzuetan gertatzen direnetarako baitago erreserbatuta...
Edo gertatzen ez direnetarako. Burura baitatorkit munduko beste potentzia nagusian duela bost hilabete gertatu zena. Alderdiaren XX. Kongresuaren amaierako ekitaldiaren hastapenean, Hu Jintao, garai bateko nagusi gorena hura ere, bilkuratik eraman zuten. Gure arteko «aditu» gehienek bat-batean ondorioztatu zuten purga maltzur baten eszenifikazioa zela. Ez baitzen sinesgarria bertsio ofizial xaloa: osasunez nahiko justu dabilen Hu ondoezik sentitu zela. Txinako kontuei kasu pittin bat egin ohi diegunok ere aho zabalik utzi gintuzten zergatiak azaldu zizkiguten, gainera, «aditu» horietako batzuek: covida zela, liberalizazioa zela...
Handik aste batzuetara, berriro ekitaldi ofizial batean berragertu zen Hu, itxura hobearekin, Kongresuko bilkuran zuen zaintzaile berberarekin, eta protokoloak beti esleitzen dion lekuan: Xiren alboan, ezkerretara.
Eguneratu egin beharko da «purga» hitzaren definizioa.
Purgak
Izan ere, «purga» hitza, oso adiera gutxiesgarrian ez bada, ezin da gure «mundu demokratikoan» erabili; beste mundu-parte batzuetan gertatzen direnetarako baitago erreserbatuta...