Mikel Ibarguren
Mikel Ibarguren
Idazlea

Diruaren alde

Kexu zebilen Josu Jon Imaz, EBBko presidente ohi eta Repsoleko kontseilari ordezkaria Gobernu espainolak konpainia energetikoei mozkinen ezohiko irabazien gaineko zerga betikotzeko asmoarekin. «Industria eta populismoa» izeneko iritzi artikuluan gogor egin zuen «impuestazo» honen aurka. «Zerga demagogikoa» eta «antikonstituzionala» zela zioen. Nazka ematen dio Madrileko Gobernuaren populismoak. Segidan hartu zuen hitza Imanol Pradales lehendakariak, izatekotan zergak itunpekoa izan beharko duela esanez. Ondotik etorri zen Andoni Ortuzar EBBko presidentea, «urrezko arrautzak erruten dituen oiloa ez da hil behar» esan eta gauza hauekin kontuz ibili behar dela gogoratuz. Izaskun Bilbaok ere txio bat igorri zuen. Bat egin du Josu Jon Imazen artikuluak dioen zentzu sozialarekin. Aho batez.

Ezer berririk ez zerupean. Izan ere Josu Jon Imazen diskurtsoa klasista da erabat; ate birakariei esker, urtean 4 milioiko soldata duen baten ahotik mintzo da eta logika kapitalista duen eskuineko ideologia batean errotuta dago haren pentsamendua. Langileon bizi ahalmena etengabe garestitu denean, energia konpainiako ordezkariek aizkoraren aurpegia baino aurpegi zorrotzagoarekin erakusten dituzte urtero egiten dituzten mozkin errekorrak eta banatzen dituzten dibidenduak, gero zerga bat dela medio (justizia fiskala deitzen zaio) mainontziarenak egiteko.

Azkenean, mehatxuen bitartez (konpainiena zein EAJ eta Junts alderdiena), Gobernu espainolak bertan behera utziko ei du zerga hori. EAJk dio ez duela zerikusirik izan zergaren indargabetze honekin (Pinotxoren sudurra etorri zait burura). Lasaitua hartuko zuen Josu Jon Imazek ere. Urrezko arrautzak (hots, urrezko dibidenduak) erruten dituen oiloa bere eskupean du.

Ikusiak ikusita, niri Gabriel Arestik idatzi eta Oskorrik abesten duen airea etorri zait boteprontoan. «Bizkaiko aberatsak dira diruzale, txerri erosle eta txorizo saltzaile. Inoiz ez dute eman pausorik debalde, borrokatzen baitute diruaren alde». Ez da oraingo kontua. Diruaren alde egitea, alegia.

Buscar