Gorka Rubio naizplus bloga

Arabako herriak ez dira hil

Kul_080305_7109
so_koldo_larranaga_0

Duela egun gutxi hil da Koldo Larrañaga (Azkoitia, 1923). Euskaltzalea, langilea, zinemazalea, apaiza.

Gasteizen apaiz ikasketak amaitu eta 50. hamarkan Araban hasi zen lanean. Zuia inguruan zebilen lanean Legutioko nekazariek beraien lurrak ureztatzeko zituzten eskubideen inguruko gatazkan hauen alde jarri zenean. Orduko gotzainari ez zion grazia zipitzik egin eta Añanako Lantaron aldera "erbesteratu" zuen “zigor” gisa.

so_koldo_larranaga_1


Gaztelako mugan dagoen herrira iritsi zenean, apaiz “gorri” eta “vasco” gisa hartu bazuten ere, denbora pasa ahala herritarren onespen eta mirespena lortu eta mantendu zituen. Sei hamarkadaz Caicedo-Yuso herriko apaiza izan zen eta bitarte horretan ehunka kultur egitasmo sortu eta bultzatu zituen. Baina batez ere txoko horretako kaleetan euskara entzutearen arduradun nagusietakoa izan zen.

so_koldo_larranaga_2


Bere lan esparru kuttunenetakoa zinema izan zen. Bere ingurukoekin inplikatuz eginiko lanen artean dira Gasteizeko Olabide ikastolako haurrak zinemara gerturatzeko eginiko ekintzak, edo eta Martxoak 3ko gertakarietan jaso zituen irudi eta argazkiak.



Bere ikusentzuneko lan ezagunena IKUSKA sailerako osatu zuen “Arabako herrien heriotza” laburra izan zen. 70. hamarkada amaieran Arabako herriak nola hustutzen zihoazen eta bertakoek garai hura nola bizi zuten azaltzen zuen.

 
Zinema “Gizartearen argazki” eta “lekukotza tresna” onenetariko gisa ulertzen zuen, eta artxibategi mardula osatu zuen, bai berak bai hirugarrengoek ere jasotako materialarekin.

Urteetan zehar bildutako ezagutza hortatik atera zen ETBk ekoitzitatako 4 atalez osatutako “Una mirada al Cine Vasco / Euskal Zinemaren ikuspegia” telebista programa. Aipagarria bereziki bide berean eta Enrique Calvorekin batera argitaratu zuen “Lo vasco en el cine” lana: bi liburuz osatua, “Las Películas” 1997. urtekoa (586 orrialde) eta “Las Personas” 1999 urtekoa (582 orrialde).

Bada herri honetan belaunaldi bat guda galdu, edo beraien nagusiak guda galtzen ikusita ere, aurrera egiten jakin zuena. Larrañaga belaunaldi horretakoa izan da. Ezbehar eta arazo larrienetatik ere beti zerbait ona atera eta aurrera egiten asmatu duen belaunaldi horretakoa. Norbanako horiek, bakoitzak bere bide eta lekutik, bakoitzak bere mailan eta bere aukeren arabera biziraun eta gauden lekura iristea ahalbidetu digute. Larrañagaren kasuan, garaian ohikoa zenez, bere apaiz posiziotik egin zuen lan asko. Garaiko eliz arduradunen zigorrak jasotzea tokatu zitzaion, baina bizirik irauteko senak lagunduta edo, zigor horiei buelta eman eta aurrera egitea ahalbidetu zion beti.

so_koldo_larranaga_6


Horrela, Arabako herrien heriotzaren kontakizun dokumentala egin bazigun ere, egun esan daiteke bera eta bere belaunaldiko askok eginiko lanaren ondorioz Arabako herriak eta bertako nortasuna ez daudela hilda, eta hizkuntza ere ez dagoela hilda. Ea gure belaunaldiak, ordukoak baino askoz baliabide eta erraztasun gehiago dituen honek, utzi digutena mantentzea eta hobetzea lortzen dugun.

 

Argazkiak: Raul Bogajo | ARGAZKI PRESS 2008an Lantarongo Caicedo-Yuso herrian.

IKUSKA 8, "Arabako herrien heriotza" Zuzendaria: Koldo Larrañaga Argazki Zuzendaria: Xabier Agirresarobe. EKHE-k 2016ean digitalizatua.