"mahai ez borobila", Sierra Salvada. Burgos. © Santiago Yaniz
Dronegrafiak. Hegan egiten duen begirada. Horixe da Santiago Yaniz argazkilariak aurkeztu duen azken lana. Erakusketa BILBAO MENDI FF 2017 barruan, Errekalde aretoan dago ikusgai urtarrilaren 7arte.
Bertan irudi zenitalak erakusten dira. Paisaiak eta lekuak, hauen egoera eta ezaugarriak atzeman daitezke. Gehienak Euskal Herria edo inguru urbilekoak. Egilearen hitzetan, “argazki begirada non ezarri bilatu asmoz lurralde berrien bila eginiko esperimentu bisuala” da.
Lehen begiradan pentsa daiteke argazkilariak drone baten kamera baliatuz osatu duen paisai argazki sorta dela. Aire argazkilaritza da Yanizen lan ildo ezagunenetakoa. Egileak argitzen du baina “irudien alde estetiko eta bisualetik haratago doan hausnarketa” dela.
Hausnarketa hori oinarri hartuta antolatu du erakusketa. Erakusgelan sartu eta berak grabatu eta editatu dituen zenbait bideo ikus daitezke eta, hauen inguruan, klip horietatatik ateratako irudi finkoak jarri ditu paretetan ikusgai. Horrela, Yanizek bideoak eta irudiak, bi euskarriak ikusi eta azter daitezela proposatzen du.
BILBAO MENDI FILM FESTIVAL 2017_ DRONEGRAFIAS from Mendi Film Festival on Vimeo.
EUSKARRI BERRIEN INGURUKO ZALANTZAK
Gaur egungo kamerek grabazio, edizio eta irudi hautaketarako gaitasun eta erabakimen autonomo maila altua dute. Hau ikusita zera dio Yanizek: “Teknologiak etorkizun bat ekarri digu(...) dagoeneko oraina bihurtu dena(...) eta honek eskaintzen dizkigun baliabide digitalei esker ateratako irudien kasuan, argazkilariak, nolabait, ekidin dezake argazki bat ateratzeko unea zein den erabakitzeko beharra izatea(...)”.
Teknologia honen erabilera praktikoari erreparatuz prentsa argazkilaritzan egun zenbaitek darabilen lan moldea jartzen du adibide: “Bideo bat grabatuz zenbaitek uste dute gertakari oso baten irudi denak ziurtatzen??(sic) dituztela”. Hau da, gertakari baten gaineko bideo bat egiteko aukera izateaz gain, bideotik irudi finkoak atera, edo hedabideek gertakariaren une zehatzen berri emateko “argazkiak” eskaini, esate baterako.
Santi Yaniz. Marisol Ramirez | ARGAZKI PRESS
Bideotik ateratako irudi finko horren erabilerak zalantzak planteatzen dizkio: alde batetik, “irudi hori argazki bat den edo eta irudi robotiko soil bat ote den” galdetzen du. Bestetik, ez du garbi argazkia zuzenean ikusi gabe eta urrutitik agindutako kamera baten bidez irudiak lortzea argazkilari batek bere jardunean hartu ditzaken lizentzien artean ote dagoen edo ez. Horrela, objetu bisual hauek egiletzarik ba ote duten planteatzen du, hau da, “egiletza bera existitzen den edo denak argazki soilak* izango ote diren” zalantza egiten baitu.
*“Argazki soila”z hitzegiten duenean egun indarrean dagoen jabetza intelektualeko legeak egiletza egotzi ezin zaien irudiei errefentzia egiteko erabiltzen den terminoaz dabilela dio.
Egiletzaren inguruko zalantzez gain, objetu bisual horiek argazkiak edo irudiak diren garbi ez eta nola deitu beharko litzaieken galdetzen du. Berak “Droneframegrafia” terminoa proposatzen du. Hau da: “Drone batekin grabaturiko bideotik ateratako frameak”.
Zalantzak zalantza, droneak argazkilaritzarako tresna gisa duen balioa azpimarratu nahi du: “XXI. mendeko argazkilariari orain arte exploratu ezinezko lurralde bisualak aztertzeko tresna interesgarri dela” eta “pantaila elektroniko baten bidez eginiko bisualizazio, maneju eta urruneko pilotaje bihurturiko argazkilaritza honek esperimentaziorako eremu berri bat zabaltzen duela”. Horrela, gaurdaino “argazkilarientzako ineditoa zen unibertso bisual bat ekartzen duela” berarekin.
EZTABAIDA ORDENATU
Droneografiekin “eztabaida berri bat” proposatzen dela dio Yanizek. Uste dut baina egin duena eztabaida zahar bat gaurkotu eta ordenatzea dela. Bi hamarkada pasa dira lehen Reflex digitala merkaturatu zenetik, eta ordurako pentsa zitekeen zein izango zen hurrengo pausoa: Reflex batekin bideoa grabatzeko aukera izatea. 2008an gertatu zen hori.
"Agur", Lesaka. Nafarroa. © Santiago Yaniz
Bi gertakari horien artean hamarkada bat pasa zen. Orduan ere bazen Yanizek planteatutakoaren antzeko ariketarik. Bideo kamerekin grabatutako clip-etatik fotogramak berreskuratu eta hauek argazki gisa erabili ote zitezkeen aztertzea ez da berria.
Egileak garbi du horrelakoetan gertatu ohi den moduan, argazkilaritza “tradizionala” defendatzen dutenek guzti hau zalantzan jarriko dutela. Galdetuko dutela “dronea erabiltzean ea argazkia ateratzeko ekintzarik ba ote dagoen”. Kontrara, ondokoa argudia daitekela dio: “argazkilari batek drone bat operatzen duenean argazkiak ateratzeko beste baliabideekin egin ohi duena besterik ez duela egiten”. Hau da: kamera egoki kokatu, enkuadrea, konposizioa eta argi egokiak hautatu, eta exposizioa kontrolatu behar baititu. Bide horretan “Amsel Adamsek aipatzen duen moduko aurreikuspen ariketa bat” dagoela dio. Onartzen du, hala ere, ariketa hori “kamera hegan jarri orduko ez dela beti espero bezain baliagarria izaten”.
Edozein produkzio arlotan izandako beste aldaketen moduan hau ere nahi baino traumatikoagoa izaten ari da.
"Itotako basoa", Itoizko Urtegia. Nafarroa. © Santiago Yaniz
Urteetako esperientzia zutenek egun batetik bestera lan egiteko modu berrietara moldatu behar izan zuten. Hori ez da erraza izaten. Gehitu horri zenbaitek garai zaharrak egungoak edo etorkizunekoak baino hobeak direla baieztatzeko duten erraztasuna. Horietako askok, orduan 20-25 urte falta zituzten erretirorako baina nahiago zuten 'Digital Vs Analogiko' eztabaidan jarraitu: pixel eta zilarrezko aluroek egoera berean irudiari eman ziezaioketen itxura desberdina aztertzen eta abar. Gehienek ezagutzak jaso, berritu eta aplikatzeko gaitasun intelektuala izan zuten, baina jarrera aldatu nahi ez eta paradigma aldaketa ez onartzea hilgarria izan zen zenbaitentzat.
Bide luzea izan da ordutik. Esperientziadun argazkilari zaharrenek modu hobe edo okerragoan erretiroa lortzen joan dira. Besteek bere burua berrasmatzeari ekin dio. Aurrera egin duenak nola edo hala jarrera aldatu behar izan du, gaur egun hedabideentzat ezinbestekoa den berehalakotasuna lortze bidean, edo ikus entzuneko formatuetan sakonduz.
Deigarria da hontan zein beste edozein eremuetan berrikuntzekin gertatzen dena. Zenbaitek etorkizuna aurreikusi, egungo produkzio moduak aztertu, etorkizunera moldatzeko ariketa teriokoa egin, teknikoki garatu eta tresna berriak plazaratzeko gaitasun itzela dute. Bitartean, berrikuntza horiek erabili behar dituztenek askotan nahi baino zailtasun handiagoak dituzte, eta gero eta azkarrago aldatzen doan inguruari heltzeko gero eta zailtasun handiagoak dituzte. Arrakala teknologikoa ez da ekonomikoa soilik, norberaren jarrera, ezagutza, beldur eta abar luzeak ere zerikusi handia dute honetan.
Zentzu honetan, egun, prentsa arloan -beste zenbaitetan bezala-, eta kostata izan bada ere, argazkilariek erredaktore multimedia moduko funtzioak betetzen dituzte. Esan daiteke argazkilariek egin dutela bere lana. Badoazela beraien bidea egiten. Konpetentzia berrietan gaitzen.
Irudigintzari dagokionean Yanizena da neurri batean aldaketa gehien pairatu eta egun oraindik noraezean dabilen askoren belaunaldia. Erretiratzeko oraindik tarte handia dute, eta adina medio, ogibidez aldatzeko zailtasun dexente. Horregatik da estimatzekoa Yanizek planteatutakoaren moduko ariketak egitea. Balio berezia du generazio hortako norbaitek egin izanak, horrela izanik akaso lagun baitezake belaunaldi bereko argazkilaria bideratzen, aldaketen ondoren geratu den errealitatea asumitu eta aurrera egiteko. Gaitasun teknikoa, intelektuala eta sorkuntzarako trebetasunak ez dira falta profesionalen horien artean. Gehienetan falta dena Yanizek bere ariketa eta diskurtsoetan azaldutako grina da. Aurrera egiteko gogoa, aipatzen duen “lurralde berriak aztertzeko” jarrera. Finean, bakoitzaren gune seguruetatik aparte ateratzeko beldurra galtzea.