Juanita Amundarain eta Juan Miren Mendizabalen omenez Maite Frankok idatzitako oparipuina
Orain 15 urte kotxe istripuan zendutako Itxaro, Garazi eta Elorri Mendizabalen gurasoei eskainitako ipuin gazi-gozoa duzue gaurkoa. Ia-ia hasi eta buka egindakoa, norbaitek belarrira xuxurlatuta bezala. Ozen irakurtzen baduzue, leihoa zabaldu, mesedez, haizeak xuxurlatu zidanari helarazteko.
Tunela
Hasieran, astindua izan zen, bortitza, lehorra eta ustekabea. Kolpe horren eraginez kotxeak suziri baten pare zeharkatu zuen gure aurrean halako batean agertu zen tunela. Zurrunbiloa. Tximeletak urdailean. Zure eskua nirean. Espazioan aurrera, denboran atzera. Zure begiak nireei galdezka. Nireetan berriz, erantzunik ez. Nire burua ikusi dut irakasle-eskolan ikasle; zu ere hor zinen, ni animatzen. Gure alabak azaldu dira gero, Garazi, Itxaro, Elorri, orain emakume txiki, orain neskato, orain bularretako ume, orain jaioberri, orain nire sabelaren barruko dantzari.
Zurrunbiloa. Tximeletak urdailean. Zure eskua nirean. Espazioan aurrera, denboran atzera. Zure begiak nireei galdezka. Nireetan berriz, erantzunik ez.
Ezkondu aurreko garaiak. Itsasondoko Anaiena etxea. Lehen musuak, lehen ferekak. Lehen paseoak eta festak, ilusio eta kezkak. Gure haurtzaroa eta jaiotza.
Eta bat-batean argi hura! Itsutzeko modukoa. Begiak itxi eta hop, lumak bezain arin eta jostari joan gara hegan. Tximeletak urdailean. Zure eskua nirean, irribarre txikia ahoan. Begiak ireki dituzunean alde egin dizute galdera ikurrek eta beldurrek: “Bai, Juanita, dena amaitu dela dirudi, baina zein ederra bukaeran ere elkarrekin egotea.”
Musua. Besarkada estua. Zure malkoen gazi-gozoak busti dit golkoa. Lurra hartu dugu ... zeruan. Iritsi gara hodeien gaineko azken geltokira. Zure eskua nirean, eta bihotza malkoz bustitako golkoan.
Etxea
Zeruko panorama harrigarria egin zaigu oso. Lurrean bezala han ere solairu bakarreko etxeak, parkea, dendak, ibai gardena, mendi tontorrak eta larreak. Iritsi berriak dion bulego bat aurkitu dugu berehala. Izen-abizenak galdetu dizkigute, ondoren gure etxeraino lagunduz.
- Ongi-etorri bilera laster izango da. Abisatu egingo dizuegu.
Gure etxe berria inpertsonala da, aseptikoa, isila; pieza bakarrekoa eta oso altzari gutxi baina egur onekoekin apaindua. Pareta zuri margotu berriei bakardadearen kiratsa darie. Leihoak ireki ditut, baita kaxoi batean aurkitutako sprayez etxe osoa zipriztindu ere. Alperrik. Lurrinik goxoenak ere ezin ditu Garazi, Itxaro eta Elorrirena ordezkatu. Nire hiru maitagarritxoak, zer moduz ote daude …
Lorategia du ederrena. Hantxe eseri naiz, pikondo baten gerizpean, larruazalean eta arropan gelditzen zaizkidan usainen apurrez burua irudiez betez. Nire ondoan eseri zara, bat-batean altxatuz eta enborrean gora igoz, gora eta gora, ume mokoa baino azkarrago. Bitxia da hona iritsi garenetik sentitzen dugun arintasuna. Eskua luzatu didazu eta ni zure atzetik igo naiz. Bailara batean gaudela konturatu gara, San Juan herri txiki edo auzoan, ondorengo bileran esango ziguten bezala. Piku bat hartu eta ahoan sartu didazu. Ederra dago! Inoiz jan dudan goxoena iruditu zait. Fruituaren eztitasunak une batez arindu dizkit saminak. Eztia ezpainetan, eguzki gorria ikusi dugu tontorren atzean ezkutatzen.
Lotarakoan, leihoa irekita utzi dugu bakardadeak alde egin zezan; izarren argi motelaz jantzi dira paretak, eta kilkerren kri-kri-kri etengabeaz airea. Eta nire eskua, zureaz.
San Juan auzoa
Esnatu naizenean ez zinen etxean. Lorategian bilatu zaitut, pikondora igo naiz berriro, auzoaren panoramika azkarra izateko, baina zu inon agertzen ez. Larritu egin naiz, ama jendetza artean galtzen duen neskatoa bezala. Orduan ikusi zaitut etortzen. Paperezko poltsan bi txokolate bero eta lau kruasan egin berri dakartzazu. Lorategian atondu dugu sukaldeko mahaia.
- Nondik atera duzu gosaria erosteko dirua? – galdetu dizut, gehiegi pentsatu gabe.
- Juanita, hemen ez da dirurik erabiltzen: zerua todo incluido bat da.
Lehen aldiz egin dugu barre. Goizeko paseotxoan egin dituzun aurkikuntzen berri eman didazu, bizarra txokolatez zikindu bitartean.
- Ba al dakizu gosaria nori erosi diodan? Itsasondon okindegia zuen amonatxo konkordun jator horri; bai, neska, txikitan litxarkeriak erosten genituen janari-denda hartakoa. Hizketan aritu gara, baina izena galdetzea ahaztu zait …
- Juanita zen hura ere.
- Horixe, Juanita Konkor. Eta ezetz asmatu nor ikusi dudan gero, okindegitik ateratzean, txakurra paseatzen? Gure maisua, botila-ipurdiko antiojoak zituen hori …, gogoratzen? Nola zuen izena …?
- Juan Pedro …
- Bai, hala zen, bai!
- Juan Miren, San Juan auzoko guztiak Juan eta Juanita izenekoak ote gara?
- Bai txantxazaleak zeru aldeko hauek!
Bilera
Hitzaren etxean bildu gara auzo desberdinetako iritsi berri guztiak. Adin eta jatorri anitzak, baina etsipen bera gehienen aurpegian. Gure ondoan hiru neskato, zaharrena serio; ertaina negarrez, amaren galde egiten; eta txikiena, papertxo batean emakume baten irudia marrazten. “Laster etorriko da, maitiak. Nola duzue izena?”, nik. “Ez esan. Gure amak ez digu ezezagunei izenik esaten uzten”, zaharrenak besteei ahopeka. “Juanita dut izena. Listo, orain ezagunagoa nauzue. Norbaitek nirekin jolastu nahi?”, maitekiro. Txikiena eta ertaina berehalakoan eseri zaizkit gainean, laztanen gose. Zaharrenak ordea “zu ez zara gure ama, gainera, ez dugu inor behar; nahikoa naiz ni ahizpak zaintzeko” bota dit, zakar. Ahizpek ez diote kasurik egin. Nire magalean aurkitu dute babeslekua. Emeki kulunkatu ditut, Sagu txiki abestuz. Luze gabe, zaharrenaren burua nabaritu dut, oso une labur batez izan bada ere, sorbaldan.
Udal dinamizatzaileak agertu direnean bilera hasi da. Lurrean gizarte-langile ibilitakoak agian. Zeruko arauak azaldu dizkigute, baita mapa bat eman ere. Hemen zaudeten bitartean … erabiltzen zuten behin eta berriro. Beraz, badirudi hemendik ere beste leku batera joatekoak garela. Inork ez du “nora” galdetu. Gehienak isilik daude, begirada galduta. Hemen gauden bitartean denbora zertan eman nahi ote genukeen itaundu digutenean, ateraldi mundiala izan duzu auzoan elkarte gastronomikorik ba ote zegoen galdetuta. “Bada, ez, horrelakorik ez dago; hara, Juan Miren, aurkitu duzu zure eginkizuna,” erantzun dizute. Aurpegia alaitu zaizu, hemen gaudenetik ez baituzu taberna bat bera ikusi. “Autobusik ote zegoen galdetzea ere bazenuen, lantokian ikasitakoarekin baduzu eta hemengo garraio publikoa sortzea!”, leporatu dizut orduan.
“Eta zuk, Juanita, ume hauen ardura hartu nahi al duzu … ?”, galdetu didate; “ “… hemen gauden bitartean?”, bukatu dut nik, ondorengoaren inguruan galderarik egin gabe, hiru neskatoen zaintza Lurrean utzitako gure alabengandik hurbilago sentitzeko aitzakia gisa onartuz.
Alabatxo berriak
Zaharrenak gurean bizi nahi ez, eta ondokoan egokitu zaizkigu zeruko alabatxoak, zuk deitu diezun bezala. Bazkaria prestatzera hurbildu naizenean, makarroiak jaten bukatzen aurkitu ditut, nagusienak egindakoak. Tomate saltsaz apainduta zeuden aulki-mahaiak, paretak eta armairuak. Halako batean aurkitu dut bakardadearen kolorea aldatzeko modua. “Mesede bat eskatzera etorri naiz”, bota diet agurtzean, “Gure etxera etorri nahi al duzue paretak margotzen laguntzera?”. Txikiak eta ertainak ez dute bi aldiz pentsatu, di-da batean etxeko hormak hatz-marka txiki eta ertain gorriez edertuz. “Moneten mitxoletak ematen dute!”, atera zait, eta gure bizilagun txikienak orduan “zer tximeleta-kroketa da Moneta hori?” galdetu du. “Hau”, erantzun diozu zuk, txokolatez margotutako ezpain marroiez paretan pinpilinpauxa bat estanpatuz. Tximeletak mendian abestuz jarraitu dugu gure arte-lana egiten, eta horren harira dozenaka kantu etorri zaizkigu gogora, eta gogotik ahora. Eta paretak tximeletez betetzen ziren neurri berean, urdaileko tximeletak baretu egin zaizkigu.
Ilunabarrean magalean eseri zaizkit, betazalak gobernatu ezinik. “Juanita, sagu txiki kantatu”, eskatu dit ertainak. Lo eraman ditugu etxera, bakoitza bere ohean sartuz. Gurean beste goxotasun bat nabari zen gau giroan, batez ere ahizpa zaharrena isilka-misilka ohean sartu zaigunetik.
Elkartea
Elkartea egiteko lokala errez lortu duzu, sukaldea, hozkailuak eta guzti. Txuletak aurkitzea ere ez zaizu batere kostatu. Arazoak gero etorri dira, alkohola bilatzen hasi zarenean, zeruan ez baitago halakorik. Ez ardorik, ez sagardorik, ezta moskatelik ere. “Baina Juanita, nola egingo ote dut elkarte bat alkoholik gabe?”, galdetu didazu, haserre. “Beno, Juan Miren, esango didazu ardoa ezinbestekoa duzula ondo pasatzeko. Zerbaitengatik ez da, ba, hemen egongo. Edo agian ordezkoren bat izango dute, eta agian hori ere zure lana izan liteke, hori aurkitzea, alegia”, erantzun dizut nik, azkenaldiko zure parrandarako joera gehiegizkoarekin nekatzen hasita. Ardoaren ordezkoa bilatu? ene!, ez dizut, ba, lan makala jarri! Han-hemenka galdetu duzu, eta barrez lehertu zaizkizu guztiak. Burumakur ikusi zaitugu lorategira iristen, gu berriz abesten, harrapaketara jolasten eta elkarri kili-kili egiten ari ginen bitartean. Horrexek eman dizu bilatu behar duzunaren arrastoa. Gurekin kantuan hasi zara, normalean egiten ez duzun bezala. Lokartuta zenituen doinu eta hitzak ezpainetatik ateratzen hasi zaizkizu, borborka, arrapaladan, eztarriko korapiloa askatuz, hasieran bihotz-zaldia trostan jarriz, eta bukaeran zure barrena lasaituz. Ardoak eragiten zizun modu bertsuan.
Telefonoa
Kontatu ez dizudan arren, ni ere zerbaiten bila nabil, hasieratik, iritsi ginen lehenengo unetik. Auzo guztia miatu arren, ez dut erloju edo egutegiren arrastorik aurkitu, ezta irrati, telebista, telefono edota ordenagailurenik ere. Hamaika laguni galdetuta erantzun bera jaso ondoren (“Hara, iritsi berria zara, ezta?”) gaur bilatzeari uztea erabaki dut. Nabari da beteranoek ez dituztela hauek guztiak faltan botatzen. Baina nik telefono baten premia larria dut, ordea, gure alaben berri izateko.
Etxera heldu eta negarrari eman diot, bakarrik nagoen bakoitzean egiten dudan bezala, baina oraingoan luzeago, indartsuago, tristura urdailetik banu bezala, etsipenaren lekedaz itsatsita, eta haserrearen gorriaz haragi bizian tatuatua. Erraietatik ateratako malko-txorrotak paretei bakardadearen zuria itzuli die, mitxoleta eta tximeleta guztiak banan-banan ezabatuz.
Hiru printzesa eta itsaso bat
“Non daude gure tximeletak?”. Galderak eten egin dit malko-uholdea. Aurpegia azkar lehortu eta magalean hartu ditut hiru ahizpa esnatu berriak. “Leihoa ireki eta hegan bidali ditut zuek esnatzera, tximeleta-musuak emanda” erantzun diet, betazalak ireki eta itxiz haien aurpegietan igurtziak eginez. “Tximeleta horrek bustita ditu hegalak” txikienak, eta nik azalpena ipuintxo bihurtu dut. Behin ere ez naiz oso kontalari trebea izan, eta kantekin ordezkatu izan ditut nire hiru alaben ipuin-gosea. Baina gaur ausartu egin naiz.“Jakingo bazenute tximeleta hori nondik ote datorren … Istorio luzea du atzetik, eta hiru printzesa eta itsaso bat protagonista”, hasi dut kontakizuna.
“Bazen behin, urruneko erresuma batean, hiru alaba izan zituzten erregina-errege bihotz onekoak elkar izugarri maite zutenak. Halako maitasun eskerga jasotzearen eraginez edo, printzesak dohain berezi bana garatzen hasi ziren mundura etorri eta berehala. Garazik, zaharrenak, ahots zoragarria; Itxarok, ertainak, buru argia; eta Elorrik, gazteenak, esku miragarriak. Printzesak hazi eta emakume bihurtu zirenean, dohainak jendeari laguntzeko erabiltzea erabaki zuten, eta gurasoek jauregiko ate zabalak harro-harro irekitzen zizkieten goizero irtenbide bila agertzen ziren guztiei. Orduan Garaziren ahots leuna, Itxaroren buru irudimentsua eta Elorriren esku trebeak lanean hasten ziren, gaixo bakoitzari bere sendabidea bilatuz, eta Itzulirik Gabeko Lurralderako bidaia ahalik eta gehien atzeratuz.
Zoritxarrez, printzesen gurasoei ere iritsi zitzaien Itzulirik Gabeko Lurraldera joateko eguna. Ahizpek ezin zuten ulertu ere egin, hain izan zen bat-bateko eta bortitza. Elkar besarkatuta negarrari eman zioten, haien samina arindu nahian, egunak, gauak, asteak, eta baita hilabeteetan ere etengabe arituz. Orduan negar-malkoak putzu, putzua laku, eta lakua itsaso bihurtu zen. Malkoetan ito aurretik, itsasontzi bat eraikitzea bururatu zitzaion Itxarori, haien burua salbatzeko bai, baina baita gurasoen bila joateko ere. Batek esan eta besteak egin. Elorriren eskuek ontzi bihurtu zituzten kontraleihoak, eta bela maindireak. Eta Garaziren ahots miragarriak lemarik gabeko ontzia gobernatzeari ekin.
Printzesek alde egin zutenean, erresuma guztia urpean gelditu bazen ere, itsaso hura tantaz tanta laino lodi bilakatu eta haizeak eraman zuen, han-hemenka berriro lehertuz eta itsaso berriak sortuz, gure printzesek zihoazen lekura zihoazela nabigatzeko adina ur faltarik izan ez zezaten. Erresuma hartako itsasoa galdu bazen ere, hark utzitako arrastoak oraindik ere ikus daitezke baita hartu zuen izen berrian ere, egun Itsasondo deitzen diote eta.”
“Eta zure aurpegian pausatu den tximeleta itsaso berri horietako batetik etorriko zen, seguru, txiki”.
Isiltasuna nagusitu da kontakizuna eten dudanean. Ipuin tristeegia kontatzeaz damututa edo jolasen bat egiteko proposatu behar nienean, hara non ertainak bota duen: “Garazi, Elorri, guk ere geure ontzia egingo dugu, gurasoen bila joateko.” Batak esan eta hirurek egin. Bi etxeetako kontraleihoak askatu eta iltzez lotzen hasi gara, malkoz behin eta berriro bustitako maindireak bela gisa josiz.
Lotarakoan berriro izan dugu zaharrenaren bisita. Alabaina, ez da gurekin oheratzera etorri, mesanotxean eskutitz bat uztera baizik. Despedida eskutitzean, hauxe irakurri dut:
“Ontzia prest; oraintxe abiatuko gara. Gure amak bere partez eskerrak emateko eskatu zidan lehengoan, telefonoz hitz egin genuenean. Mila tximeleta-musu. Garazi.”
Altxatu naizenerako berandu izan da: hiru ahizpak alde eginak ziren kontraleihoekin egindako ontzian. Elorri txikiaren mesanotxean marrazkiak aurkitu ditut, bilera egunean egin zuen emakume betaurrekodunarena (nire antza handia hartu diot gaur), tximeletak, itsasontzi bat, hiruki jaioberriak besoetan zituzten guraso batzuk, eta bukaeran, telefono batena. Haren esku miragarriek bakarrik ahal ote dute marrazkitxo bat egia bihurtu?
Marrazkiak
Etxera itzuli eta Elorriren margoez sukaldeko pareta mutuan marrazkiak egiten hasi naiz. Aurrena, Garazi; ondoren, Itxaro; Elorri bukaeran. Laztandu ditut, musukatu, estu-estu besarkatu; lotarako abestiak xuxurlatu dizkiet belarrira amets ederrak izan ditzaten. Paretari itsatsita aurkitu nauzu Irriki elkarte ireki berrian egin duzun lehen afari arrakastatsutik bueltan, eta ezer galdetu gabe zu ere gauza bera egiten hasi zara. Maitasunezko mezuez jantzi dugu horma biluzia. Orduan ideia bikaina bururatu zaizu: telebista handi bat margotzea gure alabak ikusteko. Botoia sakatu eta bingo! Hortxe agertu zaizkigu!!! Haien loa zaintzen pasa dugu gau osoa, gure aurpegiak haien aurpegiekin igurtziz, ilean gure behatzak kiribilduz eta eroritako mantak behin eta berriro jasoz. Ordainetan jaso ditugun irribarreek ez zuten preziorik.
Harrez geroztik lasaiago gaude. Piku goxoak ahoan, telebista aurrean jarri eta gure sei printzesei begira gelditzen gara maiz. Sei diot Goierriko herriska batean jaioberri diren hirukiak ere ikusten ditugulako tarteka, telebistan edo pikondoaren inguruan, hiru tximeleta-kroketa txiki bihurtuta.
Eta beste hiruen inguruan zer esan … txora-txora eginda gaude gure maitagarritxoekin. Gu gabe aurrera egiteko gai izan direla konturatuta, amatasunaren ataka zeinen ederki zeharkatu duten miretsita, eman dizkiguten bilobengan haien burua ikusita, eta behar duten guztiekiko duten jarrera eskuzabalaz gozatuta, Lurrean haiekin egon izan ginen denbora laburrean zerbait ona irakatsi ote genieneko susmoa dugu. Tarteka libururen bat lurrera botarazi edo leihoa zartadaz irekiarazten diegu, ondoan gauzkatela ez dezaten ahaztu. Eta horrelakoetan leiho ireki berritik zerura begiratuz gero, kontraleihoez egindako ontzi baten itxura duen hodeia ikusi dezakete hantxe, egunen batean haien bila itzuliko garen seinale.
*Hondarribian, 2013ko irailaren 22an, zeruari begira idatzitako ipuina.