1997an Australian nintzela ezagutu nuen. Gold Coasten, Currumbin Beacheko eskuin olatuan, ikusi nuen lehenengoz. Olatu hori arroka handi baten aurka lehertzean abiatzen da; beraz, gehien arriskatzen duenak du lehentasuna. Han zebilen haitzari beldurrik ez zion 14 urteko ume moko bat, gelditu gabe olatuak hartzen; argala, txikia eta ilehoria zen. Nik, txundituta, zera pentsatzen nuen: «Ume puta horrek denak hartzen dizkik».
Halako batean zarata handi bat entzun zen. «Ume puta» hark kristoren ostia hartu zuen arrokaren kontra. Taula birrindu zuen, sorbaldan azala haragi bizian zeukan, eta, aurpegian, masailetan, odola. Bere lagunek eraman zuten ospitalera.
Astebete geroago surf egitera joan nintzen leku berdinera, eta, marmoka andana zegoenez, normalean hamarka surflari izaten ziren urautsian bost lagun baino ez ziren. Olatu hura behingoagatik lasai hartzeko aukera izango nuela pentsatu nuen eta ni ere uretaratu egin nintzen. Han topatu nuen haitzaren kontra hortzak hautsi zituen «ume puta».
Aurpegia oraindik ere ederki markatua zuen gajoak, baina ez zuen olatuak birrintzeko gogorik galdu. Halako batean, gure taulak ia airean eraman zituen telebistako helikoptero bat gerturatu zen (telebistakoa zela dakit, etxera itzuli nintzenean jabeak telebistan ikusi ninduela esan zidalako). Ume moko hura biraoka hasi zitzaien helikopterokoei eta orduan pentsatu nuen: «Ño! Ume puta hori, jenio biziko bigantxa diagu!». Nire mirespena piztu zuen «ume puta» hark, eta ordutik askotan oroitzen nintzen berarekin.
Orain bi urte Bede Durbige ikusi nuenean, ume moko hari izena jarri ahal izan nion, altueran hasi arren, ez baita batere aldatu. Gaur, faboritoa dut. Iaz Portugalen hamarrekoa lortu zuen lehiakide bakarra izan zen. Adi! Baietz oraindik sorpresaren bat eman, «ume puta horrek».