Zarauzko Surf Taldea zuen izena garai hartan, surflari gutxi batzuek osatzen zuten eta irabazi gabeko elkarte bat zen, diru iturririk ez zuena, beraz, ez zen haien artean PNVko hautetsirik, halakoak txin-txin hotsekin batera agertu ziren, baina tira, horiek bestelako kontuak dira, beste egun batean kontatuko dizkizuedanak. Kontua da surf elkartea osatu zela eta egin zen lehen ekimenetako bat surf film baten proiekzioa izan zela.
Oker ez banaiz, 1988. urtean izan zen, Zarauzko udal liburutegian. Isiltasuna balio goren den kulturaren egoitzan eskatu ziguten gauza bakarra horixe izan zen, zarata handirik ez atera eta txintxo portatzea. Ia lortu genuen, ia-ia...
Aparatu beltz hark “beta” bideoa irentsi bezain laster argiak itzali eta ahoak itxi genituen, ez ziguten txutxeriak jateko baimenik eman, baina ezta behar ere, nerabeok gozokiak erosteko aukera gutxi izaten genituen garaiak ziren. Isiltasun hartan, artean telebistako pantaila ere ilun zela, gure begi irekiek izarrak ziruditen, ikus-entzunezkoen aretoan, mundua momentu hartan han hasi eta han amaitzen zen, arnasa ere denok batera, erritmo berean hartzen genuen, lehen irudiak noiz agertuko zain.
Gelako bonbilla bat-batean piztu zen, Alex zen, teknikoa, filma hasten ez zenez ea zer gertatzen zen begiratu nahi zuen, eta orduantxe entzun zen Jimi Hendrixen gitarra hotsa, oihuka hasi ginen, berriz ere argiak itzali eta gure begi-izarren distira pantailako argiak ezabatu zuen, ilargi bilakatu zen eta gure begi nini puztuak bereganatu zituen.
Han ezagutu nuen Brock Little, pasa den astean minbiziak eraman zuen surflari mitikoa. 19 urteko gazte bat zen, mauka gabeko elastiko urdin batekin olatutzar bat jaisten ari zen, bat-batean taulatik erori eta maldan behera itzulipurdika aparrak irentsi zuenean. Pantailaren azpi aldean, segundo-orratza kontatzen hasi zen, bat, bi, hiru, lau... Little handia ez zen inondik ageri... hamalau, hamabost... eta hara non agertzen den taula zuri baten muturra gainazalera, Little ordea, oraindik ur azpian da... hemeretzi, hogei.. eta hogeita batgarren segundoarekin puntu beltz bat ageri da apar artean, Little da, bizirik atera da. Soilik surflari batek daki hainbeste denbora ur azpian egiteak zer esan nahi duen. Gutako gehienek ez genuke hainbeste iraungo.
Surf denda bateko erakustokian jartzen zituzten bideoen artean arrakasta handienetakoa zuen filma zen liburutegian lehen aldiz ikusi ahal izan genuen hura. Little Waimean erortzen zen unean kaletik irudi haiek irensten genituen lagunon eztarriak lehortu egiten ziren eta baita karrikan axolagabe handik pasatzen ziren oinezkoen birikak ere. Little olatu munstro hartan erortzen zen, behin eta berriz, eta segundo-orratzak kontatzeari ekiten zion beste behin ere, eta hogeita bat segundo luze haien ostean Littlek bere burua erakusten zuen, bizirik, eta hasperen egiten genuen, liburutegiko emanaldian irudi haiek lehen aldiz ikusi genituenean bezala, eta hor jarraitzen du, Little Handiak, filmeko une berean, leku berean eta modu berean, erortzen eta jaikitzen. Hil, hilkorrak eta bizidunak bakarrik egiten baitira.