Zarauztarra naiz, baina ez dut uste hori harro egoteko arrazoi bat izan daitekeenik. Beti iruditu zait gurea herri epela dela, nortasunik gabekoa, nahiz eta jende zoragarria ere aurki daitekeen. Zarauztar batek balentria bat egiten duenean, poztu beharrean pipertu egiten den horietakoa naiz. Ez dakit, gizakiak duen berezko izaera miserable hori ekidinezina zait niri ere.
Pasa den astean, ordea, bi zarauztarrek Hawaiin egin dutenarekin harro sentitu naiz. Zeharo harrigarria iruditu zait lehen oso gutxitan bizi izan dudan sentsazio hori. Aritz Aranburuz eta Hodei Collazoz ari naiz. Benetan gozatu nuen haien txandak ikusten, inoiz ez bezala aritu zirela iruditu zitzaidan. Agian ez zen horrela, beste batzuetan hobeto arituko ziren, baina nik inoiz ez bezala gozatu nuen.
Bi lagunak elkarri laguntzen ikusteak hunkitu egin ninduen. Hodei Sunseteko urautsian apar erraldoien azpian zen artean, ubidean bere laguna taula batekin laguntzeko prest zela ikustea atsegina izan zen. Ez dakit Aritzek datorren urtean lehen mailan egoteko aukera izango duen, ia ziurra da baietz, baina niretzako jada igo da, saiatu bakarrik ez, lan gogor egiten duela frogatu du Aritzek. Haritza baina gogorragoa dela erakutsi digu.
Hodei ez da hain ezaguna, baina momentu zoragarriak eskaini izan ditu Sunseten. Gogoan dut orain sei urte, Hodeik epaileen puntuazioa hodeietara jaso zuen eguna. Txanda amaitzeko minutu bakar bat falta zenean txikota hautsi zuen eta gutxienez zortzi puntuko olatu bat egin behar zuen aurrera egin ahal izateko. Orduan gauza bitxia gertatu zen, arerio zuen Tim Boal angeluarraren managerra ubidean zen eta Hodeik ezer gutxi egin zezakeelakoan Timen taula bat utzi zion. Keinu adeitsua garesti ordaindu zuen taularen jabeak. Zazpi segundoren faltan Hodeik sekulako olatua hartu eta itzelezko tuboa egin zuen. Hamarreko bat jaso eta Tim Boal kalera bota zuen.
Bai, bada kasta Zarautzen, Hodei eta Aritz artean. Animo mutilak!