Namibiako surflariek, bertako urautsi ezagunena bilakatu den lekuan, arau bat ezarri dute, olatua amaitzen den lekutik hasieraraino itzultzeko autoen erabilera galarazi nahi dute. Jende pilaketak maite ez dituzten arren, horren aurrean ezer gutxi egin dezaketela onartzen dute, baina gutxienez jendea olatuaren ibilbidean sakabanatzeko eta bertako ingurunean ahalik eta kalte gutxien eragiteko oinarrizko arau bat ezarri behar dela diote. Beraz, autoa «teleaulki» moduan ez erabiltzeko eskatzen diete kanpotik datozen surflariei.
Zentzuzko araua dela uste dut, eta lekutarrek kanpotarrekiko halako kasuetan hartu ohi duten jarrerari dagokionez, erabaki eredugarri bat hartu dutela deritzot. Ohikoena masifikazioa izaten den urautsi batean zera izaten da, bere burua bertakotzat dutenek kanpotarrak uretatik bidali eta liskarrak sortzea.
GARArekin atera berri dugun «Euskal Herriko Surf gida»-rekin arazoak izan ditugu, leku batzuetako surflariak oso haserre daude, sekretuak omen ziren lekuak erakutsi ditugulako. Gida argitaratu aurretik bagenekien antzeko kexak izango genituela, baina marka handiek bertako gida beren ikuspegiarekin argitaratu aitzin, bertakoek egindako gida bat kaleratu nahi genuen.
Lekutarrak «beren» urautsietan jende pilaketak izango diren beldur izatea ulertzen dugu. Gu ere surflariak gara, gure kostaldea eta bertan dauden txoko ezkutuak inork ez bezala maite ditugu, baina egun, zentzu horretan bederen, sekreturik ez dela uste dugu, eta kalitate handiko urautsi ezagunen inguruan dauden bestelako olatuak ezagutarazteak, hain zuzen ere, helburu horixe du, Namibiako olatuan bezala, surflariak leku zehatz batean pilatu beharrean, ahalik eta gehien sakabanatzea.
Bada, ordea, noizbait denen artean izan beharko den eztabaida honen atzean, nire ustez, kontuan hartzekoa den beste puntu bat. Namibiako lekutarren artean ez da azal beltzeko surflaririk; beraz, bai, bertakoak izan daitezke han egunero surfean dabiltzanak, bertan jaioak eta bertan haziak, baina ez didazue esango, Namibiako lekutar guztiak zuriak direla jakitea, gutxienez, datu bitxia ez denik. Gurean ere gauza bera gertatzen dela esango nuke. Hemen denok gara azal zuri edo ia zurikoak, baina bere burua lekutartzat duten horiek frantsesez edo gaztelaniaz baino hitz egiten ez dakitela ikusten dudanean, benetan, lekua, haren izenak esan nahi duena eta inguruan izan dezakeen testuingurua behar bezala ulertzeko gai ote diren galdetzen diot neure buruari.
Buruan omen dudan aingeruak ezetz erantzuten dit, ez dituztela inguru hauek eta bertako testuingurua ulertzen; beraz, imajina dezakezue deabruak zer dioen... alegia, horiek, ulertzeko gai ere ez direla.