Irakurle kuttuna, zintzoa izanen naiz: zutabe-kronika honen lehenbiziko partea duela egun batzuk idatzi nuen, bigarrena erdipurdi utziz. Eta gainerakoa atzotik dator, sanferminetan guztiz murgilduta. Udaletxe plazako erlojuagatik ez balitz...
Lehenbiziko parte hau uztailaren 5ean idazten dut: nerbioak jota, sanferminak ate joka eta hiria borborka. Nerbioak baita ere jakiteko zer gertatuko den igande gauean Frantzian: aitak, europarra ez denak, aukera izanen ote du duela 30 urte pisatu zuen hirian geratzeko? Kanporatuko ote dute? Nerbioak baita ere jakiteko ea datorren gobernuak Palestinan egiten dutena genozidiotzat hartuko duen. Hori irakurriko duzunean asteartea izanen da, nire gutuna denboraren makina bat da. Festaz blaituta egonen naiz eta nire txuri-gorrizko bertsioak beste begiekin ikusiko du; bitartean, leher dadila dena.
Bigarren partea uztailaren 8an idazten dut, astelehenez: girien parte handi batek ospa egin du hiritik, eguzkia azkenean atera da eta atzoko malkoak lehortu dira. Atzo, 20.00etan, Konpainia plazan, kontzertuaren erdian, sakelakoan jakinarazpen bat: Frente Popularrak gehiengoa lortu du. Ezin sinetsi, familia berehala deitu, fondoan musika, bolumenik handienean. Lehertu da dena. Orain falta zaigu ikustea nola eroriko diren hondarrak. Eskerrak.