Supermerkatuan umeei zuzendutako atalera iritsi orduko ikusgarria da jostailuen emaria. Mutila bazara sartu itsaso urdinean eta tori super heroira, pistola ala kamioia. Neska zarela? txikle kolorezko erreinuan aukeratu beharko duzu sukaldea, panpina ala printzesaren mozorroa.
Badira, baina, itsaso urdin eta erreinu arrosaren artean zubiak eraiki eta ortzadarra margotzeko saiakerak. Baita publizitate munduan ere. Audi auto markak, adibidez, bere aletxoa ipini nahi izan du Gabon hauetarako egindako iragarkiarekin. «Gidatzea aukeratu duen panpina» hartu du lelo eta ia 1.500.000 ikustaldi izan ditu YouTuben.