Bikaintasun intelektuala mutilen ezaugarria dela deritzote sei urtetik gorako neskatoek, eta beraz, «oso azkarrentzat» uste diren jarduerei izkin egiten ahalegintzen dira adin horretatik aurrera. Estatu Batuetako hiru unibertsitatek berriki egin duten ikerketaren emaitzak dira horiek, eta, ohartarazi dutenez, sei urtetik aitzina ezartzen diren genero estereotipo horiek neskatoen etorkizuneko ikasketetan eta nahi profesionaletan eragin zuzena dute.
Nueva York, Illinois eta Princetoneko unibertsitateek egin dute aipatutako ikerketa, eta pasa den asten ikusi zuen argia Science aldizkariaren eskutik.
Bost eta zazpi urte bitarteko neska mutilekin egindako hainbat ariketa izan ditu oinarri ikerketak. Lehenean, apartako azkartasuna zuen pertsona baten inguruko ipuin bat azaldu eta protagonista nor izan zitekeen galdetu zieten umeei. Aukeran, bi emakume eta bi gizon zituzten. Emaitzen arabera, bost urteko neskato eta mutilek euren generoa modu positiboan estimatzen zuten bitartean,– hau da, modu parekoan eskaintzen zieten protagonismoa emakume ala gizonei–, seitik gorako neskato gehienek ez zuten bikaintasuna euren generoarekin lotzen.
Bigarren ariketak bi jolas proposatzen zituen, lehena «oso azkarrentzat» eta bigarrena, «langile finentzat». Sei eta zazpi urte arteko neska mutilak azken jolasean antzera aritu baziren ere, lehenengoan, ikertzaileen arabera, arreta gutxiago ipini zuten neskek. Bost urteko neska mutilak, ostera, inolako ezberdintasunik gabe, bi aukeretan gogotsu aritu ziren.
Genero estereotipoak noiz errotzen diren aztertzea zen Estatu Batuetako hiru unibertsitate hauen ikerketaren helburua. Illinoiseko Unibertsitateko Psikologia ikerlaria eta lan honen egile den Sinc Lin Bianek, Science aldizkariak jasotzen dituen adierazpenetan, kezka agertu du ikerketak emandako adin goiztiarrarekin. Era berean, sei urtetik aurrera geroz eta nabariagoa den genero estereotipoen zamak emakumeen ibilbidean duen eragina handia dela ohartarazi du.
Sarean arrakasta itzela izan zuen bideo bat ekarri digu burura aipatutako ikerketak. Hartu minututxo bat eta hausnartu.