Jon Goikouria Larrabeiti
Pia glaziarra, Suaren Lurraldean.
Pia glaziarra, Suaren Lurraldean.

Suaren Lurraldean, munduaren azken mugan

Punta Aenasetik Ushuaiara, «Ventus Australis» itsasontzian. Suaren Lurraldeko fiordoak zeharkatzen, munduko esplorazioaren mugarriak igaroz: Magallaes itsasartea, Hornos lurmutur mitikoa... Eta, geldialdiak eginez, faunaz gozatu eta trekking gogoangarriak egin daitezke.

Suaren Lurraldeko fiordoak zeharkatzeko itsasaldia Punta Arenas hirian hasi dugu. Zerumuga zabalagoen peskizan abiatutako abenturazaleek sortu zuten hiria 1848ko abenduaren 18an. Magallaes itsasarte gogoangarriren hegoaldean, 53° latitudean kokatua, Brunswick penintsulan, Magallaes eta Txileko Antartika eskualdeko hiriburua da, 133.000 biztanleko populazioarekin.



Komeni da itsasoratu aurretik pare bat egun lehenago iristea, hiria bisitatzeko edo ibilaldi txikiren bat eginez baleak edo pinguino erregeak bistaratzeko. Ezinbesteko bisita horietako bat Magallaes Museo Erregionala da, bilduma arkeologiko, bibliografiko, etnografiko eta fotografiko garrantzitsuak baititu, Patagonia inoiz zapaldu ez duen bidaiariarentzat atariko ezin hobea.

Interes handikoa da, halaber, udal hilerria, askoren ustez Hego Amerikako ederrenetakoa, lorategi zoragarria marrazten duten altzifrez beterik gerizpea emanez bertako pertsonaia ezagunen mausoleo eta hilarri bitxiei, hala nola ardien hazkuntzako inperio handiarekin eraikitako fortuna itzelaren jabe izandako Jose Menendezenari. Punta Arenas erosketak egiteko lekua da, eremu franko bat dago bertan; hau da, zergarik gabeko produktuak eskuratu daitezke bertan, eta gailu elektrikoen prezioak, hala nola telefono eta ordenagailuenak, benetan erakargarriak dira.

Eta, azkenik, hiriko ahozko tradizioak dioen bezala, ezin zara handik joan Armas Muñoz Gamero plazan dagoen eskulturaren oina ukitu edo musukatu gabe. Aonikenk etniari eskainitako monumentua da. Ez dugu ahaztu behar munduaren mutur honetan duela 6.000 urte baino gehiagotik bizi izan zirela kaweshkar eta yamanas etnia itsastarrak, baita haush, selk nam eta aonikenk etniak ere, lehorreko ehiztari biltzaileak.

Lehenik, beren lurretatik kanporatuak izan ziren abeltzaintzako etxalde handiak altxatzeko (hemen estancia esaten diete) eta ondorenean, europarrek ekarri zituzten alkoholak eta gaixotasun berriek triskantzak egin zituzten herri aborigenen artean. Azkenik, ehizatzeko lurrik ez zutenez, ganadua harrapatzen hasi ziren; eta beraiek izan ziren ehizatuak, ardi haztegi handientzako mehatxua zirela-eta. Kasurik onenean, etxalde horietan lan egitera pasatu ziren, janari eta alkohol apur baten truke. Cristina Calderon hil zenean, bizirik zen azken aborigena, yamana etniakoa, berarekin batera desagertu zen gizakiaren diruzalekeriak suntsitutako unibertso magikoa.


Abante kondairetako itsasoetara

Magallaes eta Txileko Antartika eskualdeko hiriburuan bigarren eguna dudan honetan, zainak airean ditut. 20.00ak dira eta itsasoratzeko ordua da, munduko paraje apartatuenetako bat deskubritzea jomugan jarrita. Kapitainak eta eskifaiako kide guztiek ongietorria egin digute 206 bidaiariei, segurtasunari buruzko hitzaldi labur batekin, eta, ondoren, xanpainarekin topa egin dugu.

Tabernako leihotik, kopa esku artean dudala, ikus dezaket nola galtzen diren urrunean Punta Arenaseko argiak ñirñirka ilunabarrean. ‘Ventus’ itsasontzian gaude. Australis enpresak erabiltzen duen esplorazio ontzi modernoa da, 2018ko urtarrilean hasi zena funtzionatzen. Bereziki diseinatuta dago Hego Amerikako hegoaldeko muturreko kanaletan nabigatzeko. Bere ezaugarriek, luzera eta motorren indarrak maniobragarritasun handia ematen diote, hain fiordo eta kanal estuetan igarotzeko ezinbestekoa, eta, hala, beste gurutzaontziek ezin duten lekuetan barneratzen da.

Bost ordu igaro dira, eta hotz egiten badu ere, ontzi gainera igotzea erabaki dut. Gaua da, eta paisaia izugarri eder dago ilargi betearen argipean, eskuz marraztua dirudien zeru izartsuaren pean. Beagle kanalean ari gara nabigatzen, kondairazko uretan. Ur hauetan sekulako balentriak egin zituzten marinel ausart haiek bezala sentitzen naiz. Pauso irmo eta sendoarekin aurrera doa Ventus uhartez, kanalez eta fiordoez osatutako labirintoan, Alberto de Agostini parke nazionalaren inguruan.

Egunsentian, ontzia Seno Almirantazgo zeharkatzen ari da. Magallaes itsasartearen adar ikusgarri bat, ia-ia Suaren Lurraldearen erdiraino iristen dena. Kanalaren iparraldea itsas eremu babestuan dago, “Seno Almirantazgo” izen berekoan, Suaren Lurraldeko lehenbiziko babesgunean. Ontziaren hegoaldean gosaltzen ari naizela, ezustean harrapatu nau Alberto de Agostini parke nazionaleko badia zabalak marrazten dituzten fiordo sakonen handitasunak. Munduaren azken mugaren parajea esploratzeko lehenengo geltokia Ainsworth badian daukagu. Darwin mendilerro dotoreak badia itxuratzen du: 600 glaziar arro baino gehiago ditu eta Sarmiento menditik mendebaldera hedatzen da, Magdalena kanalean, Bove mendiraino, eta badia izugarri edertzen duen mendigunea eratzen du, dena elurrez estalia.


Flora autoktonoa

Hemen zodiakean lehorreratu gara, hiru orduko txangoa egiteko asmoz, eta eskualde honetako flora autoktonoarekin lehenengo kontaktua izan dugu. Baso subantartiko deritzana nagusitzen da bertan. Andresek, gure gidak, azaldu digunez, «Andeetako baso patagonikoa ere esaten zaio, eta, funtsean, hiru zuhaitz espeziek osatzen dute: lenga, ñire eta gingondoa. Espezie horiek guztiek zero azpiko 20 graduko tenperaturak ere jasaten dituzte».

Patagonian barrena itsas bidaia egitearen gauzarik erakargarrienetakoa fauna behatzeko aukera da. Horretarako lekurik onena Tuckers uharteak dira. Hango biztanle ezagunenak Magallaes pinguinoak dira. Tuckers ingurua erabiltzen dute habia egiteko, ugaltzeko eta kumeak hazteko. Beste hegazti espezie ugari ere inguratzen dira, hala nola ubarroi inperialak, arranoak eta skuas, chilena, caranca delakoak, baita noiz edo noiz Andeetako kondorra ere.

Zorte pixka batekin, izurdeak eta itsas lehoiak ere ikus ditzakezu, diotenez. Baina, zalantzarik gabe, ikusgarriena pinguinoen kolonia handia da, 4.000 aletik gorakoa. Ekosistema birjina denez, ezin gara zodiaketik jaitsi, baina bai pare bat metrora hurbildu. Pinguino habiari darion kiratsa sumatzeaz gain, ekosisteman erabat murgiltzea bezalakoa izan da hain animalia bitxiaren eguneroko bizitza bertatik bertara behatzeko aukera.


Ballenero kanaletik

Gaua egin da, eta Suaren Lurraldearen mendebaldeko muturraren inguruan nabigatuz goaz. Ballenero kanalean sartu gara. Robert Fitz Roy kapitainak bataiatu zuen izen horrekin, bertako biztanleek lapurtu eta inoiz berreskuratu ezin izan zuen baleontziagatik. Egunsentiarekin, Beagle kanaleko ur izoztuetan urratu du bere bidea ontziak eta, egunak aurrera egin ahala, nabigazioa gero eta korapilatsuagoa egin da. Nire kabinako leihotik edertasun hunkigarriko paisaiari begiratzen diot; elur geruza batez estaliak daude Pia fiordoa marrazten duten mendiak. Ontzi gainera joan naiz arrapaladan, ikuskizunaz hobeto jabetzeko.

Gure itsasontzia paraje apartatuetan dabil, izotzez estalitako uretan, eta gero eta ugariagoak dira izotz puskak. Bat-batean, Pia glaziar maiestatetsua begien bistara agertu zait, bidaia osoko ezustekorik atseginena. Haren irudia ezin sinistuzkoa da, itsasoaren gainean 100 metrotik gorako garaiera duen horma bat osatzen du, urtero 10 metro egiten duela atzera agerian uzten ez duelarik.

Hemen lehorreratze ikusgarria egin dugu, zodiaka izotz horma horren paretik igaro baita. Oinak lurrean jartzean, bene-benetako plazera da glaziarra behatzea, argiak masa izoztu horretan duen islapenaren eta errefrakzioaren ondorioz eratzen diren beta urdinkara askotarikoekin. Atsegina da, halaber, izotz pusken erorketak bata bestearen atzetik gertatzen ikustea eta. Hain zuzen ere, behatoki berezi batetik egiteko aukera izan dugu; bidexka estu batetik azkar asko iritsi gara eta fiordoaren ikuspegi paregabea ere eskaintzen du.

Handik ordu batzuetara, Beagle kanalaren mendebaldeko adarretik goazela, naturak zur eta lur utzi gaitu beste behin, Glaziarren Etorbidean. Bidaiari guztiak ontzi gainera igo gara paraje zoragarria ondo ikusteko, ipuin miragarri batetik ateratakoa baitirudi. Glaziarrak bata bestearen atzetik, Europako herrialdeen izenak dituzte: Holanda, Italia, Alemania eta Frantzia... XIX. mendean eskualdeko aurreneko mapak marraztu zituzten esploratzaileen nazionalitateen omenez.

Hornos lurmuturra

Gauean Murray kanal meharra eta Nassau badia zeharkatu ostean, ontzia gelditu eta aingura bota dugu. Gaurkoa da bidaiako egunik irrikatuena. Ea bete dezakedan nire ametsa: Hornos lurmuturra zapaldu. 425 metroko harri muinoa da, Drake pasabide katramilatsuaren paisaia zelatatzen duena, eta 1616an deskubritu zuen itsas espedizio holandar batek. Klimatologia muturrekoa da eta bisita bertan behera utzi ohi dute eguraldi txarragatik. Azkenean, goizeko bostetan kapitainak megafoniaz iragarri du lehorreratzera goazela: «Baldintza klimatologikoak aldekoak ditugu. Prestatu zaitezte goizeko seietan lehorreratzeko».

Hornos lurmuturrean oina jartzea munduaren azken muga dastatzea da. Iritsiaz batera, itsasargiaren zaindariak ongietorria egin digu. Bisitak urriak izan ohi dira, eta zera esan digu, irribarretsu: «Ondo tratatu behar ditugu; bestela, ez dira itzuliko». Txileko itsas armadak itsasargi egonkorra dauka uhartean, eta marinako ofizial bat familiarekin bizi da bertan. Urtetik urtera txandakatzen doaz.

Itsasargia ez ezik, Stella Maris kapera ere nabarmentzekoa da. Egurrezko eraikin erlijioso txikia da, benetan hunkigarria. Hemen bizia galdu zuten marinelen omenezko monumentu bat ere badago; ezin ahaztu planetako itsasorik basatienetako bat dela honakoa. Altzairuzko plaka handi batean moztutako albatros baten silueta da, inguruotako itsas mitologiari keinu eginez. Kondairak dio marinel bat Hornos lurmuturra zeharkatuz hiltzen bada, bere arimak albatros batean gorpuzturik hegan egingo duela betierekotasunez.

Wulaia badia, Navarino uhartean, munduaren amaiera zeharkatzen duen itsasaldi honen azken geltokia da. Lehorreratu egin gara, eta txango bat egin dugu, baso subantartikoko paisaia polita igarotzen duen xendra batetik, badia osoaren gaineko ikuspegi panoramiko itzela eskaintzen duen leku batera iritsi arte. Moilaren ondoan, Australis enpresak irrati estazio zahar bat birmoldatu du eta informazio puntua jarri dute, yamana herriari buruzko azalpenak emateko, haiek baitziren uhartean bizi zen talde etnikoa.

Ushuaia hiria, Beagle kanalean kokatua eta Martial mendilerroaren magalean, Txilen hasi eta Argentinan amaitu den bidaiaren azken puntua da. Suaren Lurraldeko hiririk garrantzitsuenetakoa da, 65.000 biztanle ingurukoa, 1884ko urriaren 12an sortua. Eta bi museo interesgarri ditu: Itsas Museoa, espetxe zahar batean kokatua, eta Munduaren Amaiera izenekoa.