Ivan FAURE
gara-2024-05-29-Reportaje

Massawa, Itsaso Gorriko perla zaharra

Massawa portu-hiria Eritrean dago, Afrikako herrialderik hermetikoenean. Afrikako Adarrean dago, Itsaso Gorriak bustita ekialdean. Herrialde zaharra da; aksumitarren eta otomandarren eraginak nabari daitezke oraindik, baina italiarren mende erdiko kolonizazioaren ondorioak ere nabariak dira.

Herrialdearen %20 bakarrik bisita dezakete turistek, baina Eritreako ekialdeko eskualde txiki honekin, Massawarekin, liluratuta geratu gara. Massawak leku magiko batera eramaten gaitu. Duela milurtekoak, I tsaso Gorriko Perla izenaz ezaguna zen. Halaxe dela ohartuko gara bertako hondartzetan eta zementuzko eta lurrezko kaleetan paseatzean, non taberna eta kafetegietan ehunka eritrear biltzen diren.

Eritreako hiriburua izan zen 1897ra arte, italiarrek Asmara hiriburu izendatu zuten arte. Massawa ez da biztanle askoko hiria. 53.000 biztanle ditu 477 kilometro koadroan eta hainbat eremutan banatuta: alde zaharrena, ‘Old Masawa’; alde berria, ‘La Edaga’, merkatua dagoen lekua; eta hainbat herrixka-auzo, tenperatura altuetatik babesteko etxolak dituztenak.

OLD MASSAWA

Old Massawatik pasatzen den bisitariaren lehen inpresioa hiri nomada batean dagoela da, eraikin otomandar ederrak dituena eta, hein handi batean erdi suntsituta badaude ere, bere iragan distiratsua imajinatzeko aukera ematen dutenak. Eraikin higatuetan aurrera egingo du, noizbait dirudunen luxuzko egoitza izandakoetan, banku zaharrean, postetxean, otoitzerako meskitetan eta Etiopiako azken erregearen, Haile Selassie-ren, Jauregi Inperial ikusgarrian aurrera, hain zuzen. Azken hau, gaur egun, arrantzaleek beren sareak konpon ditzaten egokituta dago.

Kolore urdin higatuak, berde hautsiak eta gris perlatuak konbinatzen dira bisitariaren buruan, begientzako festa. Ez du geldi egon nahiko; kale artean galdu nahiko du. Hiria behin baino gehiagotan bisitatu eta goitik behera ezagutzen duela uste badu ere, kaleren batean harritu egingo da, bertatik oharkabean pasatu berri dela .

Itxuraz abandonatuta dauden eraikinak aztertzean, noizbait existitu zen luxuzko bizimodua eta aberastasuna irudikatzen hasten da. Batzuek sabaia erorita dute eta han bizi den jendea eraikinetik eraikinera lekualdatzen da, Alari edo Kristori eskatuz ez daitezela behera erori. Batzuek aurreko eraikinetan galdu zituzten bainugelak; beste batzuek publikoak erabiltzen dituzte. Etxeak txikiak dira, oihal ederrez apaindutako oheak dituzte eta ontziz betetako altzari txikiak.

Lotsa gainditu eta jakin-minak bultzatuta, Semina eta Destarena bezalako etxeetako istorioetan murgilduko da. Bi emakume hauek, ama-alabak, bakarrik eraiki dute beren bizitza 20 metro karratuko gela apal batean. Haien historia Eritreako Armadarentzat lanean bizitza galdu zuten senar askoren tragedia isilak markatu zuen. Etxe horietan sartzean, bizitzarako benetan beharrezkoa denaren funtsa aurkituko du bidaiariak. Esperantza eta fede iturri, apaingarri erlijiosoek betetzen dituzte txoko guztiak, horiei etxe esaten dietenek duten barne indar eta erresilientziaren lekuko.

Gainera, Gebrerekin egingo du topo. Hark bere bizileku apaleko ateak irekiko ditu eta harrotasunez erakutsiko du ez erortzeko borrokan dabilen sabaia. Eguneroko otoitz egiten du urte askoan bere babesleku izan den leku hori bizirik mantentzeko. Kaleetan, estrategikoki kokatutako oheak agertzen dira etxe atarietan; hala izaten da gaueko tenperatura 45 gradura iristen den hilabeteetan.

KAFEAREN ESPERIENTZIA

Bisitariak ez luke gutxietsi behar kafeaz gozatzeko esperientzia, bere bizitzako kafe onenetako bat dastatzeko aukera emango baitio. Kafea zerbitzatzen den ontziaren (jebena) fintasun berarekin prestatzen da. Tradizio eder horretan, kontu handiz txigortzen dituzte kafe aleak ikatzezko sukalde txikietan. Aleak puntu perfektura iristen direnean, jebenan sartzen dituzte ura gehituta eta su motelean kozinatzen dira luzaroan. Emaitza maisulan aromatikoa da, eta, prestatuta dagoenean, basotxo eta plater txikietan aurkezten dute, intsentsu errearekin bedeinkatuta.

Bertakoen abegikortasuna kortesia hutsetik haratago doa; biztanleek atzerritarrak begirada samur eta beroarekin hartzen dituzte, beren herrialdea bisitatzea aukeratu dutelako esker onez. Batzuk harritu egiten dira bisitaz, kontuan hartuta diktaduragatiko zailtasunak, zeintzuetaz ezin duten askatasunez hitz egin. Askok kafea edo tea partekatzera gonbidatuko gaituzte, eta beste batzuk, berriz, gurekin hitz egiten saiatuko dira, ingelesez aritu nahian.

Karanbola jarduera liluragarria da; italiarrek utzi zuten jokoa da, billar-jokoaren antzekoa baina miniaturazko boloak diruditen pieza osagarriekin jokatzen dena. Bertakoak gustura erakutsiko dizkigute arauak, baina ohartarazten dute ordu asko eta askoko praktika behar dela beraien trebetasun mailara iristeko.

Massawa zaharrera hurbiltzen denak Sheik Salaminel eskola aurkituko du, adin guztietako 300 haur baino gehiago hartzen dituen erakunde publikoa; txikienak goizean eta helduak arratsaldean, eta klaseetan 25 eta 30 ikasle artean egon ohi dira. Hemen tigrinyera eta ingelesa hizkuntza ofizialak dira, eta egunari ekiteko Eritreako bandera altxatu eta ereserkia abesten dute (Gobernuak herrialdeko eskola guztietan ezarritako 30 arauetako bat).

GASTRONOMIA ZALEENTZAT

Bestalde, janaria maite dutenek bereziki gozatuko dute taberna eta jatetxeak arakatuz. Izkina bakoitzean, aukera gastronomiko erakargarriak aurkituko dituzte. Baina kontuan hartu behar da toki batzuetan tea badutela, baina ez garagardoa, eta alderantziz. Platerek, besteak beste, injera gozoak, arrain frijituak eta lekale gisatuek, ondo asebeteta utziko dituzte gastronomia zale guztiak.

La Edagan, zati berrian, bizitasun ekonomikoa hainbat jardueratan zabaltzen da. Dirua erraz mugitzen da, trukea egiten da eta merkataritza pil-pilean dago. Mugikorren dendak, filmen dendak, ziberkafetegiak, merkatuak, jostundegiak, okindegiak, findegiak eta futbol-zelaiak... eremu horrek hiri-bizitzaren eferbeszentzia irudikatzen du. Hori guztia askotariko amalgama etniko batekin nahasten da: saho, afar, arabiar, tigre, rashaida, tigrinya… Ohituta ez dagoena liluratzen duen nahasketa. Eta, gainera, La Edagan barrena gauez kalez kale ibiltzeak esperientzia bitxi bat dakar, mugikorren argiek baino argitzen ez dutena, maiz gertatzen diren energia-mozketek hiria ilundu egiten baitute.

Zorionez, ziberkafetegietan edo film-dendetan deskargatutako bideoetan aurkitzen dute entretenimendua herritarrek. Interneterako konexiorik ez dagoenez, ziberkafetegietara jotzen dute bertakoek, eta 15 nakfa ordainduta (euro baten baliokidea den eritrear txanpona), ordubetez nabigatu ahal izango duzu Eritreako Gobernuak baimendutako lekuetan.

Massawa zahar eta berriaren inguruetan paseatzen duenak urbanizazio txikiak aurkituko ditu, batzuk zementuzko hormekin landuak, eta beste batzuk, txabolen antzekoak. Han bizi da Hadya, 32 urteko emakume sahoa, erlijio islamikoa duen Eritreako etnia bateko kidea. Militar ohia da, bere adineko emakume gehienak bezala, zeintzuk armadara joan behar izan zuten.

Eta esperientzia hori guztia are ahaztezinagoa izango da bidaiak ilargi betearekin kointziditzen badu. Orduantxe konturatzen da norbera Massawak askatzen duen magia zein berezia den.