Haritz Larrañaga

Mexiko & surf: hiru leku, hiru aukera

Surfean aritzeko hiru leku gomendagarri daude Mexikon: Bata turistikoa da, Zicatela; bestea, berriz, ezaguna izan arren, ez da oso turistikoa, Barra de la Cruz; eta, azkenik, hirugarrena, Salina Cruz, gutxik ezagutzen dutena.

surf_mexico_portada_ONA
surf_mexico_portada_ONA

Zicatela Oaxacako estatuan dago. Puerto Escondido hiriko hondartzetako bat da. Olatua oso famatua da, jendeak Puerto Escondidoko olatuaz hitz egiten du, baina, berez, Zicatelakoa da; Mundakari Gernika deitzearen gisakoa litzateke. Beraz, nik benetako izena errespetatuko dut.

Hondartzak surfean aritzeko bi eremu nagusi ditu: erdialdean sortzen diren olatu indartsuak, batetik, eta hondartzaren amaieran arroketan altxatzen den ezker olatu lasaiagoa, bestetik.

Zicatelan turistifikazio masiboak eskatzen dituen azpiegitura guztiak aurki ditzakegu: hotelak, jantokiak, diskotekak, markako dendak, edozer gauza alokatzeko dendak, bisita gidatuak, mota guztietako ikastaroak, itsasoa eta natura esploratzeko irteera antolatuak eta abar. Diru pixka batekin edozer egin daiteke Zicatelan. Edozer. Hori bai, kontu handiz ibili beharra dago parrandan, gaua ez baita eguna bezalakoa, ez da turisten ergelkeriei irribarrez erantzuten jarraitzeko unea. Tekila eta mezkala dira nagusi.

Argazki eta erreportajeetan agertzen diren irudiak hondartzaren erdialdean ateratakoak izan ohi dira. Hossegor-en edo Portugaleko Supertubosen antzeko lekua da. Hondartzatik oso gertu lehertzen diren olatu indartsuak, olatua jaitsi bezain laster, tubora sartzeko beste betarik ematen ez duten horietakoak. Baina Zicatelako olatua indartsuagoa da, metro erdiko olatu ziztrin batek ere zabalera liluragarria hartzen du, gurean ikus ezin daitekeen zerbait da. Maila altua eskatzen du olatu honek, gauzak oso azkar eta ziurtasunez egin behar baitira.

Surflari askok ez dute txikotarik eramaten, zeren kolpe handia ematen duten olatuen tenkadak taula hautsi arazten du. Agian, ez da txikota hautsiko, baina kolpearen tenkadak taula bitan erraz zatitzen du. Gainera olatuak itsasbazterretik oso gertu lehertzen dira, beraz ez da aparteko ariketa kanpora taula bila atera beharra. Bestelako kontu bat dira korronteak, oso bortitzak dira eta kontu handiz ibili behar da guk nahi ez dugun lekura eraman ez gaitzan, barru aldera baino gehiago alboetara mugitzen duten korronteak izaten baitira.

Zicatelako olatua indartsuegia iruditzen bazaigu, «La Punta»-ra joan gintezke. Oinez joateko Zicatelako erdigunetik ordu erdira dago. Taxian ere joan daiteke. Taxi gehienek taulentzako parrilla dute, eta, bestela, lasai, maletategian eramango dute. «La punta»-ko olatua lasaiagoa da, ezker olatu nahiko luzea da eta edozein maniobra egiteko aukera ematen du, baina, norabide bakarreko olatua izaki, jende guztia urautsian (olatua altxatzen den lekuan) pilatzen da eta uhin bat harrapatzeko borrokatu beharra izaten da. Hala ere, ez da liskar handirik izaten eta orokorrean jendeak txandak errespetatzen ditu.

Barra de la Cruz

2006ko Rip Curl Search txapelketako irudiak ikustean liluratuta geratu nintzen. Hondoan area zuen leku basati batean, Mexikoko itsaso barean, kostaldeko auskalo zein lekutan, bazen izugarrizko kalitatea zuen olatu bat. Eskuin olatua, luzea, indartsua, zabala, tubo luzeak egiteko ezin hobea. Munduko txapelketa bertan egin zenez geroztik, ezezagun izateari utzi zion eta orduz geroztik jendez gainezka egongo zen leku bat izango zela pentsatu nuen.

Mexikora joan nintzen eta leku liluragarri hura aurkitu nuen. Ez nuen jende asko topatu; alderantziz, ni izan nintzenean, ez zegoen ia jenderik, soilik egun seinalatuetan bakarrik izaten omen da jende asko uretan. Jende asko ez izatearen arrazoia erraz ulertzen da behin hara iritsita. Olatutik gertuen dagoen herrixka Barra de la Cruz da, herrixka txiki eta komunitario bat, oinez, hondartzatik ordu erdi ingurura.

Menditik jaitsi ziren nekazari eta abeltzainek eraikitako herria da. Ur faltan zirela erabaki zuten menditik kostara jaistea eta ordutik gobernuburuen laguntzarik jaso ez dutenez, euren burua antolatzera behartuta, sistema komunitario bat jarri zuten martxan. Antolaketa berezia da gure begietara, komunitateko partaide den orok komunitateko lanetan parte hartu behar du. Norbaiten etxea eraiki behar bada, kaleak garbitu behar badira edo beste edozein lan egin behar bada, brigada edo lan taldeak osatzen dira. Txandaka bete beharreko ardurak ere badira: esate baterako, urtero izendatzen da polizia lanak bete beharko dituen gazte bat, soldaduskan bezala ezartzen zaio betebeharra, diziplina ikas dezan eta kargu horrek bete beharreko hutsuneak bete ditzan.

Barra de la Cruzeko biztanleak bisitariari ahalik eta erosotasun gehien eskaintzen saiatzen dira, baina ezintasunak handiak dira. Hala eta guztiz ere, ongi jan, edan eta lo egiteko lekua ziurtatua dago eta merke, gainera. Internet ere aurki dezakezu egun osoa tronpeta jotzen pasatzen duen gaztetxo baten etxean eta telefonoa ere aurki daiteke pare bat etxetan, nahiz eta askotan arazo teknikoengatik deiak egitea ezinezkoa izaten den.

Taularen bat edo beste ere alokatu ahal da, baina taulak konpontzeko bitartekorik ez daukate; horretarako materiala soilik Puerto Escondidon aurki daiteke. Bertako surflariek txikota ez erabiltzearen arrazoietako bat horixe da, hain zuzen ere: puskatuz gero ez daukate berri bat erosteko aukerarik eta, gainera, dirurik ere ez. Mexikon txikota apurtzea oso erraza da, olatuak oso indartsuak baitira. Itsaso zakarren aitzinean, ordea, Barra de la Cruz gustura eta lasai hamaka batean kulunkan egoteko lekua ere bada.

Salina Cruz

Mexikon zehar hegoalderantz bidaian jarraitzen dugu. Zicatelan hasi ginen, oporretan den bisitari batek behar dituen erosotasun guztiak asetzeko azpiegitura batekin, alokairuak, ura, jantokiak eta abar. Surfean aritzeko leku desberdin eta erosoekin. Hegoalderantz Barra de la Cruzera jaitsi ginen, pixkanaka bide lakarragoak aurkitu genituen eta azpiegiturak murritzagoak ziren.

Bide beretik jarraituz, hegoaldera bidaiatuaz Salina Cruzera iritsi gara. Hiri hau ez dago bisitariarentzat prestatua, hiri industrializatua da, zama-portu handi batekin eta berau inguratzen duten enpresa eta eraikinekin. Hiria itsusia da, ez da erraza lotarako leku bat aurkitzea, garraioari dagokionez ere arazoak anitzak dira, baina olatu bikainak aurki ditzakegun ingurune basati batetik gertuen aurki dezakegun herria da.

Kostaldeko hegian zehar hareazko lurmuturrak bistaratzen dira, bata bestearen atzetik; olatu luzeak eratzeko baldintza ezin hobeak ikus daitezke urrunetik. Eskuin olatu luzeak, batzuek besteak baino indartsuagoak, edozein ariketa egiteko aukera ematen duten olatuak, maila desberdinetakoak, ur beroa, eguzki goxoa eta jenderik ez... Zer gehiago behar du surflari batek? Arazo bakarra bertaratzea da.

Olatu hauek aurki ditzakegun lekuan hondartza eta oihana aurki ditzakegu, baina ezer gutxi gehiago; beraz, kanpatzeko tokia da. Hala ere, inguruko etxolaren batean bizi den jenderik ere bada, eta hauek ahal duten guztia egiten dute bisitariak dituen oinarrizko beharrak asetzeko (jan, edan eta lo). Onena aurrez olatuak egongo direla jakinda joatea da. Itsasaldi bat datorrela ziurtatuta, Salina Cruzera gertura gintezke; horretarako ez dago arazorik, Tapachulatik garraio publikoan, autobusez, bertaratzeko eskaintza nahiko zabala aurki baitezakegu.

Behin hor gaudela, olatuak dauden lekura gerturatzea zailagoa da. Agian norbaitek ontzi batean gertura zaitzake ongi ordaintzeko prest bazaude, edo oihanean zehar gurdiren batean eraman zaitzakete. Saiakerak egin daitezke dirua izanda, baina azken buruan bada aukera bat, alegia, oinez patxadan abiatzea. Txangoa gogorra izan daiteke, bertako klima eta inguruneak agintzen duen neurrian, baina behin lekura iritsita, olatu onak ziurtatuta daude.

Gainera, kokondo eta fruitudun landare ugari aurki dezakegu bertan, beti ere bertako jendearen aholkuei kasu egin behar zaiela kontuan izanda. Arrantza egiteko ere leku aproposa da, ez da arrain eskasiarik. Milaka karramarro ikus daitezke itsasertzean zulotxoetatik sartu eta atera, baina, kontuz, hauek ez dira jatekoak, horrelako leku batean osasun arazoren bat izatea oso arriskutsua izan daiteke, lehenik eta behin, hiritik urrun gaudelako eta, bigarrenik, gertuen dugun hirian ere ez daukagulako ziurtatuta behar dugun ezer aurki dezakegunik.