Ane Urkiri

Ny-Ålesund, Ikertzaileen Ipar Poloko herria

Oslo baino gertuago du Ipar poloa Ny-Ålesund herrixkak. Ikerketarako baliagarriak diren teknologia aurreratuko eraikinak dira nagusi bertan. Hein handi batean, ikerlariek biziberritu dute meatzariek fundatu eta, era berean, alde batera utzitako herri izoztua.

Zientzialarien «lantoki» bihurtu da Ny-Ålesund.
Zientzialarien «lantoki» bihurtu da Ny-Ålesund.

Bada populaziorik Ipar polotik gertuen dagoen herrian. Munduaren amaiera dirudi baina zientzialariek lur hartu zuten Ny-Ålesund herrixkan, Norvegiako Spitsbergen uhartean kokatua, Ipar polotik 1.231 kilometrora. Latitude altuenean (79° N) dagoen herri populatuena izatearen «saria» du, hain zuzen. Aurretiaz, baina, meatze industria zen nagusi. Industria hark zuen garrantziaz jabetzeko, 1916an meatzaritza konpainia batek fundatutako herria dela nabarmendu behar da. Hala ere, 1925ean Svalbardko itunaren ondorioz izen bereko artxipelagoa Norvegiaren eskuetan geratu zen.

1964az geroztik zientzialarien «lantoki» bihurtu da Ny-Ålesund. Lur guzti hura ustiatzea ahalbidetzen duen akordio batera heldu ziren Norvegia eta Espazioko Ikerketarako Europar Erakundea. Hori horrela, itun hura sinatu zuten herrialde guztiek baimena eskuratuko lukete bertan ikerketa propioa abiatzeko. Orain, hamar herrialde ezberdinetako hamaika ikerketa-postu daude eta Ipar polotik gertuen dagoen herrixkan ere nabaritu dute klima aldaketa eta honek dakarren berotegi-efektua.

Hamarkada bakoitzean 1,2 gradu zentigraduko igoera jasan du bertako tenperaturak eta urteak dira fiordoa (glaziarren inguruko ura) izozten ez dela. Awipew ikerketa estazioko teknikaria den Jürgen Graeser-ek adierazi duenez, bertatik oinez ibili ziren azken aldia 2003/2004ko neguan izan zen. Tenperaturan ez ezik, animalien egunerokotasunean ere badu efekturik klima aldaketak. Artikoan sekula ikusi gabeko arrainak baitaude orain. Atlantikoko bakailaoa, esaterako. Eta lehen hiru krill mota baldin bazeuden, orain bost era ezberdinetakoak aurkitu daitezke. «Dena den, inork ez du ziklo osoa hemen betetzen», dio Cornelia Buchholz itsas ekosistemako ikerlariak. Itsaslasterren aldaketaren eraginez izan daitekeela uste dute. Hala, baliteke beste lurralde batzuetan nabaritzea lehengo kantitatea gutxitu dela.

Animaliak gizakiak baino azkarragoak direla esan ohi da. Eta beste behin, egoeretara moldatzen ikasi eta trebeak direla erakutsi dute. Udaberri garaia aurreratzen bada, antzarek ere beraien migrazio sasoia hamabost egunez aurreratu dute. Horixe bera baieztatu du Maarten Loonen ornitologoak. Tenperaturen igoeraren poderioz glaziarrek izandako atzerakadaz ez jabetzea ezinezkoa da. Kronebeen glaziarra, esaterako, hiru urteren buruan kilometro bat mugitu zen.

Ezbeharrez beteriko historia

Ikerketarako leku aproposa izateaz gain, turistak erakartzeko gaitasuna dauka, jakin-minak eraginda edo. Urtean zehar 30-35 biztanle inguru bizi badira, udan 140raino iristen dira. Eskout taldeak ere jasotzen ditu herriak, lanerako prest agertzen direnak; eta urtean zehar Norvegiako ikasleak ere ikus daitezke beraien bekaldia betetzen. Azken urteetan, esaterako, 30.000 bisitari jaso ditu Norvegiako herrixka honek, Kings Bay webgunearen arabera. Kings Bay AS, hain zuzen ere, ahalik eta ikerketa azpiegitura onenak izatea ahalbidetzen duen elkartea da. Meatzaritza garaian sortutako elkartea da (1916an), orduan Kings Bay Kull Compani AS izenarekin ezaguna.

Duela ehun urte, ordea, 1916an abiatuta, meatzaren industrian buru-belarri aritu ziren bertara, espresuki, bidaiatutako langileak. Lanak jarraikortasuna eduki zuen Bigarren Mundu Gerra baino lehenago eta baita ondoren ere. Baina egoera txarrak tarteko, tragediaz beteriko historia gordetzen du. Esan daiteke, ezbeharrek markatu dutela oraingo egoera; bestela, oraindik meatze industria ustiatuko lukeen herria izan zitekeen. Nork daki? Hiru istripu larri gertatu ziren bost urteren buruan (1948tik 1952ra bitartean). 1963ra arte ez zuten ixteko behin betiko erabakirik hartu. Azkenean, 1961eko istripuan 21 langile hil eta politika arazoak zirela medio –inork ez zuen bere gain hartu nahi izan istripua– meatzari lotutako jarduera bukatutzat eman zuten.

Pyramiden, herri hila

Ny-Ålesund baino hegoalderago eta ekialderago, Longyearbyen hiriburutik gertu, herri huts bat aurkitu dezakegu. Hutsa baina aurretik bizimodua egon zela ziurtatzen duten hainbat zehaztasunekin. Spitsbergen uhartean bertan dagoen arren, suediarren lurra zen hasieran, eta 1927an hauek Sobiet Batasunari saldu zioten.

Komunismo garaian, 50eko hamarkadan, Arktikugol meategi enpresak ehunka langile bidali zituen bertara eta beraiek bakarrik egin behar izan zuten aurrera egoera haietan. Lurra aberatsa izanik ahalik eta gehien ustiatu zuten bizimodu egoki bat egiteko. Ikastola, ospitalea, kultura eraikina, zinema, gimnasioa... errusiar meatzariek eraiki zituzten.

Jada egunerokotasun jakin batera ohiturik, ikatzak etekin ekonomiko handirik ez zuela-eta Arktikugol enpresak ateak itxiko zituela jakin zuten. 24 orduan herria hutsik geratu zen. Hala, 1998ko abuztuaren 31n ez zen arimarik geratu. Baina orain, ostera, turistak erakartzen trebatu dira.

Hotela berrireki du errusiar batek eta 30 lagunentzako lekua dago. Hango tenperatura hotza dela-eta, martxotik irailera arte bakarrik irekitzen ditu ateak. Era berean, hilabete horietan herria erakusten duen gida bat dago.