Haritz Larrañaga

Jakob Kelly, munduko ehun errekatan surfean

Jakob Kelly Quinlan kanadarrak mundu osoko ehun errekatan egin du surf. Bere buruari ezarritako helburua betetzeko, leku ezkutuetako olatuak ere bilatu ditu eta denetariko errekak ezagutu ditu, ingurune tropikaletan, hotzetan, hirietan zein leku bakartietan.

Jakob Kelly Quinlan kanadiarra.
Jakob Kelly Quinlan kanadiarra.

Ez zuen minbiziaren kontrako edo beste edozein eritasunen kontrako kanpaina gisa abiarazi ehun errekatan surf egiteko egitasmoa. Ez zuen karitate ekintza moduan aurkeztu munduan zehar erreka eta ibai desberdinetan surf egiteko plana. Besterik gabe, buruan zuen zerbaiti forma ematen hasi zen, mozorrorik gabe, plazer hutsagatik, eta berak aitortzen duen moduan, «une batean erreka batean surf egiteko hartu nuen hegazkin batean ikusi nuen neure burua, zerua zeharkatzen, lurretik 10.000 metrora».

Calgary, Kanadako bosgarren hiririk handiena da eta Alberta probintziako hiriburua da. Bertakoa da Jakob Kelly Quinlan eta, leku hotzetako biztanle gehienak bezala, leku beroetan hasi zen surf egiten. Horrela, etxera itzultzen zenean surf egiteko gogoa baretzeko beste diziplina batzuetan saiatu zen, hala nola snowboardean, gondolan (SUP) eta antzeko beste kirol batzuetan, baina ezerk ez zuen asebetetzen. Buruan zuen gauza bakarra ahal zuenean kostaldera abiatu eta surf egitea zen.

Lehen bidaia, egitasmoa abian

Hasiera batean errekan surf egiten hasi zen, mailari eutsi eta hondartzara joaten zenerako prest egoteko, baina pixkanaka erreketako olatuekin geroz eta gehiago gozatzen hasi zen eta kostaldera joateko gogoa baretzen hasi zen. Gauzak horrela, 2015. urtean erreka batean surf egiteko hegazkin bat hartu zuen eta orduan konturatu zen hondartzetako surfak ordura arte bere bizitzan izan zuen lekua errekako surfak hartu zuela.

Ziur aski, erreka batean surf egiteko hegazkin bat hartu zuen lehen surflaria izango zen Quinlan. Ordura arte inork ez zuen hegazkin bat hartzen ibai batean surf egitera joateko, kostaldera bidaian joan bitartean etxetik gertu egiteko zerbait zen errekako surfa. Hau da, «egiazko surfa» hobetzeko bitarteko bat zen errekan surf egitea.

Hortaz, errekako surfa egiazko surfarekin aldera ezin den zerbait dela uste zuen garai hartan Jakob berak ere, baina lehen bidaia hark ikuspegia aldatu zion: «Lurretik 30.000 oinera, Kanadako zelai eta mendiak airetik ikustean irri egin nuen, banekielako olatu perfektua hartzera nindoala». Izan ere, errekako olatua, «olatu estatikoa » da. Itsaskiak edo klimak ez dio eragiten errekako olatuari, zutik mantentzen da, sakonera gutxiko hondoak mendian behera doan korrontearekin egiten duen talkari esker. Beraz, ez da uhin lerrorik itxaron behar eta ez da olatua hartzeko leku egokia bilatu behar, soilik mendean nola hartu ikasi behar da.

Besoen ordez hankak lantzen dira. Olatuaren magalean kokatu eta taularen azpian abiada bizian iragaten den urari esker olatu gainean irrist egin daiteke. Hori bai, surflari arrunt bat azkar nekatzen da olatu estatikoetan. Ohiturarik ez duenak bost minuturen ostean hankak dardarka ditu.

Munduan zehar

Surflari kanadarrak onartzen du munduan zehar hamaika proiektu garatu direla erreketako olatuen inguruan, eta horrela begiratuta ez duela zentzurik bidaiatzeak, baina berak bidaiatu nahi zuen, «ikasteko, bateko zein besteko olatuaren berezitasunak, eta orain, ikasi dudan guztia, pilatutako jakintza, mundu osoko komunitateetan olatuak sortzeko baliatu nahi dut. Ni bezala kostaldetik urrun bizi direnek ‘etxean’ surf egiteko aukera izan dezaten».

Bere buruari ezarritako helburua betetzeko, leku ezkutuetan zeuden olatuak ere bilatu nahi zituen eta horrela, denetariko errekak ezagutu ditu, ingurune tropikaletan, hotzetan, hirietan zein leku bakartietan. Kanadako Mendi Harritsuetako glaziarretatik hasi eta Alemaniako Munich ibaira, Afganistango erreka galduak zeharkatuz, Quinlanek eta haren lagun Walzek, surf egiteaz gain, hainbat kultura eta komunitate ezagutu eta lagun berriak egin zituzten, eta guztia ‘The Wave We Choose’ izeneko film laburrean bildu zuten.

Errekak vs igerilekuak

Quinlanek bere egitasmoarekin erakutsi nahi du «ozeanoak ez direla surf egiteko leku bakarrak, zeren sarri etxetik gertu olatu bat izan dezakegu». Ordea, erreka batean olatu bat sortzea hain erraza izanda, harridura adierazi du igerilekuetako olatu artifizialek duten arrakastarekin. «Zinez bitxia da ingurumenarekin sentsibilizatua beharko lukeen surf komunitatea igerilekuen alde ikustea, paisaia naturalak apurtuz eraikitzen diren surf parkeen arrakastak zeharo txunditzen nau».

Quinlan naturak eskaintzen duena baliatzearen aldekoa da; horregatik aztertu du eta sustatzen du erreketan olatuak altxatzeko teknika. «Igerilekuek ur kantitate handiak behar dituzte eta olatuak sortzeko itzelezko karbono isuria egin behar dute, kostarik gabeko eremuetan olatu artifizialak sortzeko aukera naturala erreketan dagoenean, oso kostu txikiarekin eta ingurumenari kalterik eragin gabe».

Mundu mailako olatu bat sortzeko lanean ari tu izan da surflari kanadarra, Calgaryn, eta erreketan olatuak sortzeko aholkularitza enpresa bat ere sortu zuen. «Helburua da erreka batean olatu bat altxarazi nahi duen edonori gauzak egoki egiteko baliabideak eskaintzea».