Lleida, azken kataroaren urratsak
Historia, erlijioa, botereen arteko talka, deserria eta jazarpena gogorarazten dituzten bidezidorrei jarraituz, Guillem Belibasta prefektuak, azken kataroak, egin zuen ibilbidea berregingo dugu. Lleidako lurretan barneratuko gara, Erdi Aroan, erlijio mugimendu honen berri jakiteko.
Lleidako lurretan barneratuko gara, Erdi Aroan, borborrean egon zen kataroen erlijio mugimenduaren berri jakiteko, Cati Moixero Parke Naturalean hasi eta Pirinioek Estatu frantseseko mugarekin tupust egiten duten lekuraino, Alt Pirinio natura parkeraino. XIV. mendeko gertakariak aitzakia hartuta, zazpi mende beranduago, ibilbideko herrietan bertakoen bizimodua ezagutzeko eta arkitektura zein paisaiaz gozatzeko aukera izango dugu.
Gosolen izango dugu abiapuntua, Cati Moixero Parke Naturalean, Pedraforca mendi harkaiztsuaren magalean dagoen harrizko herrian. Paisaia malkartsua da nagusi inguruan, kareharria eta pinu beltza basoetan. Mendian aspaldi eraikitako eta egun abandonatuta dauden landaketarako terrazak daude, nekazari izandako herriaren arrastoak. Garia eta zekalea ereiten ziren urteak gogoratzen dituzte oraindik herritarrek; urrunekoak zaizkie garaiak, egun turismoa dute diru iturri nagusi, paraje natural hauetako isiltasun eta lasaitasunaren bila etortzen baitira kalekumeak asteburuan eta udaran.
Picasso-ren geldialdia
Halaxe etorri zen 1906ko udan Pablo Picasso margolaria. Fernande Olivier adiskidea lagun zuela, Bartzelonatik Frantziarako bidean, Gosolen egin zuen geldialdia. Mendi artean gotorleku naturala zen parajean, “Gernika” margolanaren egilea izango zenak bertako patxada eta sosegua baliatu zituen margotzeko eta inspiratzeko.
Haren bizitzako pasarte horretaz harro daude gosoldarrak, eta bertako Picassoren Museoan, 44 mihise (kopiak) ikusgai daude: herriko etxeak, kubismoaren hastapena izan daitekeena; Cal Tampanda garai hartako herriko ostatu bakarreko nagusiaren erretratua, gerora erretratu haren trazak Picassok bere erretratu propioak egiteko baliatuko zituen; ogia saltzen zuen emakumea, Avignoneko damen zirriborroa izango zena... Museo xumea da, baina Malagako pintorearen bizitzan eta obran egonaldi hark nolako eragina izan zuen argi eta garbi azaltzen du erakusketak.
Ezin bisitatu gabe utzi Gosolgo gaztelu zaharra; eta mendirako amorratzen denak zain izango du Pedraforca (2.506 metro). Plazatik abiatzen da ibilbidea.
Azken kataroaren arrastoei jarraituz, Josa del Cadirako bideari ekin diogu. Gosoldik gertu dago herrixka. Pinu beltzak eta mendi garaiak ezker-eskuin ditugula, oinak Pirinioaurreko paraje hauetan pausaturik ditugun bitartean memoria historikoa lantzeko ariketa egingo dugu.
Katarismoa, puruen erlijioa
XI. mendera egingo dugu salto, Bulgarian sortu eta ibilbide komertzialen bidez, Frantziako Okzitanian errotu zen erlijio mugimendu hau ulertzeko. Erdi Aroan Eliza katolikoa eta botere feudala oparotasun eta aberastasunari lotuegirik zeudela ikusirik, korronte berri bat sortu zen, aszetismoa praktikatzen zuena. Teologia dualista zuten: mundu materiala Satani zegokion; eta, espirituala, berriz, Jainkoari. Kataro deitu zieten sinesmen horren jarraitzaileei. Etimologiari dagokionez, khatar hitzak grezieraz «purua» edo «garbia» esan nahi du, eta hortik deitura.
Sinesmen eta bizi filosofia hori indarra hartzen ari zela ikusirik, Elizak Frantziako erregeen laguntzarekin kataroen aurkako gurutzada hasi zuen XIII. mendean. Horrela, mugaz gaindi Katalunian babes hartu zuten kataro askok, Guillem Belibastak (1280-1321) esaterako. Inkisizioaren aginduz, Belibasta prefektua garai hartan atxilotu zuten Lleidako lurretan eta, liburuen arabera, Carcasonan Inkisizioak sutan erre zuen azken kataroa izan zen.
Aipatzen ditugun bitartean, ez dira ahaztuko
Tontor baten gainean dagoen herrigune txikia da Josa del Cadi, dozena bat etxe elizaren biran eta elizako kanpandorrea tente urrunetik ikusteko moduan. Bertako jauntxoak babesa eskaini zien kataroei, eta Lleidak doktrina honen jarraitzaileekin duen harreman horretan, gune garrantzitsua izan zen herrixka hori. Gaur egun, biztanle gutxi batzuk ditu, eta ezinbesteko parada izango da, ahuntz gazta ekoizten duten bordan atea kax-kax jo eta jaki goxoa dastatzeko. Merce Lagravak eta Raul Alcarazek Bartzelonako zarata atzean utzi eta Josa del Cadin dute bizilekua eta bizimodua. Serrat Gros izeneko ahuntz gazta bikaina ekoizten dute, eta ibilbidean jarraitzeko indarra emango digu.
Sugandila bezala sigi-sagakoa den errepideak Tuixent herrira garamatza. Pinu beltzeko paisaia lagun, mendi tartean 90 biztanleko herritxoa paisaian kamuflatua azalduko da. Txikia izan arren, bisita interesgarriak ditu; garai bateko ofizioen museoa, kasu, Museu de les Trementinaires museoa, XIX. mendean emakumeena zen ofizioaren berri ematen duena. Sendabelarrak eta pinuaren erretxina, trementina izenekoa –hortik ofizioaren izena–, bizkarrean hartu, eta transhumantzia bideetatik Katalunian barna itsasoraino (Bartzelonako porturaino) iristen ziren emakumeen historia biltzen du.
Gizaldiz gizaldiko ahoz ahoko tradizioan jaso zuten jakintza, sendabelarrei eta erremedio naturalei buruzkoa, eta etxeko ekonomiari sos batzuk gaineratzen zizkioten emazte hauek. 1982an egin zuten azken aldiz bide hau Sofia de Ossera eta Miquel senar-emazteek eta beraiekin amaitu zenofizioa. Emakume eta gizon hauen jakintza berreskuratzea du xede museo txiki baina interesgarri honek, eta sendabelarrei buruzko ikastaroak egiten dira.
Cadi Moixeroko Parke Naturalak ere interpretazio zentroa du herrian, eta lorategian bertako zuhaixka, sastraka eta landareak identifikatu daitezke. Tuixenteko isiltasuna zakur zaunkek eta ahuntzen zintzarri hotsek urratzen dute. Natura inguruneetako soinu banda lagun bertako kaleetan ibiltzea ere atsegina da, arkitektura tradizionala errespetatuz eraberritu dituzten etxeak ere inguruarekin sinbiosian daudelako. Dena bere lekuan dagoen sentsazioa sortzen du.
Seu de Urgell, eskualdeko hirigune nagusia, izango da hurrengo jomuga. Cadi Moixeroko tontorrak udaberrian oraindik zuriturik atzematen dira. Serge ibaiaren lautadan kokatutako hirigune hau abeltzaintzari oso loturik dago; bertako ekonomian esnearen industriak pisu handia du. Informazio bulegoan Gaztaren Museoa dago eta urrian Pirinioetan ekoizten den artisau gaztaren azoka garrantzitsua egiten da, Feria de Sant Ermengol izenekoa. Alde zaharra zaintzen, XII. mendeko Urgelleko Andre Mariaren katedral erromanikoa dago. Bere klaustroa bisitatzea merezi du.
Castellbo: Traizio eta tradizioa
Guillem Belibasta kataroaren urratsei segika, historiaren ibilbideak Castellbora garamatza. Guztiz aldatuko da paisaia, eta arte eta haritz baso artean egingo dugu Erdi Aroko herrixkarako bidea. Zubi eder batek lotzen du kasko baten gainean bere burua defendatzeko prest dagoen herria errepidearekin. Herriaren goialdean, gaztelua, eta Santa Maria elizako fatxada airosa-airosa. Castellboko Arnau bizkondeak kataroei babesa eman zien gazteluan, eta oraindik ere, herrian dagoen informazio panelak halaxe dio: «XIII. mendean Castellbon kataroei babesa eman ez zien etxerik ez da ezagutzen».
Azken prefektu kataroa, Guillem Belibasta, Castellbon atxilotu eta espetxeratu zuten, traizio baten ondorioz. Bizi-bizirik dago historiako pasarte hau herriko biztanleen artean eta abuztuan kataroen azoka antolatzen dute. Antzezpen bidez, Inkisizioak egindako sarraskiak gogora ekartzen dituzte, memoria historikoan bizirik iraun dezan gertatutakoak.
Azken kataroaren pausoak gogoan aurrera eginez, Alt Pirinio Parke Naturalera iritsi gara; mendi garaien eremua, burdina ustiatu zen lurraldera. Ferrerako haranean murgilduko gara, Viroseko basoa bisitatzea merezi baitu. Pago, izei, urki eta pinu baso hauetan, hainbat ibilbide egin daitezke, eta burdingintzaren ustiapenak zonalde honetan izan zuen garrantzia gogorarazten duten informazio guneak aurkituko ditugu. Udazkenean bisitari andana hurbiltzen da basoak sortzen dituen koloreen ikuskizunaz gozatzera. Neguan, aldiz, eski nordikoa edo erraketekin paseatzeko aukera ezin hobea eskaintzen du basoak.
Bagoaz pixkanaka, Lleidak Frantziako lurrak ukitzen dituen mugara. Areu da Ferrera haraneko azken herria. Arbel beltzezko teilatuz edertutako harrizko herrian, neguak gorri dira eta udaran udatiarrek puskatzen dute berezkoa den bakea. Bailaran gora eramango gaitu pistak, belazeetan behi sailak, kare-morterorik gabe eraikitako harrizko pareta dotoreetan banatutako belardietan. Erreka-zuloa ezkerrean utzi eta basoan gora ttipi-ttapa egin dugu, Boeteko lautadara iritsi artean. Parez pare Pirinioetako mendi elurtuak dotore, ur-jauzietatik datorren urak sigi-sagan doan erreka sortu du, udaberria eta ur-festa sinonimo dira toki pribilegiatu honetan.
Guillem Belibasta berak pauso hauek egin zituen; paraje eder hau, ordea, atarramentu txarreko gune bihurtu zen beretzat. Guk geuk, historia aldarazi nahiko bagenu bezala, ez dugu urrats gehiago emango Boeteko porturako norabidean, Carcasona helmugan. Gure imajinarioan, azken kataroa babespean utziko dugu-eta.