Testua eta argazkiak: Xabier Bañuelos

Austria eta Bavarian barrena, Mozarten urratsei segika

Mozart bidaiazale handia izan zen. Europan barrena ibili zen, ikasketengatik, plazeragatik, lanagatik. Hiri asko bisitatu zituen, baina guztien artean ibilbide bat nabarmentzen da, bereziki: musikagilearentzat enblematiko bihurtu ziren Bavariako eta Austriako hirien artekoa.

Mozarten arrastoak daude Austrian.
Mozarten arrastoak daude Austrian.

Batzuetan obra bakar batek justifikatzen du artista bat. Mozarten tamainako jeinu bati buruz hori esatea ia-ia barregarria ere bada, haren produkzioren handitasuna kontuan hartuta, baina ausartuko naiz esatera Requiema besterik konposatu izan ez balu ere, haren legatua askitzat jotzekoa zatekeela.

Musikari austriarraren bizitza laburra pentagramen segida bat izan zen, elkarren arteko lehian, zein baino zein gehiago hurreratu bikaintasunera. 18 urte zituenetik 35 urterekin hil zen arte, hau da, bere helduaroan, eguneko lau obra konposatzen zituen, eta horietako bat behintzat maisulantzat katalogatzeko modukoa. Zaila da, ordea, ‘Dies irae’-ko emozio eztanda entzutea gainerakoaz ahaztu gabe, eta egilea inspirazio iturritik edanez irudikatzen dut, bere buruan ur laster baten gisara jariatzen ziren notak idatziz: ‘Dies irae, dies illa / solvet saectum in favilla, / teste David cum Sibylla…’.

Mozartek ez zuen bere azken obra burutzea lortu. Gaixorik eta atsekabeturik hil zen berarentzat den-dena izan zen baina abandonatu egin zuen Viena hartan. Atzean geratu zen klasizismoari ateak parez pare zabaldu zizkion jeinu erraldoia. Beti izan zitzaion fidela, baina estilo pertsonal eta nahastezin batekin, hein handi batean, bere bidaien ondorio. Eta den-dena Salznach ibaiaren ertzean dagoen Austriako hiri batean hasi zen.

Salzburgon, Mozart-en arrastoak

Mozart 1756an jaio zen, hiriko gazteluaren, Hohensalzburgen, oinetan. Zehazki, Hagenauer etxeko hirugarren solairuan, Getreidegasseko 9an. Anna Maria Pertl eta Leopold Mozart ezkontideen etxea zen. Katedralean bataiatu zuten, Santino Solariren obra barrokoan.

Horma horien artean bizi izan zituen bere lehenengo urteak, harik eta 1773an sendi osoa Mozart egoitzara aldatu zen arte, Kapuzinenbergeko muinoaren pean, Makartplatzeko 8an. Eta hortxe bizi izan zen 1781ean behin betiko Vienara aldatu zen arte. Bi etxe horiek konpositoreari eskainitako museoak dira gaur egun.

Mozarten haurtzaroa eta nerabezaroa bidaien segida bat da, Nannerl arrebarekin batera kontzertuak ematen baitzituen han-hemen. Arrebaren iaiotasuna Amadeusenaren parekoa zen, baina zikiratua izan zen, emakumeentzat ezkontzea edo haurrak edukitzea beste paturik onartzen ez zen garai hartan. 17 urterekin, Mozart Jeronimo de Colloredo Salzburgoko apezpiku-printzearen zerbitzura sartu zen, gorteko musikari gisa.

Getreidegasseko ataritik ateratzen ikus dezakegu, hiriko alde zaharraren arimatik, bertako pasabide komertzialekin eta barrokoz jantzitako eraikinekin. Mirabel jauregian irudikatu dezakegu Marmolezko Areto arranditsuan kontzertuak ematen, baita Hellbrunn jauregiko lorategietako ur jokoetan bustitzen ere.

Are gehiago, bere aitaren hilarriaren parean ere ikus dezakegu, San Sebastian elizako klaustro-hilerrian, gerora bere emazte Konstantza ere hobiratuko zuten lekuan. Nannerl, bestalde, katakonba eta harkaitzean zulatutako kaperengatik ezaguna den San Pedro monasterioko hilerri gogoangarrian dago hobiratuta.  

Saint Gilgen

Mozarten amaren jaioterria Wolfgang aintziraren ondoan dago, mendiz inguratuta. Hiri xarmagarria da, bere pasaia ikusgarriarekin eta austriar estilo peto-petoko arkitektura alpinoarekin. Nannerl ere bertan bizi izan zen ezkondu ostean. Anna Maria Pertl jaio zen etxean Mozarti eskainitako museo txiki bat dago. Ezinbestean bisitatu beharrekoa da, baina ahaztu gabe ikuspegi sinesgaitzak zabaltzen direla Zwolferhorneko teleferikotik, Strobl eta St. Wolfgangerainoko paseotxoa egin daitekeela txalupan edo garagardo bat hartu Mozartplatz ederrean.  

«Viena hiri zoragarria da»

Viena kafea da, zinema, historia, sezesioa eta literatura, gotikoa, barrokoa eta gründerzeit, baina batez ere musika da. Euterpek txoko guztietatik egiten du kuku. Beethoven, Haydn, Strauss, Brahms... inguruka ditu baina haren bihotzetik Mozarten bizitasun gardena azaleratzen da. Antzoki bakoitzean, eliza bakoitzean, orkestrek, abesbatzek eta solistek haren kortxeak aletzen dituzte.

Mozart 1781ean iritsi zen Vienara. Bere aitari idatzitako eskutitz batean zera zioen: «Hiri zoragarria da, eta nire lanbiderako, munduko lekurik onena». Vienak askatasuna ekarri zuen ordura arte bere patroi izandakoaren zorroztasunean hesiturik gehiago jarraitu ezin zuen sortzailearentzat.

Harekikoak egin, eta bere kontura ekin zion bideari. Klasizismo musikalaren hedapen gune bat izan zen, bere testuren argitasunarekin, esaldien simetriarekin, tonalitate betearen kontsolidazioarekin eta forma musikal klasikoen ezarpenarekin. Halaxe iritsi zen Mozart behin betiko arrakastara eta konpositore gisa heldutasunera.

Oraindik zutik dirau 1784 eta 1787 bitartean bizileku izan zuen etxea, Domgasseko 5ean, San Esteban katedralaren atzean. Aro horretan izan zen zoriontsuena. Orduantxe idatzi zuen, besteak beste, 'Figaroren ezkontza'. Etxea berari eskainitako museoa da gaur egun. St. Marx hilerrian, zutabe hautsi alegoriko batek seinalatzen du lurperatu zuten tokia. Burggartenen, Neue Burg erraldoiaren atzealdean, lorez osatutako sol giltza handi batek gidatuko gaitu haren omenezko estatuara.

Graz, Innsbruck eta Linz

Austriako bigarren hiria da Graz, eta mozartzalea bokazioz. Opera jauregi zaharrean, 1766koan, salzburgoarraren obrei harrera bizia egin zieten. Gaur egun, Opernhaus modernoagoa, 1899koa, haren musikaz disfrutatzeko lekurik hoberenetakoa da. Gainera, bere monumentu ondare aberatsa ia-ia ukitu ere egin gabe kontserbatu duen Austriako hiri gutxietako bat da, II. Mundu Gerran ez baitzuen kalterik jasan.

Innsbruck, Ipar Tiroleko hiriburu panpoxa, Mozartentzat geltoki eta atsedenleku izan zen 13 urte zituela, aitarekin egindako bidaia batean, hain zuzen, Italia eta hango musika ezagutzeko bidaian. Innsbruckeko Weisses Kreuz hotelean hartu zuten ostatu, Goldenes Dachl (teilatu urrekara) eta Hofkirche eliza gotikoan dagoen Maximiliano I.aren zenotafio miresgarritik gertu.

Linzek bihotza erdibituta dauka. Bruckner maite du, bertako katedraleko organista eta konpositorea. Mozart ere maite du, ordea, hark berari eskaini baitzion Linz Sinfonia zoragarri eta haydntarra. Izan ere, Konstantzarekin Vienara itzultzen ari zela 1783ko urrian, Linzen geratzea erabaki zuten, Von Thun kondeak gonbidatuta.

Kondeak iradoki zion hirian kontzerturen bat eman zezakeela, eta musikariak, aldean inolako obrarik ez zeramanez, sinfonia berri bat idaztea erabaki zuen. Baita egin ere, lau egunetan. Eta bide batez, pianorako 'Linzeko sonatak' ere sortu zituen.

Mozarthaus etxe errenazentista da ostatu hartu zuen etxea, eta bertan konposatu zituen lanok, Altstadteko 17an.

Bavariatik

Mozarten obrak lotura estua du Munichekin. Bere bizitzan behin eta berriz agertzen den hiria da. Hainbat aldiz bidaiatu zuen bertara eta arrakasta entzutetsuak izan zituen bertan. 6 urte eskas zituela Maximiliano III.a printze hauteslearen aurrean jo zuen, Salzburgotik kanpo eman zuen lehen kontzertuan. Hark eskatuta konposatu zuen ‘Lorezain faltsua’ lana, hainbat urte geroago haren ondorengo Carl Theodorrentzat  ‘Idomenea, Kretako errege’ sortu zuen bezalaxe, bata zein bestea, hiriko inauterien harira.

Bata Opernhaus Sant Salvator (jada desagertua) operan estreinatu zen, eta bestea, aldiz, rokoko estiloko harribitxia den Cuvillies antzerkian. Munichek beti errespetatu eta estimatu izan zuen Mozart. Haren heriotzaren ostean ere antzezten zituzten haren obrak, ‘Don Giovanni’, 1791n, ‘Txirula magikoa’ 1793an... eta errenazimentu mozartarraren bultzatzaileetako bat izan zen XIX. mendearen amaieran, Ernst von Possart, Felix Mottl, Hermann Levi eta Richard Strauss musikarien eskutik.

Eta bere azken obra aipatu dugunez, ezin dugu proposamen honetatik kanpo utzi Ratisbona, Danubioren ertzeko hiri gotiko zoragarria. Bertan egin zituen masonerian lehen urratsak Emmanuel Schikanederrek, aktore, abeslari, antzerki zuzendari eta Mozarten lagun minak.

Mozart bera ere ba omen zen masoia. Schikanederrek idatzi zuen Papageno, Papagena eta Gaueko Erreginaren libretoa. Horrexegatik esan ohi dute mihi gaiztoek haren eskua erabakigarria izan zela opera eskuaira eta konpasaren diziplina horretan gida iniziatiko moduko bat izateko.