Bali, jainkoen uhartea arakatzen
Izena aditzearekin batera, paraje idilikoak datozkigu burura, harea zurizko hondartzen irudiak, tenplu exotikoak eta arroz soro tatxagabeak. Mundu osoko helburu turistiko ohituenetakoa bada ere, masa turismoak ezagutzen ez dituen interes puntu ugari ere badaude oraindik Balin.
Duela bost urte Indonesiara bidaiatu eta Balin lur hartu nuenean, ez nuen izan oso bihozkada ona. Aireportutik atera ahala, itolarria eragin zidan asfaltozko oihan hark, autoz eta motoz gainezka, hotelak nonahi. Bat-batean, gainean nuen herritar saldoa, ostatua, taxiak eta orotariko zerbitzuak eskainiz. Hura ez zen nik irudikatua nuen paradisu tropikala. Itxurak, ordea, ez dira inoiz izaten fidatzekoak. Hego-ekialdeko garapen urbanistiko neurrigabeaz harago, Balik eskaintza amaiezina du bere baitan presarik gabe arakatzeko prest dagoen bidaiariarentzat.
Indonesia artxipelago zabalaren erdialdean kokaturik, Java eta Lombok artean doi-doi jarria, Bali uharte txiki samarra da beste batzuekin alderatuta (5.636 km2). Halere, ekosistema ikaragarri anitzak ditu, erdialdeko eta iparraldeko eurioihan hezeetan hasi eta hegoaldeko muturreko sabana idorreraino. Iparraldea sumendi kate batek zeharkatzen du. Agung mendia da irlako tontor gorena (3.031 m), eta bera da mendirik sakratuena balitarrentzat.
Uharte osoa inguratzen duen mistizismo aurak ere erakarmen saihetsezina ematen dio bisitari askorentzat. Hinduismoa nagusitzen da balitarren artean. Erlijio hori K.a III. mende inguruan iritsi zen, eta lehengo animismoaren eta arbasoenganako kultuaren osagaiak bere biran bildu zituen, eta horrela osatuz joan zen gaur egun Baliko gizartea antolatzen duen sinesmen sistema konplexu eta berezia. Bertakoen ustez, uhartea organismo bizia da eta, hein horretan, babestu eta gurtu beharrekoa: haren baliabideak modu jasangarrian ustiatuz, eta haren eskuzabaltasunari esker ona agertuz erritu eta ekitaldi ezin ikusgarriagoak eskainita.
Taman Nasional Bali Barat
Nire bidaiaren abiapuntua uhartearen mutur batean dago, Bali mendebaldeko parke nazionalean (Taman Nasional Bali Barat). Uharte osoan babestutako natur erreserba bakarra da, 190 km2-ko azalera du, eta ugariak dira bertako habitatak, bereziki nabarmentzekoak sabana, mangladia, euri-oihan lehorra nahiz hezea eta koral uharriak. Bisitari gutxi izaten ditu parkeak eta, horregatik, leku aproposa da trekking egun bat egiteko ia-ia erabateko bakardadean. Erreserban hiru harrera puntu daude: Cekik, mendebaldean; Sumber Klampok, erdialdean; eta Labuang Lalang, ekialdean. Erdialdeko horretara jotzea erabaki dut, bisitariei harrera egiteko bulego txiki bat du-eta.
Bertako gidek hainbat zirkuitu eskaintzen dituzte, 2 edo 3 orduko ibilaldietatik 7 orduko trek bateraino, parkearen iparraldeko zatirik handiena zeharkatuz. Nire aukera hauxe izan da: Prapat Agung penintsulako mendialdean barrena lau orduko txangoa egin, Baliko itsasarteko hondartza ederretan amaitzeko. Berez, atzerriko bisitariek 12 euro inguruko (200.000 IDR) sarrera ordaindu behar dute, hautatutako zirkuituaren salneurriaz gain, baina, tratulari iaioak bezala tematuz gero, lor dezakegu azkenean hainbeste ez puztea prezioa. Behin ordaindu beharrkoa adostutakoan, bideari ekin diogu.
Landaretza oparoaz gain, mehatxaturiko zenbait espezietako animaliak ere badaude parkean, direla primateak (Macaca nigra), direla hegaztiak (Leucopsar rothschildi), eta, horiez gain, oreinak, basurdeak eta abar ikusteko aukera ere izaten, tartean muntiak, hau da, zerbidoen tarteko hausnarkari txiki eta bitxia (Muntiacus muntjak). Zorionekoa ni, zenbait makako beltz ikusteko aukera izan baitut, Baliko baso gehienetan bizi diren isats luzeko makakoak baino handiagoak eta ikusgarriagoak.
Hegazti bilduma paregabea
Prapat Agungeko hondartzetan hegazti bilduma bat bisitatzeko aukera dago, eta Leucopsar rothschildi espezieko zenbait ale daude bertan ikusgai. Txori txuri pertxentak burualdean marra urdin polita du eta oso ale gutxi bizi dira erabateko askatasunean, baina, zortea beste behin ere lagun izanda, baliteke horietakoren batekin ere topo egitea. Ibilaldia amaitu baino lehenxeago, Gilimanuk badiako hondartzetara iritsi gara eta bertako turkesa koloreko uretan murgildu naiz, ur lasterrek Javatik ekarritako zaborrak parajearen edertasuna pixkat zapuzten badu ere.
Nekatuta baina pozik, nire bideari lotu natzaio berriro, uharte erdialdeko mendietarantz. Geldialdi txiki bat egin dut Pemuteranen. Parke nazionaletik gertu dago herrixka hau, eta bertan urpekaritza zirkuituak kontratatu daitezke ondoko Menjangan uhartean aritzeko, edo, bestela, snorkelarekin une atsegina pasatu Biorock izeneko egitura berezietan. Hain zuzen, kontserbazio proiektu bat da Biorock, hainbat sari jaso dituena, itsas hondoan ainguratutako egitura metaliko batzuetan koralak «landatzen» baitituzte, besteak beste, zianuroa eta lehergailuak erabiltzen dituzten arrantza teknikek inguru horretako itsas faunan eragindako txikizioari buelta eman eta uharri berriak sortzeko. Uharri berri horiek itsas espezie asko erakartzen dituzte, eta merezi du, beraz, bidean geldialdi bat egin eta itsas eremu bare honetan urperatzea. Pemuteran, gainera, gaua emateko oso leku gomendagarria da, poltsiko guztietara moldatzen den ostatu eskaintza duelako.
Errepidera itzulita, mendialdean barneratzea erabaki dut, Baliko tenplu ezezagunenetako eta interesgarrienetako batera joateko. Batukaru mendi ikusgarriaren magalean dago, uharteko bigarren gailur handiena den horretan, eta, beraz, Baliko oihan itxi eta sarrienetako batean dago, kokaleku ezin hobean. Hasierako eraikuntza XI. mendekoa bada ere, zenbait aldiz berreraiki dute. Mahadeva jainko hinduari eskainia, balitar sinestunentzat erromesaldi lekua da, eta urtean behin mendi sakratu horretara igotzen dira airearen, uraren eta landareen jainkoaren bedeinkapena jasotzeko. Oskarbi denean, eta eguratsa garden, Batukaru mendi ohoragarriaren gailurra miresteko aukera ematen du.
Benetako balitar arimaren bila
Batukarutik ekialderantz kilometro gutxi batzuetara daude Jatiluwih-ko arroz soro entzutetsuak, Unescok munduko ondare izendatuak. Balin duela milaka urtetako teknikak erabiltzen dituzte landatzeko eta ureztatzeko, baliabideak modu jasangarrian erabiltze aldera eta uharteko nekazari guztien artean ura modu parekidean banatu ahal izateko bere garaian ezarri zuten gisara. Subak izeneko antzinako ureztatze sistema hori ingeniaritzaren mugarri bat da eta gaur egun ere horretaz baliatzen dira.
Gaurkoan, ordea, beste eremu batera joatea erabaki dut, Jatiluwihko arroz soroetan baino bisitari gutxiago izango delakoan. Penebal eskualdean baratze maila ugari daude, goxotasunez zaindutako arroz soroen segida ia amaiezina eratuz. Parajea, Batukaru mendia atzean dela, zoragarria da. Bidea oinez edo motozikletan egin behar da, ez dagoelako hara iristeko beste modurik, baina merezi du errepide nagusitik aldentzea eta bakardade ederrean bertokotasun peto-petoa darien paraje hauetaz gozatzea. Pixka bat iparralderago, Munduk izeneko herria uharteko ekoturismoaren erreferentzia nagusia da. Aire zabaleko era guztietako jarduerak antolatzen dituzte, trekkingak ur-jauzietara, raftinga ur lasterretan eta halako makina bat.
Inguru hau oso aproposa da, halaber, benetako balitar sukaldaritza dastatzeko. Aniztasun handiko gastronomia daukate, bertako produktu freskoak eta espezia ugari erabiltzen dituena, esaterako, jengibrea, kurkuma edo galangala. Baliko sukaldaritzaren izarra babi guling delakoa da: espeziaz eta belarrez beteriko txerria txingarretan erretzen uzten dute hainbat orduz, haragi samur baina azal kurruskari gustagarria lortu arte. Plar hau hainbat barazkirekin ateratzen dute eta, nonahiko sambal delakoarekin lagunduta; hau da, saltsa min bizia, pipermin, tipulatxa, baratxuri eta tomatez egina. Beste plater tipiko bat ayam betutu izenekoa da, espeziez eta belarrez beteriko oilaskoa, haragia samur eta zaporetsu izan arte gisatua. Oilaskoa ez da babi gulinga bezain astuna, eta barazkiz eta sambalarekin lagunduta mahairatzen dute hau ere.
Sumendi batera igo behar, nahitaez
Balira egindako bisita biribiltzeko, nahitaez sumendi batera igo behar da. Horretarako, aukerarik errazena Batur mendira jotzea da. Izen bereko aintziraren ondoan dago, uharte osoko paisaia bolkaniko txundigarrienetakoa osatuz. Kintamanin edo Ubuden zirkuitu bat kontratatzea da modurik onena; nork bere kasa egitea da beste aukera bat, ibilgailurik izanez gero. Nolanahi ere, kontuan hartzekoa da bertako giden elkarteak marketin taktika oso oldarkorra jarri duela abian, eta, hortaz, komeni da behar adinako patxada hartzea prezioa negoziatzen.
Igoera goizaldeko 3.30 aldera hasten da, eta ordu eta erdi ingurukoa da. Bidea malkartsua eta legartsua da eta, ondorioz, ez da harritzekoa noiz-behinka irrist egin edo oreka galtzea. Garrantzitsua da abrigatzeko jantziak eta buruko argia eramatea, eta mendirako oinetako egokiak, irristadak saihesteko.
Behin tontorrera iritsita, Baturrek ikuspegi zirraragarriak eskainiko dizkigu aintziraren eta inguruko gailurrak erakutsiz, bai Agung mendia, bai Rinjani bera, ondoko Lombok uharteko gailur ederra. Sumendiaren goialdean isats luzeko tximino bihurrien kolonia txiki bat dago, ibiltari arretagabeen janaria ziztu batean desagerrarazten trebeak.
Pura Ulun Danu Batur tenplua
Sumendikoak eginda, errepidera itzuli eta Kintamanin geldialdi txiki bat egin dut. Menditar herrixka berezi bat da, paraje zoragarri horretan, sumendiari eta aintzirari begira, eta bertan dago, halaber, Pura Ulun Danu Batur, Baliko bigarren tenplurik esanguratsuena. Merezi du horra ere bisitatxoa egitea.
Balira egin dudan abentura ez nuke fundamentuz osatuko mundu zabalean halako entzutea eman dioten hondartza horietakoren batera joan ezean. Turistarik gehienak Bukit penintsulan pilatzen dira, uhartearen hegoaldeko muturrean, baina, nire iritziz, Baliko hondartzarik ederrena Pantai Pasir Putih da, hondar zuriko eta ur ezin gardenagoko harribitxia. Bertakoak eta iturri onetik edandako turistak joaten dira, eta hain sarbide zaila izateak eta uharteko gune turistikoetatik aldenduta egoteak ia-ia hondartza birjina izatea ahalbidetu dute. Txiringito bakan batzuk baino ez daude hamaka alokatu eta bertako sukaldaritzako jakiak probatu nahi dituenarentzat.
Ondo merezitako bainua hartu aurretik, Bukit Asah Bugbug muinora igotzea ez da ideia txarra, handik hondartzaren eta inguruko itsaslabarren gaineko ikuspegi ederra zabaltzen baita. Osteratxo erraz eta atsegina da, eta benetan aproposa izerdi pixkat bota ondoren amaierako saria hobeto estimatzeko: itsasoko ur freskagarria.
Hondartzan tarte on bat eman ondoren, bideari lotu natzaio berriro, oraingoz azken geldialdia izango den horretara zuzenduz pausoak. Virgin Beachetik zortzi kilometro ipar-ekialdera Baliko jauregirik berezi eta bitxiena dago: Taman Ujung. Tirta Gangga edo uretako jauregiaren aldean, askoz ere ezezagunagoa da, baina Taman Ujung Karangasem errege familiaren egoitzetako bat izan zen bere garaian. 1919an eraikia eta garaiko gortesauen gozamenerako zenbait igerilekuz inguratua, jauregian balitar eta europar estiloetako zenbait eraikin biltzen dira.
Gaur egun ikusgai dugun eraikin multzo hori jatorrizkoaren berreraikuntza da; izan ere, Agung sumendiaren erupzioak erabat suntsitu zuen. Gaur egun bertako gazteen leku kuttunetakoa da footinga egiteko edo bertako belardi tatxagabeetan etzan eta denborapasan egoteko. Hemen, atzerriko turisten presentzia hutsaren hurrengoa da ia-ia.
Bali arakatuz egin ditudan ibilera hauen guztien ondoren, berritu egin zait uharte liluragarri eta kontraesanez bete honenganako pasioa. Etorkizunera begira agertzen zaizkion erronka garrantzitsuei buruz gogoeta egin dut: uraren eskasia, hondakinen kudeaketa edo kontrolik gabeko hirigintza garapenaren ondorioak. Arazo larriak dira, eta agintariek eta herritarrek erantzunak aurkitu beharko dituzte uhartea bere edertasunean zaindu nahi badute.
Modernitatearen presioaz harago, halere, Balik ondo gorde du bere eite tradizional, mistiko eta espirituala. Horregatik besterik ez bada ere, merezi du bertan barneratzea eta bertako paisaien edertasunaz eta herritarren adeitasunaz blaitzea. Beti izango da bat eta bakarra, eta horregatik harro esan dezaket Balin etxean nagoela.