NAIZ

Juan Ignacio Perez EHUko katedraduna hautatu dute Jakiundeko lehendakari

Jakiunde Zientzia, Arte eta Letren Akademiako lehendakari hautatu dute Juan Ignacio Perez Iglesias erakunde honen osoko bilkuran. Perez Iglesias Fisiologiako katedradun da eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedra zuzentzen du. 

Juan Ignacio Perez izango da Jakiunde Akademiako lehendakari berria. (EHU)
Juan Ignacio Perez izango da Jakiunde Akademiako lehendakari berria. (EHU)

Jakiunde Zientzia, Arte eta Letren Akademiako batzarrak zuzendaritza organoak berritu ditu ostiral honetan, eta Juan Ignacio Perez Iglesias Euskal Herriko Unibertsitateko katedraduna aukeratu du lehendakari, Jesus Mª Ugalde kimikari eta fisikaria ordekatuz. Mahaiko kideak ere hautatu ditu, eta talde horrek gidatuko du akademia datozen lau urteetan. Andres Arizkorreta, Isabel Arriortua, Iciar Astiasaran, Agustin Azkarate, Humberto Bustince, Teresa Catalan, Jose Luis de la Cuesta, Maria Jesus Esteban, Sonia Gaztambide, Helena Matute, Juan Jose Alvarez eta Jakeline Barker izango ditu alboan.

Akademiako arduradunek azaldu dutenez, 2007an eratu zenetik «erronka zientifiko, artistiko eta literarioen eta, oro har, gizartearen erronka handiei buruzko gogoeta, diagnostiko, analisi eta aholkularitzarako espazio gisa» finkatu da Jakiunde, eta, beraz, bete egin du «erreferentziazko foro» bihurtzeko helburua.

Jakiunde diziplina anitzeko 77 akademiko eta 24 kideko talde batek osatzen du gaur egun. Haien arlo profesionalean duten merezimendu eta bikaintasunagatik aukeratu dituzte kide guztiak, eta akademian elkarrekin lan egitearen aldeko apustua egin dute guztiek, etorkizuneko erronkei buruzko haien pertzepzioa eskaintzeko eta zientziak, arteak eta letrak gizartean sustatzeko. Arreta berezia jarriko zaio hurrengo belaunaldiak etorkizunari aurre egiteko ahalik eta prestakuntzarik onena izateari.

Lehendakari berria

Juan Ignacio Perez Biologian doktore, Fisiologiako katedradun eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendaria da. Irakaslea da unibertsitate bereko Zientzia eta Teknologia Fakultatean, eta Fisiologia irakasten du Biologia, Biokimika eta Biologia Molekularra eta Bioteknologia graduetan. EHUko errektore izan zen 2004ko maiatzetik 2009ko urtarrilera bitartean.

1999 eta 2014 bitarteko aldian EiTBko Administrazio Kontseiluko kide izan zen, EHU ordezkarituz. Lakuako Euskararen Aholku Batzordeko kide izan zen (2000-2002), eta Unibertsitateen Koordinaziorako Kontseiluko kide ere bai (2002-2004).