NAIZ

Itzultzaile automatikoen ikaskuntza iraunkorrerako sistemaren garapena abian da

Itzultzaile automatiko neuronalen ikaskuntza iraunkorrerako sistemaren garapena abian da dagoeneko. Egun eskura ditugun itzultzaile automatikoen adimen mailan jauzi kualitatibo bat ekarriko du. NAIZek proiektuan parte hartzen du, beste hainbat enpresarekin batera. 

‘Hazitek 2020’ programaren baitan diruz lagundutako ITAI proiektua (ZL-2020/00050) garapen fasean dago. Proiektu honen helburua itzultzaile automatiko neuronalen ikaskuntza iraunkorrerako sistema bat garatzea da. NAIZek egitasmo honetan parte hartzen du bere argitaratzailea den Tai Gabe Digitala enpresaren bitartez, beste zenbait enpresarekin batera: MondragonLingua, Emun, IAmetza, Mixer eta, euskal zientzia eta teknologia sareko kide modura, Vicomtech.

Proiektuko partaideek estrategikotzat jotzen dute bertan ezarritako helburuak erdiestea, euskararekin lotutako hizkuntza teknologietan beste jauzi kualitatibo bat emateko.

Azken urteotan itzulpen automatiko neuronaleko sistemak itzulpen automatikoaren paradigma berri bihurtu dira, bai maila zientifikoan bai komertzialean. Google, Microsoft, Systran eta sektoreko eragile nagusiek sare neuronaletan oinarritutako itzultzaileak plazaratu zituzten bere garaian, eta pixkanaka gero eta hizkuntza gehiagotara egokitzen ari dira euren eskaintza. Euskara eta pareko hizkuntza gutxituen kasuan, ordea, emaitzak ez dira hain onak izan orain arte. Zentzu honetan, aipagarria da Modela ikerketa proiektuan lortutako emaitzek eragindako jauzi kualitatiboa, Vicomtech eta Elhuyar-en eskutik garatua.

Itzultzaile automatikoen garapen teknologikoak aurrera egin arren, momentuz sistema estatiko bezala eskaintzen dira, hau da, momentu jakin batean jasotako eta prestatutako hizkuntza baliabideetan (adibidez aurretik egindako itzulpenak) oinarritzen dira. Horren ondorioz, sistema horiek ez dituzte kontuan hartzen sektoreko enpresek sortutako itzulpen berriak eta baliabide horiek ezinbestekoak dira eskainitako zerbitzuen etengabeko hobekuntzarako.

Erronka horri erantzuteko, ITAI proiektuko partaideek ekimen hau jarri zuten abian, 2019an, ‘Hazitek’ programaren bitartez, Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko Sailburuordetzatik jasotako laguntzari esker. 

Garatuko den sistemak sortutako hizkuntza baliabide berriak modu etengabe eta automatizatuan integratzeko aukera emango du. Ondorioz, egun eskura ditugun itzultzaile automatikoen adimen mailan jauzi kualitatiboa ekarri eta etengabe ikasi eta hobetzeko gaitasuna eskainiko du.