Urtebete bete da Berri Txarrak taldeak bere «etenaldi mugagabea» hasi zuenetik. 2018ko abenduan iragarri zuen bere 25 urteko ibilibideari agur esateko asmoa, eta hamabi hilabete geroago gauzatu zen geldialdia, Navarra Arena aretoan eskaini zituen bi kontzertu gogoangarrirekin. Hain zuzen ere, juxtu gaur duela urtebete eskaini zuen bi kontzertuetako lehena.
Navarra Arena aretoak berak data gogoratu du sare sozialetan, bideo batekin. Oroitarazi duenez, pabiloia bete zuen lehen taldea izan zen Lekunberrikoa, eta bi egunez gainera. 11.500 zaletu bildu ziren, eta beste asko sarrerarik gabe geratu ziren.
Hace un año @berritxarrak se despedía de los escenarios convirtiéndose en el primer grupo en llenar el pabellón con 11.500 asistentes y en repetir concierto.
— Navarra Arena I Nafarroa Arena (@navarrarena) November 23, 2020
Mila esker, Berri Txarrak por dos noches para el recuerdo: https://t.co/s08yytRHGF #ikusiartetour #BerriTxarrak pic.twitter.com/IYKVxNn2X5
Belaunaldi guztietako jendea bildu zen Iruñean Gorka Urbizu, David Gonzalez eta Galder Izagirreren azken emanaldiaz gozatu, hunkitu eta malko batzuk botatzeko, Izkander Fernandezek kronika honetan ederki jaso zuenez. Bigarren kontzertua ere ikusgarria izan zen, ia hiru orduko emanaldia eta taldeak 25 urteko ibilbidean izan dituen kide guztiak oholtza gainean zirela. Aitor Agirrezabalek kontatu zuen NAIZen.
Navarra Arenakoak Berri Txarraken azken kontzertuak izan ziren, baina taldeak agurra iragarri zuenetik urte osoa pasa zuen Ikusi Arte Tour birarekin. Gernikako Astran hasi zuen 2019ko otsailean, Estatu espainiarrera jo zuten ondoren eta Europa, Estatu Batuak eta Asian ere izan ziren. Uztailean historiarako geratuko den beste kontzertu bat eskaini zuen Kobetamendin, eta urrian kontzertu sorta gaztetxe, areto txiki eta ertainetan.
Horixe ba, ikusi arte.