Itsas dortokak: bidaia arriskutsua
Miraria da ia itsas dortoka olibakara heldutasunera iristea. Lehen borroka jaio aurretik libratu behar du, dortoka arrautzen inguruan sortutako kontrabandoa handia baita; bigarrena, behin uretan arrantza sare handietan ez erortzea lortu behar du.
Munduratuak izan orduko, ehunka dortoka ñimiñok hamarkadetan luzatuko den bidaia arriskutsua abiatzen dute Filipinetako hondartzetan. Itsas dortoka olibakara (Lepidochelys olivacea) artxipelagoan galzorian dauden bost espezietako bat da, besteak beste, filipinar askorentzat proteina iturri garrantzitsu izaten jarraitzen dutelako. «Orain dela ez denbora asko, dortoka arrautza guztiek platerean amaitzen zuten», dio Manolo Ibiasek.
63 urteko arrantzale eta nekazari hau gaztaroan dortoka arrautzekin egindako makina bat tortilla jandakoa da eta ume zela behin baino gehiagotan ikusi zuen nola harrapatzen zituzten dortokak Morongo hondartzan erruteko lehorreratzen zirenean. Beranduago, orain hamazazpi urte, animalia hauen defentsari heldu zion gogor, eta egun Pawikango Kontserbazio Zentroko zuzendaria da.
Ezagutzen diren zazpi itsas dortoka espezieak galbidean edo galtzeko arriskuan daude eta pertsonen jarduerak zeresan handia du horretan. Sareekin harrapatzen dituzten arraste-ontzi industrialak eta arrautzak jartzeko eremuak txikitzen dituzten kostako eraikinak dira, besteak beste, arrisku handienak. Itsas dortoken salmenta debekatua dago, baina haien haragia eta arrautzak elikagai iturri garrantzitsuak dira bertako arrantza eremu txiroetako herritarrentzat. Gainera, animalia hauek balio handikoak dira osasun arloan duten erabileragatik eta, halaber, erlijio zeremonietan eta moda artikuluetan baliatzen direlako.
Txinatarrentzat gutizia
Filipinetako Gobernua 1980an hasi zen espezie honen babesa sustatzen, Angelita Viloria, mehatxatutako espezien kudeaketarako gobernu ordezkariak gogorarazi duenez. 2001az geroztik Filipinetako legediak itsas dortoken trafikoa gogor zigortzen du. «Egonkorra den populazioa lortu nahi dugu, arriskuan ez egotea, alegia». Neurriak neurri, dortoka hauen kopurua murrizten doa hala ere, Romeo Trono, dortoken babeserako gobernu programaren arduradun ohiak nabarmendu duen moduan. Filipinetako herritarrek badakite ez dituztela dortokak ukitu behar, baina, haren esanetan, mehatxurik handiena Txinatik bertaratzen diren merkatariak dira. Euren barkuekin gerturatzen dira kostara eta ontziak betetzen dituzte kontrabandista filipinarrei erositako dortokekin.
Txinan dortokek irrika handia sortzen dute bere haragiagatik eta biztanle gehien duen herrialdearen garapenak eskaria handitu baino ez du egin azken urteetan. Harrapaketa horiek saihesteko zaintza lanetan tematzen dira, baina zaindu beharreko eremua handiegia da –babestutako 7.000 uharte daude– eta horretarako bideratutako bitartekoak, berriz, behar baino murritzagoak. Pawikan zentroan gogotik egin dute lana azken hilabeteetan. Urrian hasi eta bost hilabetez 200 bat dortoka, gehienak itsas dortoka olibakara motakoak, iristen dira Morong hondartzara errutera eta 19.000 arrautza pausatzen dituzte harea azpian berriz ere itsasorako bidea hartu aurretik –hegaztiek ez bezala narrastiek ez dituzte arrautzak berotzen; eguzkiaren berotasuna arduratzen da lan horretaz–.
Haiek inork harrapa ez ditzan, hamazazpi boluntario aritzen dira lanean lur azpian dauden ping-pong piloten tamainako arrautzak lurpetik atera eta zaintzapean duten inkubagailuan lurperatzeko. Era berean, zazpi kilometroko eremuan hara eta hona ibiltzen dira autoz herritarrek ezer uki ez dezaten.
Heldutasunera iristeko traba ugari
Jaiotzera iristen diren dortokek itsasora heldu eta bertan bizirautea lortzen badute, 80 urte igarotzen dituzte ur epeletan korronteen baitan batera eta bestera. Ez da erraza, ordea, adin horretara iristea; izan ere, hegazti eta arrainen erasoen eta pertsonen aktibitatearen eraginez, dortoken %1ek baino ez dute lortzen heldutasunera iristea. Morongo eremuan estatistikak are eta kaskarragoak dira; izan ere, arrautzak inkubagailura eraman behar izateak eragina du haien biziraupenean. Ez da hori zailtasun bakarra. Zentroak ez du diru publikorik jasotzen eta turismoa da irauteko duen modu bakarra; dortoken zaintzaileek ere probetxua atera behar diote.
Dortokak gauez jaiotzen dira eta segidan abiatzen dira itsasora –uraren argitasunak gidatu ohi ditu itsasorako bidean–. Turistak gogobetetzeko, ordea, jaio berriak bildu egiten dituzte eta ordutan edukitzen dituzte ontzi batzuetan, goizean turistek ikus ditzaten. 0,9 euroren truke, bisitariek eskuetan har dezakete dortoka txiki horietako bat eta argazkia atera. Behin sosak eskuratutakoan, zaintzaileek berriz ere askatzen dituzte, eta hor abiatzen dira dortoka kumeak itsasbazterra harrapatzeko helburuarekin.
Dortokak babesteko bideak asko dira, baina guztiak bakar batean laburbiltzen dira, Ibiasen iritziz: «Pobreziari egin behar zaio aurre; gainerakoan, trafikoa ekiditea guztiz ezinezkoa izango da».