Hainan uharteak, surflarien agendan
Ezker olatu luze eta ederra dago Txinako Hainan uharteetako Wanning irla zoragarrian. 2012an, mundu mailako surf txapelketa egin zuten lehen aldiz herrialdean eta, harrezkero, surflarien agendan toki berezia lortu zuten irlek.
Txinako Hainan uharteetan egin zuten, 2012an, herrialde horretan antolatutako mundu mailako lehen txapelketa. Besteak beste, ezker olatu luze eta eder bat dago Hainan uharteetako Wanning irla zoragarrian; bertako olatuak izugarri handiak ez izan arren, txapelketak iraun zuen bitartean ezker olatu horren potentziala agerian geratu zen. Horrez gain, bada beste datu aipagarri bat: ez zen txapelketa bakarra izan, bi baizik. Izan ere, bat ISAk antolatu zuen, eta, bestea, berriz, ASP erakundeak.
Txinako Herri Errepublika osatzen duten probintzietako bat da Hainan. Uharte ugarik osatzen dute probintzia, horietako handiena Hainandao delarik. Herrialdeko hiriburua ere bertan dago: Haikou.
Hainandao uharteak 34.000 kilometro koadro ditu eta zortzi milioi biztanle baino gehiago bizi dira bertan. Uharteak Belgikaren antzeko azalera du, pixka bat bat handiagoa bada ere. Bertakoek Vietnameko jendearekin antz handia dute; izan ere, Hainandao Vietnametik oso hurbil dago. Budismoa da erlijio nagusia, nahiz eta islama eta kristautasuna ere oso hedatuta dauden.
Hainan uharteetan Txinako gainontzeko lekuetan baino industria gutxiago dago. Mendi garaienak Wuzhi izena du eta 1.876 metroko altuera du. Kostaldea, berriz, tropikala da, palmondoak eta giro epela dira nagusi, eta uraren tenperatura ere altua da; beraz, bainujantzia jarrita surf egiteko leku aproposa da. Hainan uharteetako irletako bat da Wanning, eta bertan egin ziren aipatu mundu mailako bi surf txapelketak.
Riyue Bayko ezker olatu luzea
Txapelketa egin zenean, oraindik ongi ezagutzen ez zen lurraldea zen Txina surflarientzat, baina Wanning uharteak ospe handia hartu zuten oso denbora gutxian. Bertan daude olatu ezagunenak eta bertan dagoen Riyue Bayko ezker olatu luzea izan zen txapelketa egiteko hautatutako lekua. Ez da olatu handiak maiz izaten dituen lekua, itsaskiak nahiko urri izaten dira, baina olatuak dauden egunetan surf egiteko gune oso onak daude. Longboard egiteko edo hasi berrientzat ere leku ezin hobea da; izan ere, olatuek tamaina egokia izaten dute (ez dira oso handiak) eta giroak eroso surf egiteko baldintzak sortzen ditu.
Giroa eta Txinako kulturak uztartuz
Txapelketa oso berezia izan zen; norgehiagoko giroa eta Txinako kulturak dituen berezitasunak modu harrigarrian uztartu ziren. Beste berezitasunik ere izan zen, ordea, Txinako txapelketan; izan ere, ISA eta ASP erakundeek, elkarlanean, beste txapelketa bat antolatzeko egin beharrekoak egin zituzten eta helburua lortu zuten. Ondorioz, ASP zirkuituaren barruko lehen txapelketa egitea adostu zuten. ISAko txapelketa amaitu ostean, ASP zirkuituko WQS mailako txapelketa bat zen abian, lau izarrekoa, Hainan Clasic.
ISAko txapelketan, alegia, lehen txapelketan, olatuak onak izan ziren, metro bateko ezker olatu luzeak, baina bigarren txapelketan, ASPko zirkuituko txapelketan, olatuak hobeak izan ziren. Itsasoak gora egin zuen, olatuek bi metroko garaiera hartu zuten eta lehiakideek mota guztietako ariketak egin eta giroaz gozatzeko aukera izan zuten.
Dion Atkinson australiarra horrela mintzatu zen: «Pixkanaka geroz eta hobeagoak eta handiagoak ziren olatuak. Sinesgaitza zirudien, horrelako baldintza bikainak eta lau surflari bakarrik uretan; gainera, ordu erdiz. Olatua amaitzean itzulera oso luze egiten zen; ia ez nituen besoak sentitu ere egiten».