Hasi da lehen mailako nesken eta mutilen mundu mailako zirkuitua. Zentzu askotan guztiz berria eta berritzailea izango den zirkuituko lehen lehiaketak bururaino eramatea lortu da, eta denboraldi berrirako ateak parez pare ireki dira. Hala, lehen lehiaketaren ostean ohiko erritmoa hartu du WSL zirkuituak eta lehiakideak rankingean dagokien postuan kokatzen hasi dira.
Gauza asko gertatu dira denbora gutxian. Urte baten ostean lehen mailako lehiaketak hasi ziren, ezohiko formatuan, txapelketak eten behar izan ziren, marrazo eraso bategatik nesken kasuan eta covid-19agatik mutilenean; gero, bi kategorietako azken txandak Pipelinen egitea erabaki zuten WSLko arduradunek, eta azkenean, gorabehera guztien ostean, lehen bi irabazleak izendatuta, 2021eko WSL zirkuitua abian jarri zen. Tyler Wright eta John John Florence dira egun rankingeko buru.
Lehen txapelketek agerian utzi duten moduan, aurtengo zirkuitua osorik gauzatzea zaila izango da. Logistika arazoak izango dira, osasun neurriek erabat baldintzatuko dute txapelketen ohiko jarduna, baina Hawaiin lortu bada, gainerako herrialdeetan ere posible izan daiteke.
Aldiz, hainbeste aldaketa eta egokitzapenekin txapelketen perspektiba galdu dela dirudi; izan ere, lehiaketa ikuspegi zurrun batetik begiratuta, gertaera gogoangarriak ere izan dira, baina ia oharkabean pasatu dira.
Urrats historikoa
Neskak lehen aldiz Pipelinen lehiatu dira. Historikoa da. Surfaren historian urrats esanguratsua da; izan ere, Pipeline nesken eta mutilen mailak bereizten zituen marra gorria zen joan den astera arte. Alde batetik, neskak eurak, munduko urautsi arriskutsuenetako batean lehiatzeko beldur zirelako eta bestetik antolatzaileek ere neskek Pipeline mendean hartzeko duten gaitasuna zalantzan jartzen zutelako.
Pipeline Banzai urautsiari beldurra izatea normala da. Mutilen kategorian ere lehiakide ospetsu asko ikusi izan ditugu Pipelinen izututa; beraz, orain arte lehen mailako neskak Pipelinen ez lehiatzearen ardura nagusia antolatzaileena izan da.
Edonola ere, lehen aldiz neskak Pipelinen lehiatu dira eta oharkabean pasatu da. Erabakiaren berri azken unean eman zuten antolatzaileek, eta, itxura guztien arabera, testuinguruak baldintzatuta hartutako erabakia izan zen. Izan ere, marrazo eraso bategatik Mauiko lehiaketa bertan behera utzi ostean, txapelketa beste nonbait amaituko zutela iragarri zuten, baina kokapen berria zein izango zen azken unean jakinarazi zuten.
Gainera, nesken txapelketa amaitzeko falta ziren lau txandak mutilen lehiaketa amaitzeko behar zuten atsedenaldian txertatu zituzten. Hau da, mutilen lehiaketa lehenetsi zuten eta nesken txandak hutsunea betetzeko aitzakia ezin hobea ziren.
Medina atera beharrean
Iragarpen berezirik egin gabe, Pipelineko urautsian ziren lehen mailako neskak. Finalerdiak eta finalak egin zituzten, eta maila ona erakutsi zuten. Mutiletan bezala, lehiakideen artean bereizketa egiteko balio izan zuen Pipelineko txapelketak.
Tyler Wright gailendu zen. Talentua erakutsi zuen australiarrak baina, egiari zor, birak eginez irabazi zuen. Benetan Pipelinen lehiatzeko prestatuta dagoela erakutsi zuena Carissa Moor izan zen. Ez zuen lortu behar zuen olatua hartzea, baina finalerdietan egin zuen tuboarekin, eta finalean egin zituen saiakerekin, erakutsi zuen gainerako lehiakideak baino koska bat gorago dagoela olatu zail eta borobiletan tuboak egitean.
Bigarren postuan geratu zen arren, Carissa Moor-ek hartu zituen olatuak bere aurkariarenak baino handiagoak eta zailagoak ziren. Moorrek hamarrekoa bilatzen zuen, bazekielako ongi ezagutzen duen urautsian gainerako lehiakideek baino eskarmentu handiago duela. Ez zuen lortu, baina gertu ibili zen. Tyler Wright australiarrak olatu errazagoen aldeko apustua egin zuen eta, finean, tuboak egiten baino, birak egiten irabazi zuen. Lehiakide bakoitzaren ahulgune eta indarguneak agerian geratu ziren, baina orokorrean, neskek Pipelinen lehiatzeko prest daudela erakutsi zuten.
Mutilen zein nesken lehen mailako bigarren proba Sunseten izango da, Pipelinetik oso gertu dagoen eskuin olatu mitikoan, urtarrilaren 19 eta 28 artean. Aurten, 30 urteren ostean, lehen aldiz neskak eta mutilak Sunseten izango dira lehen mailako txapelketa bat jokatzen. Mutilen kategorian Sunsetekoa lehen mailako txapelketa izatea berrikuntza bat da, baina lehen ere txapelketa garrantzitsua zenez, lehen mailako lehiakideak Sunseten lehiatzen ikustea ez da nobedadea izango.
Nesken kategorian, ostera, Sunsetekoa txapelketa interesgarria izango da. WCT zirkuituan lehian ari diren lehiakide gehienek duten ahulgunea tuboak dituzten olatu indartsuak izaten dira, Pipelineko olatuen antzekoak. Aldiz, tubo gutxiago duten olatuetan surf egiteko oso prestatuak daude lehiakide guztiak, baita olatu handiak diren lekuetan ere. Ondorioz, lehia gogorra izango dela susma daiteke eta ikuskizuna ere bermatua izango da bi kategorietan.