Mikel Azpiroz piano-joleak «sosegua» aldarrikatu du ‘Islak’ diskoan

Entzulea introspekziora eta meditaziora daramaten piezak batu ditu Mikel Azpiroz piano-joleak ‘Islak’, bere bakarkako ibilbideko hirugarren diskoan. Lan berri honekin «sosegua aldarrikatu» nahi luke.

Mikel Azpirozen bakarkako hirugarren diskoa da ‘Islak’. (NAIZ)
Mikel Azpirozen bakarkako hirugarren diskoa da ‘Islak’. (NAIZ)

Mikel Azpiroz (Elkano Browning Cream) piano-jole donostiarraren bakarkako ibilbideko hirugarren diskoa da ‘Islak’, hitzaren zentzu bikoitza erabilita, «uharte»-aren eta «errainu»-aren ideiari lotzen zaion diskoa. Aurreko bi diskoen (‘Gaua’ eta ‘Zuri’) bide beretik, piano-jole donostiarrak pianoa soilik erabilita konposatu dituen bederatzi kantu biltzen ditu diskoak, 1978. urteko Steinway&Sons B ereduko itsas-piano batean interpretatu dituenak.

Mamusik zigilutik azaldu dutenez, Azpirozen obsesioa soinuaren kalitateak obraren emaitza osoan daukan garrantzia bermatzea da eta horrek eraman du grabazio teknikak ikertu eta hobetzera, berak kudeatu baititu teknika horiek lan honetan. «Lortutako emaitza hauxe da: entzuleari interpreteen ondoan eserita balego bezala iristen zaiola obra», ziurtatu dute. Hala, entzulea introspekziora eta meditaziora eramaten duten piezak bildu ditu, helburua zalapartaren aurrean «sosegua aldarrikatzea» dutenak.
Diskoa Donostian grabatu zuen Azpirozek, berak sortutako Mamusik estudioan. Izen bereko zigilua 2006. urtean sortu zuen konposatzaileak bere bakarkako lanak zein Elkano Browning Cream proiektuarekin burutzen dituenak argitaratzeko.

Azpiroz (Donostia, 1978) sei urterekin hasi zen pianoan trebatzen, baina musika klasikoko ikasketak laster bideratu zituen jazzaren eta bluesaren esparruetara. Egun, bakarkako eta Elkano Browning Creamekin duen ibilbidea hainbat kolaboraziorekin tartekatzen du. Besteren artean, The Waifs, Duncan Dhu, Travellin’ Brothers, Jabier Muguruza edota Elena Setienen diskoetan hartu du parte.

‘Islak’ diskoa dendetan eta plataforma digitaletan dago salgai. Informazio gehiago: Mikel Azpiroz webgunean.