Patagoniako galestarrak: Munduaren ertzean ere ahobizi
Urte asko igaro dira Galesko kolonoak Hego Amerikako muturreraino iritsi zirenetik. Dena dela, hizkuntza zeltak bizirik dirau milaka lagunen aho, belarri eta bihotzetan.
«Ameskeria hutsa» zela; halaxe esan zioten Jonathan Thomasi, Patagoniarantz bidaiatu aurretik. Baina galestar hizkuntzalariak ez zuen hiztun zeltak topatzeko itxaropena galdu. Trelew herrira iritsi bezain pronto, Thomasek mapa bat eskatu zuen bertako liburu dendan. Eta dendariak –tehueltxe etniakoa– galesez erantzun zion. Oxforden hazitako linguista dugu Thomas eta, normalean, bisitatzen dituen toki gehienen hizkuntza menderatzen du. Edonola, Panpako alaba horrengandik xehetasun guztiak bere ama hizkuntzan jasotzeak erabat ustekabean harrapatu zuen.
30 urte pasa dira dagoeneko, baina pasadizo horren oroimen oso bizia gordetzen du Thomasek oraindik. Tehueltxe haren gales «perfektuak» aho bete hortz utzi zuen, bai eta emakumearen diskurtso laburtuak ere: «Hizkuntza denon altxorra da, horregatik kontserbatu beharra dugu».
XIX. menderaino bidaiatu behar dugu munduaren muturreko galestarren misterioa argitzeko. Michael Jones predikatzaileak urteak zeramatzan «Gales kanpoko Gales txiki» batekin amesten. Bertan, bere hizkuntza zelta arazo eta beldurrik gabe erabiliko zen merkatuan eta kontseiluan, elizan nahiz kale biluzietan. Galesen ez omen zen horrela. Londresek zapalkuntza eta errepresioaren paradigma bilakatu zuen eskualde hura: ingeles lur jabe eta meatze enpresari handiak kontrolik gabe ari ziren zabaltzen, lekua apenas utziz bertakoentzat; ez udal eta kontseiluetan, ez elizetan, ez eta eskoletan ere. Galesa irakastea ez ezik, debekatuta zegoen bere erabilera xumea ere. Nekez kontzentra zitekeen “Welsh not” leloa zuen egurrari begira. Eskoletan, egurrezko pusketa hark eskuz esku bidaiatzen zuen, galesez azken hitza bota zutenen artean. Klase amaieran zure mahai gainean gelditzekotan, zaplazteko eta ipurdiko galanta jasoko zenuen jarraian. Stablishment-aren aburuz, «jendearen garapen moral eta ekonomikoaren oztopo hutsa» ei zen galesa.
Atzerriko hizkuntza batez bizi, pentsatu eta otoi egitera behartuta zeuden galestarrak, eta horrek sekulako sufrimendua eragiten zion Jonesi. Atzerrira begiratzen hasi eta zera deskubritu zuen apaizak: Estatu Batuetan, bertara iristen zen migratzaile uholde horretan disolbatzen zela hizkuntza, ingelesaren itsasoak irentsita. Isolatzea ezinbestekoa zen. Hasiera batean, Australia, Zeelanda Berria eta Palestina egoki ikusi zituen Jonesek, baina arazo handi batekin egin zuen topo: antipodetan nahiz Lur Santuan zaila zen oso ingelesaren eragina ekiditea. Halako batean, Argentinako Gobernua kolonoen bila zebilela entzun zuen. Hegoaldeko mortu huts eta erraldoi hartan jendea behar zen eta, ziotenez, Galesekin antza handia zuen Chubut ibaiaren ibar hark. Patagonian omen zegoen galestarren lur promestua.
Gezur bat
1865eko maiatzaren 28an, Patagoniarako lehen espedizio zeltak atzean utzi zuen Liverpooleko portua, “Mimosa” itsasontzian. Hamabi libera balio zituen txartelak, erdia umeentzat; huraxe prezioa Galesko meatze heze eta ilunak eta animaliarik gabeko etxaldeak atzean utzi ahal izateko. Itsasoan bi hilabete eta hainbat hildako pairatu ondoren, bizirik iraun zuten 153 galestarrek kubiertara jo zuten lurra ikusteko. Hugh Hughes izan zen mundu berria zapaltzen lehena, hego hemisferioko negu bete-betean, pinguino, orka eta itsas lehoien begiradapean. Lehenbiziko desagertua Dafydd Williams izan zen, eta urteak igaro ziren Aberystwytheko zapatagin haren gorpua aurkitu arte. Kostaldean apenas zegoen urik, eta kolonoek barrualderantz jotzea erabaki zuten. Lur promestuan jaiotako lehen galestarrak Maria Humphreys zuen izena; ordurako, denak gauza batez jabetuak ziren: Galesekin “antz handia” zuen eskualdea basamortu hotz eta idorra besterik ez zen. Gainera, haizeak gogor eta etenik gabe jotzen zuen.
Kolonoen exodo oro, edonon dela ere, gezur batean sustraitu ohi da. Groenlandia «berdea» omen zen, eta «mahasti erraldoi bat» Labradorko kostaldea (Vinland). Baina jakina da ezin dela Pont Neuf zubia gurutzatu Texasko Parisen, Sena ibaia ez baita handik inoiz igaro. Patagoniako bazter hartan, hildakoekin ordaintzen da iruzurra. Bizirik zeudenak kanabera eta adobezko etxeetan babesten ziren. Biltegi bat eliza bilaka zitekeen igandeetan, eta huraxe zen, halaber, “Cyngor y Wladfa” batzarra biltzeko tokia. Koloniaren kontseilu gorena zen. Biziraupena, alabaina, bertako indigenei zor diete, hein handi batean. Indiarrek ogia eta Cardiffeko oihal lirainak deskubritu zituzten; zeltek, ordea, bertako animalia basatiak ehizatzeko modua. Edonola ere, ur eskasia zen, zalantzarik gabe, oztopo larriena. Iristen zen gutxietan uholde gisa izaten zen, eta isuri bortitzak dena txikitzen zuen. Richard Jenkinsek bi urte zituen bere gurasoek ura bideratzeko sistema bat asmatu zutenean. Richarden hereniloba den Noelia Jenkinsek hori dena kontatu digu: «Ura kudeatzea funtsezkoa izan zen koloniaren biziraupenerako, bai eta tehueltxe nahiz maputxeekin harreman estu horiek ere. «‘Basamortuko anaiak’ ezizenez ezagutzen zituzten galestarrak bertakoek; espainiar kolonoak, aldiz, ‘kristauak’ baino ez ziren», azaldu digu Noeliak. Irakasle ikasketak egiten dabilen 28 urteko emakumea Esquel herrian bizi da, baina gero itzuliko gara harengana. XIX. mendeko kapitulu hura itxi behar dugu.
«Wladfa»-ren bilakaera
Gehienbat klimaren gorabeherekin lotutako tragedia kate batek kolonia zatikatu zuen. Batzuek gelditzea erabaki zuten; beste batzuek nahiago izan zuten lur hobeak bilatu, eskualde berean edo beste herrialde batean, Kanadara joateko gonbita onartu zutenak tartean. Beste batzuek Galesera bueltatzea erabaki zuten 1902an, Michael Jones bere Llanuwchllyn herrian hil eta lau urte geroago. Ordurako, “Gales txikian” ur kanal eta errotak zeuden, eta bertako eskola nahiz kaperetan galesa zen nagusi.
Lehen Mundu Gerrak exodo berri bat eragin zuen Europatik eta, ustekabean, galestarrak gutxiengo bilakatu ziren beren lur promestu hartan. 1965era arte itxaron behar izan zen kolonia berriz hauspotzeko: “Wladfa”-ren ehungarren urteurrenean, talde bat iritsi zen Chubutera Galestik, bisitan. Ordutik ez da eten bisitarien kopurua ibar horietan: pioneroen omenezko oroigarriak ugaldu dira, eta horiek baino askoz garrantzitsuagoak diren gales irakasleak, Galesen bertan ikasteko bekak... Kapitulu triste bati ere erreparatu nahi diogu: Malvinetako Gerra (1982) izan da inoizko bakarra non gales hiztunak bi bandoetan egon diren. Chubuteko Milton Rhys 19 urte zituela bidali zuten frontera, irrati operadore eta ingeles itzultzaile. Onik atera zen, baina ez, ordea, Patagoniako galestarra ere zen Ricardo Andres Austin. Esquelekoa zen azken hori, Noelia Jenkinsen herrikoa. Neskaren kontaktua Carlos Hughes kazetari eta idazleak pasatu zigun. Haren birraitona, Daniel Harris, “Mimosa” ontzian iritsi zen. Pioneroen izen horiek guztiak aski ezagunak dira Trelew, Esquel eta Gaiman herrietan. Haietan, tea eta matea ia aldi berean edaten da, eta makina bat abesbatza lehiaketatan parte hartzen dute bertakoek. Haien arbasoak txiroegiak ziren musika instrumentu batekin amets egiteko. Eta gehiago ere badago: “Eisteddfod” literatura lehiaketa galesez eta gaztelaniaz egiten da urtero, eta aspalditik. Hori gutxi ez, eta Patagonia osoko kultur gertakizun handiena ere bilakatu da denboraren poderioz. Eta ezin ahaztu bailara osoan sortutako eskolak. Hizkuntza ia galdutzat eman zen urte askoz baina, egun, berpizte prozesu bete-betean dago. Carlosek halaxe kontatu digu: «2015ean ospatu genuen lurreratzearen 150. urteurrena eta huraxe izan zen, hain zuzen, azken urteotako inflexio puntua. Geroztik makina bat ekitaldi gauzatu dira, bai eta material asko argitaratu ere. Carlosek berak ere “El último tren a la colonia” (Remitente Patagonia, 2015) idatzi zuen, epopeia hartako protagonista askoren ahotsak biltzen dituena. Noeliaren herenaitona hiru seme-alabetatik bizirik atera zen bakarra izan zen, izugarria izan baitzen gosetea. Haren iloba, aldiz, osasuntsu hazi zen guanako haragi eta arto opilei esker. Sabela beteta, baina, ez zuen uxatu bere arbasoek ekarritako estigma.
«Galenso come quaker» (“galestarrak oloa jaten du”), egiten zioten burla eskolan. Eta horrexegatik utzi zion hizkuntza hitz egiteari», diosku Noeliak. Hasieran kutsu peioratiboa izan arren, galenso (edo galense) hitza atxiki dute Patagoniako galestarrek. Noelia, alabaina, ez zen horrekin konformatu eta aitonak galdutako hizkuntza berreskuratzea erabaki zuen. Urte ugari eman zituen ikasten eta beka batek Galeseraino eraman zuen, 2017ko udan.
«Hemen ez bezala, han jende guztiak dauka gure berri: guztiek dakite galesak hiru aldaera dituela: iparraldekoa, hegoaldekoa eta Patagoniakoa», dio Noeliak. 2015. urteko azken erroldak 5.000 hiztun erregistratu zituen Argentina hegoaldeko mutur hartan. Ez da makala.
«Eta zertarako balio du?»
Bretoierarekin eta Irlanda eta Eskoziako gaelikoarekin batera, galesa dugu egundaino bizirik iraun duen hizkuntza zeltetako bat. Gogoratu beharra dago erromatarrak edo tribu germanikoak irletara iritsi baino askoz lehenagotik hitz egiten dela. Britainiar gehienek ez dakite Dover bezalako toponimo batek galesaren Dwr hitzean (“ura”) duela jatorria, edo Dad bera (“aita”) Tad hitzaren mutazioa baino ez dela. Batetik hamarrera zenbatzea ez da zaila galesez, baina dena biziki konplikatzen da pymtheg (15) erreferentzia bilakatzen denean: hamasei (15+1); hamazazpi (15+2)… Ugain (20) dugu hurrengo marka. Euskaraz bezala, hogeita hamar 20+10 izango da, eta biderketa erabiliko da berrogeitik (20x20) aurrera.
Zenbaki “zoroez” gain, bokalen ustezko eskasia da galesaren beste nortasun adierazleetako bat. Ez gara tywyllwch (“iluntasuna”) ahoskatzen ausartzen, baina norbaitek esan digu y eta w hizkiak bokalak direla galestar baten ahoan. Patagoniako aldaerari buruz, Jonathan Thomasek –hasieran aipatu dugun ikerlaria– dio gaztelaniatik nahiz bertako hizkuntza indigenetatik hartutako mailegu asko daudela. «Iritsi bezain pronto, pentsatu nuen Hego Amerika zela galestarra izateko munduko tokirik onena. Patagoniatik kanpo ere, galenso edo gringo izatea oso gauza desberdinak dira», bota du filologoak. Segundo bat beranduago, bere buruak Eluned Morgan deskubritu zueneko uneraino bidaiatu du. Kolono fundatzaileen alaba zenak XIX. mendeko galesez egindako prosarik onena idatzi omen zuen.
«Indarrez beteriko emakumea zen, abenturazale amorratua, beti bere zaldi gainean han-hemenka, Panpan zehar. Eluned benetako ‘Wladfa’-ren alaba zen», dio Thomasek. Egun batean, bere aitak Galesera bidaltzea erabaki zuen, bere arbasoen lurra ezagut zezan. Morgan gaztelaniaz eta galesez mintzo zen, baina ez ingelesez. Hori dela eta, Winnie Ellis –galestar politikari abertzale ezagun baten arreba– izan zuen itzultzaile bisita hartan.
«Sekulako karisma zuen eta begirada guztiak erakartzen zituzten bere azal eta begi ilunek. Haietako egun batean, “Welsh Not”-en aurkako martxa baten buruan jarri zen. Tentsio handia sortu zuen, eta Michael Jonesek berak bertaratu behar izan zuen protesta modurik txarrenean bukatu ez zedin», idatzi zuen Ellisek bere egunerokoan.
Bernardo Atxagak gogoratzen digunez, errepikapenaren indar hutsak mugiarazten ditu hizkuntzen gurpilak. Hiztunen kopuruak eragina du, jakina, bai eta momentuko indar politiko nahiz ekonomikoek. “Welsh Not” erakoek motorraren errepetizioak gutxitu nahi dituzte, eta makineria itotzen hasten denean entzuten dira honelako mantrak: «Zertarako balio du?». Badirudi hiltzear dagoenak molestatzen gaituela, eta lehenbailehen desagertzea nahi dugula.
Zertarako balio du galesak? Eta galegoak, maputxerak edota balutxerak? Denbora galtze hutsa da horrelakoei erantzuna bilatzea. Ez dago hizkuntza handirik edo txikirik: errepikapen kontu hutsa baino ez da. Izan ere, Indiako teluguera edo maratiera hizkuntzek frantsesak nahiz italierak baino hiztun gehiago dauzkate, Parisen edo Erroman haien berri ez badute ere. Ez dezagun ahatz hizkuntza dela giza arrazaren lorpen handienetako bat. Akaso ez al gaitu horrek gainontzeko espezietatik bereizten?
«Zertarako balio du galesak?», jarraitzen dute galdetzen batzuek. Bada, jakin dezatela bizirik eta osasuntsu dagoela oraindik iparraldean. Munduko ibar idorrenetako bat landatzeko ere balio izan zuen, bai eta maitatu, kantatu, negar edo barre egiteko bertan. Beste edozein hizkuntza bezala.