Ocean Art Underwater Photo Contest: urpeko munduaren argazki onenak
Orain bi urte mundu osoko uretan ateratako argazki onenak biltzen dira erreportaje honetan. Hala erabaki zuen Ocean Photography Guide Association-ek antolatutako Ocean Art Underwater Photo Contest lehiaketa ospetsuak.
Ocean Photography Guide Association-ek antolatutako Ocean Art Underwater Photo Contest lehiaketa ospetsuak 2018an mundu osoko uretan ateratako argazki onenak hautatu zituen. Adituen esanetan, maila bikaina izan zen, bai parte-hartzaileen aldetik eta baita eskaini duten kalitateagatik ere.
Epaimahaia ere lehen lerroko adituek osatu zuten: Tony Wu, Martin Edge eta Marty Snyderman urpeko argazkilari ospetsuak eta, beraiekin batera, Scott Gietler urpeko argazkigintzako zuzendaria. 70 herrialdetako lanen artean, beheko irudia suertatu zen irabazle, Duncan Murrell-ek sinatutako balletarena. Aparteko irudiz osatutako mosaiko honek arrainen eta itsas hondoko bizimoduaren plano harrigarriak ekartzen dizkigu.
Filipinetako Honda Bay-n hartutako argazki honek lortu du 2018ko lehiaketaren sari nagusia, eta munduko urpeko irudi onena izendatu dute. Manta-arraiak dira, «Mobula japonica» espezieko bi ar emea gorteatzen. Halakoetan egiten duten dantza oso gutxitan ikusi ahal izan da.
Indiako Ozeanoan dago Reunion uhartea, sardako balea edo euskal baleak erditzera joaten diren tokia. Ama, hondoan, 15 metrora dago; gorago, kumea gizakiarekin jolasten.
Nahasgarria da, zerua eta lurra bereiztea iruditu baitzaigu, baina urpeko argazkia da lerroon gainekoa, Indonesiako mangladian hartua, Raja Ampat izeneko gunean. Koral gorria mangladiko sustraietan ainguratuta dago.
«Favorinus pacificus» izena du molusku honek. barearen antzekoa da, nahiz eta itsasoan bizi. Hiru eta lau errenkada arrautza jartzen dituzte irudi eder hori sortuz.
Australiako uretan, hiru itsas zaldi txikik gorteatze dantza luzeari ekin diote. Sinkronian dantzan, bata bestearen inguruan biraka ari dira eta, azkenean, emeak arraren poltsan utziko ditu arrautzak, bertan ernaltzeko. Dantzaren mugimenduetan laguntzeko, itsas hondoko belar eta sasitzari heltzen diote.
Enope txibia. Jaioberritan txikiegiak omen dira erretratatzeko, baina heldu bihurtzen direnean –kasu honetan bezala–, organo bakoitza xehetasunez ikusteak txundituta uzten gaitu.
Marmoka mota bat, gauez egindako argazkian. Taiwaneko mendebaldean hartutako argazkia da. Atzeko zuziak dantzaren koreografiak behar zuen argi-jokoa eman zion.