Testua eta argazkiak: Xabier Bañuelos

Arcachon: hiria eta badia

Arcachon, ezinbestean, Pilateko dunarekin lotuta dago; Europako handiena da, paisaia zoragarria. Baina badiari izena ematen dion hiri txiki eta dotoretik Cap Ferret ederreraino, bere ostra-herrietatik eta erreserba ornitologikoetatik pasatuta, Arcachonek asko du ibiltzeko eta aurkitzeko.

Arcachon Pilateko dunarekin lotuta dago, ezinbestean (GETTY IMAGES)
Arcachon Pilateko dunarekin lotuta dago, ezinbestean (GETTY IMAGES)

Frantziak enperadorea zuen 1857an. Napoleonen artean hirugarrena zen eta III. Errepublikaren aurretiko errege galiarretako azkena. Urte hartan dekretatu zuen Arcachon komuna bat izango zela; horrek esan nahi zuen izaera juridiko eta lurralde-izaera izango zuela, bere mairie edo alkatearekin eta udal kontseiluarekin. Hamarkada askoko nahia zen hura. Bordeletik hurbil, arrantzale herrixka txiki hura uda garaiko leku erakargarri bihurtu zen XIX. mendearen lehen erdian. Ez zen kontu hutsala, lege-izaera berri horrek bere baliabideak gobernatu eta kudeatzeko gaitasun handiagoa ematen baitzion.

Azken bultzada Bonapartek berak eman zion, 1863an oporrak bertan igarotzea erabaki zuenean. Lehendik ere noblezia eta burgesia erakartzen hasia zegoen, baina enperadorearen presentzia gakoa izan zen, bainuetxeak modan jarri ziren garai hartan. Arcachonek, marea dantzariak nagusi diren badia baten hegoaldeko muturrean, bizitza berri bati ekin zion, paseatzaile dirudunen, izen entzutetsuen, arkitektura sotilen eta erakusleihoetako nostalgia artean. Kostaldeko paisaia eder horren erdian ondo eusten dio bizitza horri, gorabeherak eta loriak eta gainbeherak izan arren.

Ingurune natural paregabea

Duna handitik Cap Ferret-era Arcachonen erakargarritasun handienetako bat bere ingurune naturala da, olatuen urdina, hondarraren urre kolorea eta basoaren berdea nagusi direla. Euskal lurraldeetatik iparraldera, Frantziako hego-mendebaldeko kostaldeak bisturiarekin moztua dirudi. Bertan, Côte d’Argent-en, Landek Bizkaiko Golkoarekin topo egiten dute Girondan barneratzen den hareatza amaigabean. Zerrenda estu horrek bereizten ditu Atlantikoa eta itsas pinu plantazio neurrigabeak nagusi diren lautada kontinentala. Mendebaldeko Europako baso zabalena osatzen dute Ponte de Graven hil arte, non Garona eta Dordoina ibaiak batera itsasoratzen diren Girondaren estuarioko bokalearen hegoaldeko ertzean.

Segida hori toki bakarrean hausten da, hots, ur gaziak zulo bat egitea erabakitzen duen lekuan, eta lur barruan sartzen da, itsasadar irregular eta eder bat osatuz. Bertan, itsasgoraren eta itsasbeheraren gorabeherak orain lurrak orain ozeanoak txikitu edo zabaltzen ditu, uhartetxoak sortuz, gero lokatz grisen eta paduren artean desagertzen direnak. Laca d’Arcaishon da –okzitanieraren gaskoi dialektoko izena–; ardatz horren gainean ezartzen dira bere eraginpeko eremu osoko gizaeta basa-lanak. Ingurumen balio handikoa da; badia paradisua da itsas hegaztientzat eta migratzaileentzat; batez ere, Teicheko parke ornitologikoan eta Lège-Cap-Ferret eta Île aux Oiseaux gatzagetako erreserba naturaletan.

Ostra-hazkuntza zaintzen

Uharte aldakor honetan daude, itsasgora eta itsasbeheren erritmoan dabilen bere lurzoru zalantzagarrian, gaurdaino kontserbatu diren bi tchanquée etxolak. Edertasun xume eta landatarrekoak dira, paisaian ezin hobeto integratzen direnak. Txabola «zangaluze» horiek palafitoak dira, mareen mendekotasunari iseka eginez ostra-hazkuntza zaintzen laguntzen zutenak. Izan ere, horixe da badiaren altxor handia, haren sukaldaritzako amu handia, 8.000 eta 10.000 mila tona artekoa. Hiru urteko hazkuntzaren ondoren, molusku honekin hornitzen dituzte Frantziako mahaiak. Ezinbestekoa da tentazioari men egin eta horiek dastatzea (crépinette delakoekin edo gabe) Gujan-Mestras, Lanton, Andernos les Bains, Ares edo L’Herbe-ko kalexka pintoreskoetan gabiltzala.

Baina, zalantzarik gabe, badiako ikuskizunik handiena Pilateko Duna Handia da. Adjektiboak ezin hobeto definitzen du: 500 metroko zabalera, ia 3 kilometroko luzera eta 104 metroko altuera, 87 hektareako eremuan; hau da, 122 futbol-zelai. Noizbait erraldoi batek kostaldea aitzur batekin kolpekatu zuela dirudi, eta zauria 60 milioi metro koadro harearekin estali gero. Bere oinetan kokatzean gizakia naturaren aurrean zein txikia den ohartzen gara, baina batez ere mehatxu baten beldur izatea eta erronka bat esperimentatzea da: mehatxua, ezen barrualdera doa apurka baina etengabe, eta basoa ere ez da oztopo berarentzat; erronka, berriz, gailurreraino igotzea, trukean sekulako saria jasotzeko.

Eta biak dira egia. Dunak urtean 4 metro egiten ditu haizeberantz, ekialderantz... Haren ahotik zabaltzen diren bistak eta sentsazioak hain dira harrigarriak, ezen zaila baita horiek deskribatzea. Gure begien aurrean basoa irensten duen basamortu zati bat agertzen da, haizeak eta zerumugan zeruarekin nahasten den itsasoak bultzatuta. Olatuak lehertzen diren lekutik metro gutxira Banc d’Arguin erreserba naturala dago. Harea-banku sigi-sagatsua da, ur gaineko aurora boreal bat bezalakoa. Eta urrunean, Cap Ferret muturra, iparraldetik badia babesten duen lur besoa, itsasargi zuri-gorriarekin.

«Ville d'Hiver»

Inguruan dituen bereizgarri horiekin guztiekin, Arcachon, komuna bihurtuta jada, edonoren gustuko izateko modukoa zen. Gaur egun udarako leku estimatua izaten jarraitzen du, Pyla-sur-Mer bainuetxe estazioaren ondoan, eta Bretainiako Brest-en atzetik, atlantiar zerrendako bigarren kirol portu handienarekin.

Itsasoak hiria hareatza handi batekin besarkatzen du; ilargierdi forma du eta hondartza ugari daude: Arbousiers, Arcachon, du Pereire, des Abatilles, Tiers, d’Eyrac eta Pinte de l’Aiguillon. Parke, pasealeku eta bulebarretan barrena dabil brisa, hara-hona, gauez eta egunez.

Ilunabarrean oinez goaz, Moulleau eta Chapelle Croix des Marins-eko kaien artean eguzki sarrera ikustera. Eta goizean barku bat hartzera abiatu gara Unión des Betelliers-era, d'Eyrac-eko kaiaren amaieran, l’Aiguillon arrantzale auzoan arrain lonja bisitatu ostean.

Itzuleran, Notre-Dame basilika neogotikora igo gara, Sainte Cécile behatokira iristeko. Azken hori Paul Régnaud-ek eta Gustave Eiffel gazteak diseinatu zuten 1863an. Bere burdinazko egitura, barnean barraskilo eskailera malgua duena, zerurantz 25 metro goratzen da. Badiaren ikuspegi osoa dakusagu bertatik. Hemendik, San Paul pasabide lerdena gurutzatu eta Quartiere de la Ville d’Hiver-era iritsi gara.

Bere lerro eklektikoek poema arkitektonikoa osatzen dute. Fantasia, irudimen optimista, tradizio idealizatua eta handikeria arin bat ditu bereizgarri. Auzoa, hiriaren goialdean, Pereire anaien bultzadari esker sortu zen; Bordeleko enpresariak ziren eta 1860an, bains de mer, hots, itsasoko bainu osasungarrien sukarraz ohartuta, negozio aukera ederra ikusi zuten bertan.

Bere urbanizazioa kontu handiz planifikatu zuten, eta, denbora gutxian, multzo bitxi bat loratu zen: egurrak, barandak, frisoak, hegalak, balkoi korrituak, begiratokiak, harriak eta adreiluak, teilatu puntadunak, asimetriak, garaiak, kulturak eta munduko tokiak, lorategien eta arboladien freskotasunez jantzita.

Bista altxatzean hau topatu dugu: berrasmatutako neogotiko eta klasizismoa, euskal baserri baten profilak eta suitzar txalet baten etxe-bizkarrak, hispanoarabiar jauregi baten filigranak eta erromantizismo puruenaren adierazkortasuna. Villa Fausto, Villa Coulaine, Villa Teresa, Villa Toledo, Villa Brémontier, Villa Carmen, Villa Alejandro Dumas, Villa Trocadero... horien fatxadei begiratzea XIX. mende amaiera eta XX.aren hasierako urte zoro eta sineskorren iraganera bidaiatzea da.

Atzera bueltatu gara, Aquariuma bisitatu aurretik Place des Marquisesen kafe bat hartzeko. Bidean, Château Deganne hiriko kasinoaren paretik igaro gara. Eta itsasora hurbildu gara berriz, Thiers-eko kai ederrean. Istriborrean balea baten isats koloretsua ateratzen da uretatik animalia murgiltzear dela.

Emmanuel Janssens Casteels artista belgikarraren eskultura da, urtero badian jartzen dutena, antzina animalia horiek Bizkaiko Golkoan ibiltzen zirela gogorarazteko. Une horretan, zentzumenak joandako garaietan ditugunean, nostalgiak hartu gaitu, belle époquera garamatzan akordeoi doinuak entzunez eta karruseleko zalditxoen mugimenduari begira.