Albaola Faktoriaren behin-behineko itxiera iragarri dute itsas kultur faktoriaren arduradunek. «Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktoriak gaurtik aurrera, urtarrilak 27, ateak itxiko ditu», ohartarazi dute, dirudienez covid-19aren aurkako neurrien eraginez.
Ohar batean azaldu dutenez, «pasa den urteko ekainaren 12an, pandemiaren egoera hobetu bezain pronto, Faktoriak bere ateak zabaldu zituen berriro, eta bisitariek gerturatzen hasi ziren. Nahiz eta Faktoriara iristeko oinezkoen bidea 2020ko martxotik itxita jarraitu, bertaratzeko jarritako itsasontziaren doako zerbitzuak udako plan erakargarria bilakatu zuen, eta abenduko zubira arte bisitariak ekarri ditu Pasai San Pedroko ontziola-museora».
«Urtarrileko eguraldi txarrak eta mugikortasun murrizketek ordea, nabarmen jaitsiarazi dituzte bisitak; honi gaineratu behar zaio oinezkoen sarbidea egun itxita jarraitzen duelaren arazoa. Testuinguru honekin, Albaolako taldeak Pasai San Pedroko kultur ekipamendu hau ixteko erabaki gogorra hartu berri du; oinezkoen sarbidea eta pandemiaren egoerak proiektua zabalik mantentzeko bisitari fluxu minimo bat ahalbidetu arte behintzat», gaineratu dute.
Eta bisitariek Albaolaren diru-sarreren %40a baino gehiago suposatzen dutela ohartarazi dute, «beraz, egoera egunez egun zailtzen ari da». «Halaber, babesletza pribatuari dagokionez 2021 urtea oso ongi hasi dela azpimarratu beharra dago. Azkeneko hilabete honetan, entitate askok proiektuari babesa eman nahi izan diote, batzuek babesa berrituz besteek proiektua lehen aldiz lagunduta. Hauei esker, museoa itxita egon arren ontzigintza eskola zabalik mantendu ahal izango da, eskolako belaunaldi berriei formakuntza ematen jarraitzeko», adierazi dute.
Dena den, azpimarratu dutenez, «gogor jarraituko dugu lanean, Faktoriako ateak ahalik eta lasterren berriz zabaltzeko».