NAIZ

Luthier ereduak erabili ditu Ibon Aranberrik Musika Hamabostaldiko kartela diseinatzeko

Luthierraren larruan sartu eta musika instrumentuen barrunbeak osatzeko erabili ohi dituzten ereduak erabili ditu Ibon Aranberri artista itziartarrak Musika Hamabostaldiaren 82. edizioko kartelaren diseinurako.

Aranberri, Hamabostaldirako diseinatu duen kartelaren alboan. (Maialen ANDRES | FOKU)
Aranberri, Hamabostaldirako diseinatu duen kartelaren alboan. (Maialen ANDRES | FOKU)

Ibon Aranberri artista itziartarrak diseinatu du Musika Hamabostaldiko 82. edizioko kartela. Lana atzo aurkeztu zuten jendaurrean eta, Aranberrik berak azaldu zuenez, Ander Arroitajauregi luthierrak musika instrumentuen barrualdeak egiteko 20 urtetan zehar erabili izan dituen ereduak izan ditu oinarri kartela diseinatzerako orduan.

Hustasuna «soinuaren iturburua» da eta, beraz, txantxiloi edo eredu horietako bakoitzak soinua irudikatzen du artista itziartarraren aburuz. Aldi berean, diseinua egiterako orduan eredu bat baino gehiago erabili dituenez errepikapena eta erritmoa ere irudikatu ditu.

Aranberrik enkarguz egin du Musika Hamabostaldirako kartela. Bere lanak nazioarteko museo eta galeria entzutetsuetan erakutsi ditu Aranberrik, batez ere eskultura arloan landutakoak, bestelako formatuekin ere aritu den arren, tartean argazkilaritza edo zinema. Onartu duenez, kartela egitean «nolabaiteko zailtasunak» izan ditu, «sorkuntzaren arrastoa edukitzeaz batera komunikatu ere» egin behar izan duelako.

Horregatik erabaki zuen «fikzio» bat eraiki eta artistaren lekuan luthier bat ipintzea, azken hau baita «soinuaren eta elementu materialaren artean» lan egiten duena. Horrela sortu zuen artelana, ostean hondo txuriaren aurrean jarri eta argazkira Jose Luis Lopez Zubiriak eraman duena.

Hamabostaldiaren 82. edizioa

Hamabostaldiko zuzendari Patrick Alfayak ere hartu du parte aurkezpenean. Aurreratu duenez, 2021eko edizioan Grigory Sokolov piano-jole errusiarrak parte hartzea espero dute –iaz etortzekoa zen baina emanaldia bertan behera geratu zen– eta Yuja Wang txinatarra izango da jaialdia irekiko duena, orkestra kontzertu batekin.

«Errusiar mendian bezala gabiltza», aipatu du pandemiaren ondotik sortu zaizkien zailtasunei erreferentzia eginez, baina Hamabostaldia ez dela «jaialdi murriztu» bat izango ziurtatu du eta gutxigora behera 70 kontzertu emango direla aurreratu du.

«Atzerriko orkestrak izango ditugu, printzipioz, baina programazio guztia ez da horietan oinarrituta egongo», esan du Alfayak, eta, «dena betetzen bada, izar dezente» egongo direla ere aurreratu du.