NAIZ

Obesitatea prebenitzeko ohitura osasungarriak sustatzeagatik Osakidetza saritu dute

Elikadura Segurtasuneko eta Nutrizioko Agentzia espainiarrak urtero ematen ditu NAOS Estrategia sariak eta, oraingoan, Osakidetzaren Paziente Bizia programari aitortza egin diote, gainpisua eta obesitatea detekzio goiztiarrerako eta horiek prebenitzeko ohitura osasungarriak sustatzeagatik.

Bizi kalitatea areagotzeko tailerrak eskaintzen ditu Osakidetzaren Paziente Bizia programak. (OSAKIDETZA)
Bizi kalitatea areagotzeko tailerrak eskaintzen ditu Osakidetzaren Paziente Bizia programak. (OSAKIDETZA)

Osakidetzak jakinarazi duenez, azken urtean, pandemia gorabehera, 450 pertsona inguruk parte hartu dute Paziente Bizia programak proposatzen dituen lantegietakoren batean. Bertan, autozaintza irakasten zaie osasun egoera hobearekin bizi nahi dutenei, edo gaixotasun kronikoa izan eta bizi kalitatea hobetu nahi dutenei.

Horrela, besteak beste, elikadura ohiturak, ariketa, atsedena, arazoak konpontzeko teknikak, estresaren kontrola, emozioak maneiatzea edo sexualitatea lantzen dituzte parte hartzaileek. Lantegiak zaintzaileei ere zuzentzen zaizkie.

Paziente Bizia programak bost tailer mota eskaintzen ditu: ‘Nire osasuna aktiboki zainduz’, edozein gaixotasun kroniko duten pertsonentzat; ‘Nire diabetesa zaintzen’, II motako diabetesa dutenentzat; 'Osasuna zaintzen ijitoen herrian’, ijitoen erkidegoari zuzenduta; ‘Minbiziaren ondoren nire osasuna zaintzen’, prozesu onkologikoa igaro duten pertsonentzat eta zaintzaileentzat; eta ‘Entrenamendu Aktiboko online ikastaroa’, herritar guztientzat.

Egun, lantegiak Zoom plataforma bidezko saioekin egiten dira. Bi ordu eta 15 minutukoak izaten dira, astean behin (7/8 aste), ‘Entrenamendu Aktiboko online ikastaroa’ izan ezik, ez baitu ordutegirik. Pixkanaka presentzialtasuna berreskuratu ahal izatea aurreikusi da, pandemiaren ondorioz bertan behera geratu ondoren. Hala ere, sareko eskaintzari eutsiko zaio.

Programa 2010. urtean abian jarri zenetik, 8.000 pertsona inguruk parte hartu dute lantegietan. «Lantegi horiek, pandemia sasoi hauetan, are garrantzi handiagoa dute, aukera ematen baitute trebetasunak eskuratzeko, herritar bakoitzak bere osasuna zaindu eta autonomia irabazi ahal izateko», azaldu du Osakidetzak.