Joan den ostiraleko ekaitzak Urdaibaiko arrano arrantzalearen azken bi txiten heriotza eragin du. Urdaibai Bird Center erakundeak ohar baten bitartez azaldu duenez, 20 eguneko bizitza zuten, eta unerik kritikoenean zeuden.
«Tamaina handia zuten dagoeneko, eta horrek zaildu egiten zion amari beraiek estaltzea eta gainera garai honetan oraindik lumatu gabe zeuden, izan ere euritik eta hotzetik babesten dituen lumajea gutxi gorabehera 30 egunera hartzen baitute», gaineratu du.
Era berean, gertaera hau mundu naturalean batere arraroa ez dela jakinarazi du elkarteak. Izan ere arrano arrantzaleen txiten %50 inguru hil egiten dira bizitzako lehen asteetan, eta hirugarren astea da kritikoena. Emearentzat bere bizitzan ugaltzeko lehenengo aldia izan da, eta honek ere ugalketa-arrakastan eragiten duela azpimarratu du Urdaibai Bird Center-ek.
Horregatik, txiten heriotza «naturaltzat» hartu behar dugula nabarmendu du, bizitzaren zikloaren atal baten modura. «Kasu honetan, benetan harrigarria eta desberdina izan dena, gure etxeetatik fenomeno natural horren zuzeneko lekuko izan garela izan da», zehaztu du.
«Atzo milaka pertsona atsekabetuta zeuden, baina Royk eta Landak bizitza lezio bat eman ziguten. Gorpuak erretiratu zituzten habiatik eta berau konpontzen jarraitu zuten, tarteka tarteka kopularen bat ere egin zutelarik. Jakin badakigu datak oso berantiarrak direla bigarren txitaldi baterako, baina kontuz, bikote honengandik edozer gauza espero dezakegu…», gaineratu du Urbaibai Bird Center elkarteak