NAIZ

Gaixotasun zeliakoa diagnostikatzeko metodo ez inbaditzailea garatu dute EHUko ikertzaileek

EHUko eta Ikerbasqueko ikertzaileek gaixotasun zeliakoa listuaren bidez diagnostikatzeko metodoa garatu dute. Metodo berri honi esker, endoskopiak murriztu ahalko dira, oso garestia eta desatsegina den prozedura.

Ainara Castellanos eta Maialen Sebastian ikerlariak. (IKERBASQUE)
Ainara Castellanos eta Maialen Sebastian ikerlariak. (IKERBASQUE)

Ikerbasqueko eta EHUko ikertzaileek, Biodonostia eta Biocruces institutuekin eta Txagorritxu eta Galdakaoko ospitaleekin lankidetzan, burutu berri duten ikerketa batean, gaixotasun zeliakoaren diagnostikoan laguntzeko metodo ez inbaditzaile bat garatu dute listua erabiliz. Egun, diagnostikoa baieztatzeko endoskopia egitea beharrezkoa da, eta endoskopia horiek ekidin edota murrizte aldera, ikerketa honetan listua erabiliz gaixotasun zeliakoa diagnostikatzeko metodo ez inbaditzaile baten garapena posible dela erakutsi dute.

Eritasun zeliakoa asaldu autoimmune konplexu bat da, eta genetikoki aurrez prestatuta dauden pertsonei eragiten die. Diagnostikoa baieztatzeko endoskopia egiten dira. Prozedura desatsegina izateaz gain, nahiko garestia izaten da. Alde batetik, gaixotasun zeliakoaren sintomatologia duten pazienteei endoskopia egiten zaie, baina sintomak, hala nola tripako mina, pisu galera edo anemia, besteak beste, oso arruntak izaten dira, alegia, beste gaixotasun askoren antzekoak. Ondorioz, sintoma eta arrisku genetikoa duten paziente ez-zeliako askori behar ez den endoskopia bat egiten zaie.

Metodoa garatzeko prozedura hurrengo hau izan da: lehenik eta behin, listuan ere zeliakoen hestean ikusten den inflamazioa ikusteko gai zirela ziurtatu zuten. Ondoren, paziente zeliakoen eta paziente kontrolen (hau da paziente ez zeliako) listu laginetan inflamazioa kuantifikatu zuten. Listu lagin horietan gaixotasun zeliakoaren arrisku genetika ere aztertu zuten. Datu hauekin (inflamazioa eta arrisku genetika) iragarpen formula bat sortu zuten. Azkenik, eredu honen iragarpen ahalmena 100 listu laginetan itsuan frogatu zuten eta lortutako asmatze tasa %73koa izan zen. Gainera, euren iragarpen ereduak %91ko sentikortasuna aurkeztu zuen, hau da, gaixotasun zeliakoa dutenen artean asmatze tasa %91koa izan zen.

Ainara Castellanos ikerlari nagusiak eta Maialen Sebastian doktoratu aurreko ikasleak uste dute garatu duten metodoa «gaixotasun zeliakoa izateko susmoa duten pazienteei, endoskopia egin baino lehen, baheketa modura egitea baliogarria izan daiteke». Euren iragarpen ereduak sentikortasun altua du eta beraz, gaixotasun zeliakoaren diagnostikoa baztertzeko egokia dela uste dute.

Era berean, onartu dute euren iragarpen ereduarekin emaitza onak lortu dituzten arren ez dela erabat zehatza, eta beraz gaur egungo diagnostiko metodo tradizionala ezin dela guztiz baztertu. Ondorioz, eredu honek zeliakotzat iragartzen dituen pazienteei endoskopia egitea ideia ona izango litzatekeela proposatzen dute ikerlan honen arduradunek. Edozein kasutan ere, metodo hau erabiliz egiten diren endoskopia kopurua asko murriztuko litzateke.