NAIZ

Europak Basque Cybersecurity Centre aukeratu du enpresetan inbertsio-funts bat diseinatzeko

Europar Batasunak munduko beste ekonomiekiko duen teknologia-mendekotasuna murriztea helburu duen inbertsio-funtsa garatzeko lehen pausoak egiteko ardura EAEko Basque CyberSecurity Centre-k izango du, Europak hala erabakita.

Basque CyberSecurity Centre-en egoitza. (SPRI)
Basque CyberSecurity Centre-en egoitza. (SPRI)

Zibersegurtasuneko Europako enpresetan inbertsioa bultzatzea, sektore estrategiko hori indartzea eta Europar Batasunak munduko beste ekonomiekiko duen teknologia-mendekotasuna murriztea helburu dituen inbertsio-funtsa garatzeko lehen pausoen ardura EAEko Basque CyberSecurity Centre-k (BCSC) izango du.

Lakuaren menpeko Spri agentziak nabarmendu duenez, funtsa, European Cybersecurity Investment Platform (ECIP) izenekoa, «ekimen publiko-pribatu indartsua da, 42 eragile inbertitzaileren partaidetza duena eta datozen bost urteetan gutxienez 1.000 milioi euroko inbertsioa jaso asmo duena».

Inbertsio-funts hau Next Generation Europe funtsekiko aparteko tresna gisa eratuko litzateke.

BCSCk proiektu honen erakunde sustatzaile gisa duen parte-hartzeak garapen bikoitza izango du. Alde batetik, etorkizuneko plataforma nola diseinatu zehaztuko duen azterketa teknikoa egiteko ardura izango du, eta, aldi berean, zeregin horri esker, BCSCk EAE «merkatuaren garapenean Europako eskualdeen erreferente gisa» kokatu ahal izango du, Spriren arabera.

Azterketa teknikoa European Investment Bank (EIB) erakundeak finantzatuko du eta European Cyber Security Organization (ECSO) erakundearen lankidetza estrategikoa eta Europako Batzordearen parte-hartzea izango ditu.

ECIP plataforma bultzatzearen bidez, Europako zibersegurtasun-enpresen finantzaketa eta garapena hobetu nahi dira, besteak beste, Estatu Batuetako, Erresuma Batuko eta Israelgo konpainiekin lehiatzeko. Proiektua zibersegurtasunaren Europako sektorea indartzeko eta haren aldeko apustua egiteko aukera bat dela ziurtatzen dute sustatzaileek, eta erakundeek eta kontinenteko ekosistema teknologikoak partekatutako diagnostikotik sortu da, beste ekonomia batzuekiko mendekotasun teknologikoa murrizten lagunduko duen sektore zibernetiko indartsuagoaren beharra ondorioztatuta.

Europako zibersegurtasuna, Spriren arabera, «merkatu konplexu eta zatikatua da, eta ezaugarri hauek ditu: inbertsio falta, bezero estrategikoen urritasuna eta posizionamendu komertzial ahula». Gabezia horien ondorioz, 2019an, Europako zibersegurtasunaren sektoreak 4.000 milioi euroko aldea izan zuen Estatu Batuetakoarekin alderatuta, eta lehiakortasun-defizit nabarmena Israelekin eta Txinarekin alderatuta.

Defizit horiei buruzko gogoetak bultzatuta, ECSOk, BCSCren lidergoarekin eta Europako Inbertsio Bankuaren eskutik, ECIP plataforma bultzatu da desberdintasun horiek zuzentzeko.

«Aukera historikoa»

Joan den ekainaren 22an egindako hitzarmenaren sinaduran, Javier Diéguez BCSCko zuzendaria «oso harro» agertu zen Basque CyberSecurity Centre-k proiektu honetan parte hartzeko aukerarengatik, eta nabarmendu zuen EAE «eredu» gisa finkatu dela «Europako eskualdeek merkatua garatzeko eta nazioarteko lankidetza publiko-pribatua lortzeko ekimen estrategiko horietan duten zeregina aldarrikatzeko».

Diéguezek nabarmendu zuen proiektu hau «aukera historikoa» izango dela «Europan egindako zibersegurtasunaren lehiakortasun globala hobetzeko».