Naiz

Kaxio ibilbidea, Ataun zeharkatu eta ezagutzeko aukera paregabea

Herriaren ardatz den Agauntza ibaiaren ondoan Ataun zeharkatu eta ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen du Kaxio ibilbideak. Gainera, adin guztietakoek egiteko moduko irteera da.

Sara Etxea, Ataunen.
Sara Etxea, Ataunen.

Kaxio ibilbidea zeharkaldia denez, bi aukera ditugu: bata, autoa Zubikoeta industrialdean uztea eta buelta autobusez egitea; eta besteak, berriz, Ergoienako plazan uztea eta hasiera puntura autobusez jaistea.

Umarkin hasiko da ibilbidea, Ataun eta Lazkao arteko herri-muga naturalean. Hemendik Ataun aldera abiatuko gara eskuinean Otadizelai baserria utziz. Errepidea eta burdinazko zubitik igaroko gara errekaz beste aldera. Zubi ondoan bertan dago Agauntzako ur-emari datuak hartzen dituen etxola.

Eskuinean Urkuola baserria kokatzen da, esaunda usaina darion etxea. Herri bidea jarraituko dugu ezkerrera eginez. Barrenetxea baserriaren hondarrak igaro eta berehala gara Ajarrestako etxe artean.

Bidea aurrera jarraituko dugu Ajarrestako etxe artetik, lamien esaunda usainean, txatartegi zaharra igaroz eta honen ondotik aurrera eginez. Zubia igaro eta errepidea gurutzatuz erreka ondotik jarraituko dugu Errotakalen barneratuz. Kale honen amaieran eliza ikusiko dugu.

Agauntzako ibaia zeharkatuko dugu zubia igaro eta otso arrastoak jarraituko ditugu jolastokia eskuin aldean utziz. Berehala, errepidea gurutzatu eta errekaren ertz berean jarraituz zuhaitzen itzalean doan bidean jarraituko dugu. Astigarragako zubia ezkerrean dugula aurrera jarraituko dugu eta berehala berriro bide estu baina seinaleztatuan sartuz, aurrerago buru gainetik belarra jaisteko kable-sistema igaroko zaigularik.

Olaluzeaga etxetik eskuinean bidexkan igoz bertaratuko gara karobi-zulora. Hau ikusi ondoren bidea jarraituko dugu, errepidea gurutzatu eta berehala etxe barrenetik ezkerrera eginez aurrera ekiteko. Berehala gara berriro bidexkan.

Joxemiel Barandiaran amaren baserria ezkerrean utziz egingo dugu aurrera (Peruenezar). Joxemielen jaiotetxea den baserria ikusi ondoren ezkerrean utzi eta bidea jarraituko dugu (Sara Etxea).

Hau ikusita etxe artean igaroz aurrera jarrai dezakegu. Bidetik, errekak egiten duen meandroaren barnealdean XVI. Mendeko Zelaibar dorretxea ikusiko dugu, zeina Lazkaoko jaunarena zen bere garaian, eta aurrerago multzo hidraulikoko elementu den Errotatxo ere igaroko dugu Larruntzara heldu aurretik.

Barandiaran museo ikusi ondoren aurrera jarraituko dugu Lauztierrekako zubia ezkerrean utziz eta herri-bidea jarraituz. Honela (ur-bide) eta Olasagasti etxeak igarota sartuko gara berriro bidexkan.

Uharka, atseden hartzeko leku aproposa izateaz aparte, hemen hasten da errotaren funtzionamendua bermatzen zuten uren kanalizazioa. Atsedenaren ondoren herri-bidea aurrera jarraituko dugu.

Eta Ergoiena auzoan emango dugo amaiera ibilbideari. Auzo txiki honetan kokatzen da Ataungo sagardotegi bakarra, eta horregatik jende asko biltzen da bertara sagardo garaian. Ibilbidea amaituta atseden hartzeko plazan badira eserlekuak eta baita haurrentzako jolastokia ere, iturria eta guzti.