Gallura, Korsikara begira
Kostalde ikiusgarria, postaletako hondartzak, luxuzko herriak eta munduko aberatsenen txokoak. Eta horren guztiaren ondoan, sakon errotutako kultura aberatsa, Mediterraneoko uharterik interesgarrienetakoa, eta nortasun berezi eta indartsuko biztanleak ditugu Sardinia iparraldeko eskualde honetan.
Gallura du izena, Korsikatik hurbilago dirudi askotan, irla handi honetako hegoaldetik baino, eta nahaste horretan, sekretu asko gorde litezke, ezagutzeko prest doanarentzat. Arabaren antzeko azalera du eta Sardiniako eskualderik bisitatuenetakoa da: kostaldea itzel ederra da, barnealdean ere herri atseginak, natura ikusgarria eta gune arkeologiko garrantzitsuak daude. Ez dago ia autobiderik, hegoaldean izan ezik; horregatik, neurriz handia izan ez arren, lasai asko egunak eman ditugu Gallurako txokoak bisitatzen. Are gehiago, oharkabean kala edo hondartza harrigarriren bat agertuko zaigulako, bertan geratu eta lekuaz gozatzeko.
Gallurako lekurik ezagunenak Costa Smeraldako kalak eta hondartzak dira, eta haiei begira diren herrixka eta kirol portuak: Portu Qualtu, Porto Rotondo, San Pantaleo, eta batez ere Porto Cervo, duela mende erdi Aga Khan printzeak sortutako gune esklusiboa. Hamarkadatan, munduko jet-setaren gune kuttunetakoa izan da. Benetan itzelak dira bazterrotako ur turkesak eguzkiak jotzean, haitz erraldoiekin eta harea zuriko hareatzekin. Ilunabarrean, eguna yateetan urrun eman duten aberatsek galarik onenak janzten dituzte Porto Cervoko luxuan murgiltzeko.
Itsasoa eta ondarea
Izozki arrunt bat ere beste edonon baino askoz garestiagoa izanik, eskualde eder honetako beste batzuetara joatea hobe. Hegoalderantz, Olbia hiriburutik haratago, hareatza bikain asko daude, Tavolara harkaitz-uharte erraldoia beti atzean. Iparraldeko bidean, berriz, Maddalenako artxipelago paregabea dago hurbil, bertan egunak emateko edo egun-pasa antolatzen diren txangoetan nabigatzeko.
Costa Smeralda biltzen duen Arzachena herriak egitura megalitiko garrantzitsuen kultura guzti bati izena eman dio. Sardinian ezagunena den aro nuragikoaren aurrekoa da, baina biek daukate presentzia oso kilometro gutxiko tartean udalerrian, Unescoko ondare diren gune arkeologiko ikusgarrietan. Coddu Vecchiuko “erraldoien hilobian”, esaterako, estela eta megalitoak daude uharteko hilobi monumentu handienetako baten babesle. La Prisgiona nuraghe-a ere handik hurbil dago.
Muinoan gora, San Pantaleo herria oso herri atsegina da, turismora emana neurri batean, kostaldetik gertu egonik. Jatetxe atseginak eta ilunabarreko giro ederra topatu ditugu, eta artistek hartutako txokoak ere bai. Galluran barnera joan ahala, turismotik urrun beste aro batean geratutako herriak ditugu. Kortxoa egiteko “biluztutako” artelatzak, artadiak eta hariztiak ditugu bidean. Luogosantu-ko turismo bulegoko arduradunak Euskal Herrian ikasketak eginda dituela diosku, eta Monti Casteddu-ra bidea azaldu digu, mendian berreraikitako herrixka nuragikoa bisitatzeko.
Nortasun berezia
Barnealdeko gure helmuga beste bat da: S’Ozastru edo “Patriarkari” bisita egitera goaz. Munduko olibondo zaharrenetakoa da, 3.000 urte baino gehiago ditu: nuraghe monumentuak egin zituztenean sortu zen. Egun, zuhaitz itzela da, neurriagatik beragatik ez bada ere. Luraseko olibondoa ere esaten zaio, eta badu berezitik ere herriak: lau trikuharri ditu eta, sardinieraz egiten dute. Izan ere, Galluran ez da sardinieraz egiten, gallurese-z baizik: korsikarrek ekarritako hizkuntza da, eta korsikeraren aldagaitzat har liteke.
Santa Teresa de Galluran nabari da eragin hori gehien, Korsika pare-parean baitauka herriak. Katalanek eraikitako dorretik zein harea zuriko hondartzatik ikusten dira Bonifaziuko labarrak. Herria utzi eta istmo estu batetik Capo Testa dago, faro eta guzti. Eta inoiz ikusi dugun kalarik ederrenetakoa, urdinaren tonu guztiak harrotasunez nabarmenduz.
Mendebaldeko kostaldean denak sakabanatuago dirudi, eta turistak ere gutxiago dira, baina leku oso ederrak ere badaude Galluratik irten eta Castelsardo hiri zoragarrira heldu aurretik. Li Cossi hondartza itzela, esaterako, mendiak eta itsasoak bat-batean talka egiten duten gunean. Costa Paradiso gune turistikotik pasatu behar da iristeko, autoa aparkatu, eta oinez jarraitu minutu batzuk. Harrizko bideko bihurguneetan nabari dira edertasun zantzuk, baina Li Cossi-ra iritsita txundituta geratu gara.
Bidelapurren memoria
Esan dugu, horratik, postaletako kostaldeak bezainbat barnealdeko herriek, paisaiek eta jendeek badutela zer erakutsi. Mediterraneoko uharterik handienetakoa da Sardinia, itsaso ederrak barnealde zabal eta menditsua dauka atzean, mendeetan sardiniar artzain eta nekazari herrien kokagune, baita boteretsuen jazarpenetik gorde eta babestu nahi zutenena ere.
Bidelapurren istorioek kondairak eta anekdota pertsonalak batzen dituzte barnealde honetan.
Aggius ez dago kostaldetik urrun, baina beste mundu bateko paisaia dauka, Valle della Luna-ko harkaitz ikusgarrietatik hurbil. Harrizko kalexketan goaz, granitozko etxe ederrei begira; museo etnografiko interesgarria ere badago, baina herriko beste erakustokiak ekarri gaitu honaino batez ere: bidelapurren, bandidismoaren museoak (Museo del Banditismo): hiru mendez, uhartea Aragoiren menpe zegoenetik Italiako batasuna gertatu arte, Aggius Gallurako estraperloaren eta estatuaren atzaparretatik kanpo zirenen hiriburu izan da. Ez ditu kontrabandista eta bidelapurrak mitifikatzen, baina ederto biltzen du fenomeno horren testuingurua.
Handik hurbil, Tempio Pausania eskualdeko hiriburu ohian amaitu dugu eguna, atsegina da bertako kale eta plazetan ibiltzea. 566 metrotara, hotz ere egiten du neguan eta udan, bero kixkalgarritik urruntzeko leku freskoa ere bada, behinola, ez hain aspaldi ere, agintearen makilari ihesi bazterrotan ibili ohi zirenen antzera.