Palermo, Buenos Airesko arima
Borges eta Cortazar bezalako bohemio eta intelektual jendeari lotua, Palermo auzoa oraindik ere Buenos Airesko kulturaren mapatik kanpo utzi ezin daitekeen gunea da. Egunez etxe baxuko kaleetako soseguak malenkonia gogora badakar ere, gauez hiriko inguru bizienetakoa da.
Zenbait jatetxe italiar salbu, Buenos Airesko barruti handi eta abangoardistenak ez du ezer ikustekorik Siziliako hiriburu zalapartatsuarekin. Izena ere ez omen zuen jaso Italiako hiritik; aldiz, onespen handieneko hipotesien arabera, batetik, antigoaleko Palermoko San Benitoren oratorioari zor dio, eta, bestetik, egun auzoa dagoen lurren XVIII. mendeko jabearen abizenari. Eta hiri erdialdeko auzoa esaten dioten arren, bederatzi geltoki behar ditu subteak (metroak) hiriaren bihotzera, alegia, Maiatzeko Plazara ailegatzeko.
Argentinako hiriburuaren ipar-ekialdean kokatua, garai bateko Palermoren trazatua, gutxi gorabehera, Santa Fe eta Córdoba hiribideek eta Coronel Díaz eta Dorrego kaleek mugatzen dute. Trenbideak bi erdi bereizten ditu, duela urte gutxi deitura hanpatsua eman zitzaienak; alegia, mendebaldean, Palermo Soho –denda, erakusketa-areto eta antzoki alternatibo gehienak dauden tokia–, eta ekialdean, Palermo Hollywood, Argentinako ikus-entzunezkoen industria indartsuaren habia, modako jatetxez lepo dagoena. Bestalde, auzoaren mugan dagoen Italia plazak, Garibaldiren estatua duenak, Palermoko basorako bidea ematen du, eta, berdegune multzo horretan, lorategi botanikoa edota Otsailaren 3aren parkea bezain txoko xarmangarriak daude.
Palermoko etxe gehienak solairu bakarrekoak edo bi solairukoak dira eta XIX. mendearen amaieraren eta XX. mendearen hasiera artean eraiki ziren. Horrexek patxadaz eta xarmaz betetzen ditu zuhaiztidun kale eta pasabideak, zeintzuetan dinamismo handiko jendea dabilen, bertako, kanpoko, auzotar edota bisitari izan.
Hasiera batean langileen auzo izateko eraiki bazen ere, ideiak ez zuen bide luzerik egin eta Buenos Airesko klase ertain-altuaren bizileku bihurtu zen. Horren lekuko izango da ibiltaria Serrano kaletik abiatzen diren Russel, Santa Rosa eta Soria pasabideetan barrena. Halaber hautemango dio dotore, merke eta dekadente itxura berezi hori, orain gutxi eraikitako etxebizitza-bloketzar andanak eta jatetxe, kafetegi eta B&B sofistikatuek desagerrarazi dezaketena. Orain artekoa gutxi balitz, Palermo diseinu gaietan puntako auzoa denez, hainbat arlotako sortzaile gazteei izugarri erakargarria egiten zaie, eta betiko arima abangoardistaren iraunkortasuna bermatzen dute.
Lehen urratsak
Auzoa ezagutzen hasteko ez dago Quilmes bat –argentinarrek gehien atsegin duten garagardoa– hartzea bezalakorik; esaterako, auzoko gune nagusia den Cortazar plazako terraza ezagunenetako batean, El Taller izenekoan hain zuzen. Dena dela, kontuan hartu behar da Serrano plazatxoa bezala ezagunagoa dela. Izan ere, lehengo izena zabalduago dago berria baino, nahiz eta egungoa “Rayuela” eleberriaren egilearen omenez jarri zioten plazari, 30eko hamarkadaren hasieran, alegia, ospea eskuratu aurretik, auzoko Honduras kaleko 4.984 zenbakian zegoen pentsio batean bizi zelako. Gogoan har dezatela mitomanoek eta ikusmiran dabiltzanek. Cortazar plazaren inguruetan, 80ko hamarkadako Palermoko giroaren epizentroa, ezin konta ahala taberna, kafetegi eta diseinuzko lokal dago, jende asko biltzen dutenak, baina gainezka egin gabe. Erraza da bertan buenosairestar seduktore horietako batekin adiskidetzea, beti baitaude solaserako prest.
Geldialditxo bat egin liteke Eterna Cadencia kafetegi-liburu dendan (Honduras 5574) auzoko kulturaren zaporea dastatu nahi izanez gero. Bestela, bada bisitariak bertakoei imitatu nahiko dien ohitura bat; bermuta hartzea Lo de Jesús jatetxean (Gurruchaga, 1406), 1953az geroztik egin den bezala.
Hain juxtu Cortazar plazatik abiatzen da Jorge Luis Borges kalea, Argentinako idazle ezagun eta itzal handikoena ohoratzen duena. Bertan eman zituen haurtzaroa eta nerabezaroa, eta orduko oroitzapenek arrasto sakona utzi zuten bere lanetan. Borges zaleak 2135 zenbakira hurbil daitezela, nahiz eta 1914. urtera arte etxea izan zuenaren aztarnarik gabeko orubea topatuko duten. Baiki, izugarri aldatu dira inguru haiek XX. mendearen hasieratik; hau da, gutxi urbanizatuta zegoenetik.
Idazlearen oroigarri gisa Guatemala kaleko kantoian jarritako idazkunak “Fervor de Buenos Aires” (1923) liburuko ‘La fundación mítica de Buenos Aires’ poemaren aipua egiten du, egun nekez ezagutuko lukeen haurtzaroko bizilekuari erreferentzia egiten diona. «Una manzana entera pero en mitad del campo/ expuesta a las auroras y lluvias y sudestadas/ La manzana pareja que persiste en mi barrio/ Guatemala, Serrano, Paraguay, Gurruchaga» diote bertsoek. Borgesek aipatutako koordenadetan barneratzeko, Borges ibilbideari segitzea da onena, zeinean “Ficciones” (1944) eta “El Aleph” (1949) gisako ipuin-bilduma bikainen egilearen lanen eragin eta inspirazio iturri izan ziren hainbat leku kateatzen diren.
Diseinua, erosketak, tangoa
Honez gero, Palermotik dabilen bisitaria ohartu da auzoa hain erakargarri egiten duena txokoak presarik eta aurrez antolatu gabe aurkitzea dela. Bestalde, Serrano, Honduras, Gurruchaga, Gorriti edo Malabia kaleetako luxuzko erakusleihoek argi uzten dute hiriko moda-eskaintza onena inguru horietan dagoela. Boutiqueak, baina batez ere zapata eta larruzko osagarrien dendak tentagarriak dira oso, hain dira kalitate eta prezio onekoak. Gainera, Palermon arkitektura-lanak, dekorazioa, argiztapena eta altzariak eskaintzen dituzten espazio asko ireki dira, Argentinako diseinuak bizi duen une gozoaren erakusle direnak. Adibidez, Calma Chicha (Honduras, 4925) edo La Mersa (Honduras, 3590) saltokiak.
Ukitu alternatiboagoa atsegin dutenak astebururo paradisuan izango dira Darwin pasealekuan. Bertan, arte plastikoen eta artisautza azoka paratzen dute eta hainbat kultura jarduera eta ikuskizun eskaintzen dituzte. Bestela, Santa Fe plazatxora jo dezakete, artisautza eta liburu zaharren azokara. Ezin ahaztu, jakina, Colegialeseko merkatua (Dorrego eta Alvarez Thomas etorbideen gurutzagunean), antigoaleko gauzarik bitxienak salgai dituena. Horiekin batera, eta auzoko kultura proposamenak biribiltzeko, antikuarioak eta arte garaikideko aretoak aipa litezke. Denetan azpimarragarriena, zalantzarik gabe, Malba museoa da (Buenos Airesko Latinoamerikar Artearen Museoa). XX. mendeko latinoamerikar artisten 200dik pieza baino gehiago ditu, tartean Frida Kahlo, Diego Rivera edo Wilfredo Lam ezagunen lanak. Figueroa Alcorta hiribideko 3415 zenbakian kokatua, auzoaren erdigunetik aparte samar baina barrutitik atera gabe, kareharriz eta kristalez nahiz altzairuz jantzitako erakin berria bera aski erakargarria da.
Atsegingarria da, halaber, Palermoko tangoaren DNAren atzetik ibiltzea. Zaharrenek diotenez, tangoaren sehaska nagusienetakoa da auzoa, edo behintzat, auzoa hazi ahala hasi zen dantza sigi-sagatsua aurreneko urratsak ematen. Esaterako, auzoan ziren La Paloma kafetegia, tangozaleen gordeleku ezaguna, eta Hansen jatetxea, 1895 eta 1910 artean arrakasta handia izan zuena. Hala ere, egun ez dira inguru oso tangozaleak, nahiz eta oraindik ere Canning aretoan (Scalabrini Ortiz, 1331) egunero garai zaharrak oroitzeko milonga-doinuak entzuten diren eta Club del Vinon (Cabrera, 4737) zuzeneko musika eskaintzen duten, tango sentsuala barne.
Palermo berdea
Palermon murgiltzeak dakarren gozamen handienetakoa, baldin eta bisitaria asfaltoak nazkatu badu, barrutiko berdeguneetara egitea da, auzoaren muga zaharretatik kanpo dauden arren. Saihestu ezinekoa da lorategi botanikoa (Santa Fe hiribidean dago sarrera, Heras hiribidearen parean); 1898an ireki zituen ateak, eta, esaten denez, Charles Thays arkitekto eta paisaialari frantziarraren lanik bikainena da. Dituen 8 hektareatan 5.000 eta 6.000 landare espezie artean daude, eskultura eta urmael ugariz gain. Aldamenean ehun urte baino gehiagoko zoologikoa dago, animalia espezie kopuru handia eta munduko arkitektura-lan klasikoen erreprodukzio sorta bat ikusgai dituena, Bombayko Elefanteen Jauregia edo Erromako Titoren Garaitza Arkua kasu.
Ezagutzeko modukoak dira, halaber, Japoniako lorategi dotorea, Buenos Airesko komunitate japoniarrak dohaintzan eman zuena eta meditaziorako gunea dena, eta hiriaren birika esaten zaiona; alegia, Otsailaren 3aren parkea, 1875ean sortua eta arrosadiagatik oso ezaguna dena. Galileo Galilei planetario zaharrean geldialdia egitea gomendagarria da, non 20 metroko diametroa duen esferaerdiko kupula miresteko aukera dagoen. Argentina iparraldean aurkitutako hiru meteorito ikusgarri daude eraikinaren kanpoaldean. Beraz, amaiera zerutiarra emango diogu modaz sekula pasa ez den eta istant guztiez gozatzeko gonbita egiten duen Buenos Airesko Palermo barrutian zeharreko ibilbideari.
Eskaintza gastronomiko handia
Gogoan hartu auzoaren indarguneetako bat eskaintza gastronomiko oparo eta zabala dela; Argentinako sukaldaritza garaikide fina edo tradizionalagoa, eta munduko bazter guztietako zaporeak. Auzoan jatea gozamena da bai zentzumenentzat bai patrikarentzat.
Honduras kalearen inguruetan kultuzko jatetxe horietako bat baino gehiago aurkituko dugu; adibidez, Social Paraíso (Honduras, 5182) atsegina eta plater eta ardo karta tentagarrikoa. Argentinako parrillaren zale sutsuenek haragi behar gorrienak aski aseko dituzte La Cabreran (Tharmen eta Cabrera kaleen gurutzagunean); klasiko bat da. Tradizio handiko lekua da, baina beti lepo dago eta erreserba egin beharra dago, edota itxaronaldi luzea eraman. Apalagoak dira baina betiko tabernen airea dute Bar del Gallegok (Bondpland, 1703), Punto y Banca pizzeriak (Medrano eta Honduras kaleen arteko gurutzagunean) eta Jorge Luis Borges joan ohi zen El Preferido de Palermo jatetxeak.