Hoi An, Vietnamgo harribitxia
Indotxinako penintsulari so, Vietnamgo bi hiri nagusien artean kokatuta dago Hoi An. Ho Chi Min eta Hoian hirien xarma bera du, baina, erritmo frenetikoa eta izaera zaratatsua bazterrean utzita, xumetasunean eta umiltasunean oinarritutako ukitu berezia eman diote.
Txinatarrak eta japoniarrak merkatari lanetan aritu ziren Hoi An-en iraganean, ondare arkitektoniko eta kultural aparta utziz. Hoi An hiriko alde zaharrean zein aldirietan barneratuta, Vietnamgo harribitxi honek ikusteko eta gozatzeko asko duela egiaztatuko dugu.
Ezinbesteko geldialdia eskatzen du Hoi An hiriak eta, ziurrenik, bisitatzen duen orok pentsatutakoak baino egun gehiago emango ditu bertan azkenean, zerbaitegatik ari baita azkenaldian helmuga turistiko preziatu bilakatzen. Garapen ekonomikoak eta demografikoak neurririk gabe egin dute gora azken hamarkadotan Vietnamen, eta, hala, modernizazio etengabea lotsagabeki arrastoak utziz joan da herrialde mehar eta luzean.
Uneskok gizateriaren ondare izendatutako Hoi An hiriko kaleetan paseatzeak, ordea, denboran atzera egitea dakar. Motorrezko ibilgailuek debekatuta dute sarrera, oinezkoentzako eta txirrindularientzako pribilegiozko lekua delarik hiria. Isiltasuna eta lasaitasuna darie kale kantoiei eta eguneroko bizimoduaren estanpa politak eskaintzen dizkiete turistei eta hauen argazki kamerei: merkatuetako koloreak, harat-honat dabiltzan zamariak, Non La sonbreiru konikoa buruan duten herritarrak, jantzi tipikoekin apain-apain azaltzen diren emakumeak... Arkitektura txinatarra, japoniarra eta europarra uztartzen dituzten alde zaharreko etxeek ere merezi dute arreta, Hoi An historia oparoko hiria dela gogorarazten baitigute uneoro.
XVI. eta XVII. mendeetan Asia hego-ekialdeko itsas porturik garrantzitsuenetarikoa izan zen hirian, japoniarrak eta txinatarrak izan ziren nagusi luzaroan. Batzuen eta besteen auzuneak errekatxo batek banatzen zituela-eta, 1590. urtean “Zubi Japoniarra” bezala ezagutzen dena eraiki zuten. Teilatu gorriak estaltzen du zubi dotorea eta Quan Cong tenplua dago honen barnean. Hiriko eraikinik esanguratsuenetakoa da zubia, eta, egiari zor, ez du gutxiago merezi.
Estilo eta kultur aniztasuna
Thu Bon ibaiarekiko paraleloak diren dozena erdi kalek osatzen dute hiriko alde zahar txikia. Bertatik paseatuz gero, orpoz orpo topatuko ditugu pagodak eta tenplu vietnamdar zein txinatarrak. Cam Pho eta Quan Pho tenpluak eta Cao Dai pagoda dira aipagarrienak. Fatxada koloretsu eta deigarriak eta teilatu ezin dotoreagoak dituzten eraikinotan budismoa, konfuzianismoa eta taoismoa praktikatzen dira. Askotan, ordea, ez da erraza jakitea zein erlijiori egiten dioten ohore tenpluok.
Hoi An hiria mistizismoaren sinbolo bihurtzen da ilargi-hilabeteko 14. egunean. Alde zaharreko argi elektriko guztiak itzali egiten dituzte, eta, ondorioz, kandelekin piztutako koloretako lanparek argiztatzen dituzte kaleok. Intsentsuak eta loreek kantoi guzti-guztiak harten dituzte.
Hoi An bisitatzen duten turistak gero eta gehiago direla aipatu dugu. Hiri ederra da, dudarik gabe, baina badu bestelako erakargarririk ere: turistek hain gustuko duten bezala, erosketak egiteko aukera ezin hobea eskaintzen du. Kaleotako lasaitasuna josteko makinen triki-traka etengabeak bakarrik puskatzen du. Jostunek abilezia bereziarekin kopiatzen dituzte, izan ere, turistek nahi dituzten modeloak, istant batean pieza bakar eta pertsonalak eginez. Horra pagotxa, diseinuzko marka garestien kopiak gure poltsikorako prezio egokietan. Arropak ez ezik, bestelako tentazioak eskaintzen dituzten dendak ere aurkituko ditugu: hiriaren ikur diren paperezko lanparak, egur tailak, sukalderako diseinuzko ontziteriak... Den-dena, noski, prezio ezin tentagarriagoan.
Sukaldaritza praktikatu eta dastatu
Gastronomia aparteko herrialdean egonik, hiriaren jatetxe eskaintza zabala da oso. Gustu bereziarekin dekoratutako jatetxeetan, mokadu goxoak jatea eguneroko kontu bilakatzen da. Jatetxe askok, gainera, sukaldaritza kurtsoak eskaintzen dituzte: turistek bertako merkatuetan produktuak erosi, janaria prestatu eta gero dastatzeko aukera izaten dute. Hiria oinez arazorik gabe bisita daiteke. Baina aldiriak esploratzeak ere merezi du, dudarik gabe.
Bizikleta bat alokatu, eta, di-da batean, hiritik at izan zaitezke hondar zuriko paraje eder batean, arrantzale etxeak nagusi diren kostalde ikusgarrian; nahiago izanez gero, gainera, luxuzko hotelak ere badira tartean. Asteburuetan vietnamdar familiez betetzen dira hondartzok. Gauetan, berriz, arrain eskaintza paregabea izan ohi duten jatetxe inprobisatuz.