Baigura: haizea da negua
Urtarrilari ilbeltza esaten zaio. Esanahia azaltzeko beharrik ez. Barrurako garaia da, sutondorako, mendirako baino. Mendi apalak bisitatzea komeni da, neguaren besarkada gordina ez sentitzeko. Baigurako hegiak Lapurdi eta Nafarroa Beherea banantzen ditu, ia 900 metrora goititzen den behatokitik.
Lapurdik 900 metroko garaiera duten hiru mendi ditu: Artzamendi da gariena, 926 metrorekin. Larhun hurrena, 900 metro juxtujuxtu, eta Baigura. Baigurari 4 metro falta zaizkio 900 metroko langa jotzeko. 896 metro ditu, baina gailurrean dauden telekomunikazio antenekin aise gainditzen ditu 900 metroak. Bitxia da, baina hiru gailur hauek antzekotasun nabarmenak dituzte: giza arrasto asko dituzte gailurrean, izan antenak, errepideak, bentak, edo trenbideak. Eta hirurak herrialde arteko muga-mugan daude. Larhun Lapurdi eta Nafarroa arteko mugan, eta Artzamendi eta Baigura, Lapurdi eta Nafarroa Beherea erdibitzen.
Baigura tontorrera ere autoz irits daiteke, baina errepidea parapente eskola bateko kideek, tren turistiko raiena bada, Larhun bisitatuena, eta Baigura, prominentzia handiena duena. Errobi ibaiak Ortzaizetik Luhusoraino egiten duen bide estua erreferentzia gisa hartuta, 800 metro tentetzen den mendikate handia da Baigura, 800 metroko langa gainditzen duten lau gailur bereizi dituena. Itxura alpinokoa hego eta iparreko muturretan, Haltzamendi erpinetik hegorantz, eta Erregelu gainetik iparrerantz. Eguraldia lagun den egunetan, irteera polita eta erosoa da mendikatea iparhego edo hego-ipar noranzkoan zeharkatzea.
Mendikatea bera inguratzea ere aintzat hartu beharreko aukera da. Hainbat randonee edo seinaleztatutako bide daude, eta Ipar Euskal Herrian eta Frantzian oso zaleak dira gailurra bera baino bidea lehenesten. Urtarril betean ere mendizale asko ikusten dira bide horietan barrena, paraje bakarti hauen lasaitasunaz gozatzen. Baigurak 600 metrotik gora erakusten duen zuritasunak ere zer pentsatua ematen du bidea aukeratzerakoan, elurraren lagun min izaten baita izotza, ia beti.
Baigura harro ikusten da Lapurdiko kostaldetik. Urtsua mendiak egiten dio itzal apur bat, bere 678 metroekin, baina Kanbo pasatu eta Luhusora iritsita parez pare ikusten da mendebaldeko aurpegia. Baita gailurreraino daraman errepide sigisagatsua ere. Luhusotik Heletara, Blantzarte mendi-lepoan autoa uzteko tokia dago. Iparrera geratzen da Urtsua belartsua, elur arrastorik gabe. Hegora Erregeluko haitzak, 865 metrora, zuri-zuri. Bidea polita da. Belardi zabal batean barrena, azienda gordetzeko eraikitako borda bat igaro ondoren bidea xenda bilakatzen da, eta pagadi dotore batean sartu.
Urtsua da erreferentzia, altuera irabazten den neurrian. Erregeluko haitzak handi samarrak dira, eta horiek saihesteko, mendebaldera egiten du nabarmen bideak. Elurra gero eta gertuago ikusten da, baina aldapa tentea da, eta tarte txikian zoru guztia zuri-zuri bilakatzen da. Une batean, xendak 180 graduko norabide aldaketa egiten du, eta bat-batean Lapurdi eta Baztan aldeko mendiak agertzen dira, hego-mendebalderantz: Larhun, Artzamendi, Gorramendi...
Baita Baigura bera ere, gailurrean dozena erdi antena itsusi dituela. Batzuentzat modernitatearen ondorio saihetsezina, besteentzat mendiak zikintzeko aitzakia hutsa. Azken ordu erdia elurretan egin behar da, eta zati batzuk izoztuta daude. Kontu handiz ibiltzea komeni da, baina erorketa handirik jasateko arriskurik ez dago, pendiza ez delako handia. Blantzarte gainetik iristen den errepide estua gertu dago, eta autoek utzitako arrastoa baliatu daiteke, elurretik ez, errepidetik lasaiago, irristatu gabe gailurreraino joateko.
Ordu eta erdi behar da tontorrera iristeko. Ia igoera guztia babesean egin ostean, haizea bazenik ere ahaztu egiten da baina, oztoporik gabe, hego-mendebalak osooso indartsu jotzen du babesik ez dagoen gailurrean. Erregelu (865 metro) eta Baigura (897 m) banantzen dituen lepoan aulki batzuk daude, eta bertatik ikus daitezkeen mendien informazio osatua erakusten duten bi mahai handi ere bai. Hamar segundoko errepaso azkarra, bakoitzari, ezin baita denbora gehiago eman bertan, haizeak norbera lurrera bota gabe. Hego-mendebaldera Artzamendi, Larhun, Gorramendi, Mendaur, Hernio eta Elomendi Higa ikusten dira. Pentsa, Elomendi, Iruñetik Irunberrira doan bailaran. Errepidez sekulako buelta eman behar, baina lerro zuzenean, 50 kilometro baino askoz gehiago ez! Gure Euskal Herri txikiko altxorrak!
Ekialdera eta hegora aparta da ikuspegia. Ezin hobe nabarmentzen da Midi d'Ossauren silueta, Balaitus 3.000 metroko menditzarraren zuritasuna, Auñamendi piramide perfektua, Petretxema eta Atxeritoko ipar horma malkartsuak, Orhi mendi erraldoia, Errozate, Ortzantzurieta, Saioa, Hauza eta beste. Elurraren muga ere ezin hobe marrazten da Garaziko bailaran.
Garaziraino, berde, baina Ezterenzubi aldera, elurra mendian behera... Gertuago, Laina (869 m) eta Haltzamendi gailurrak (813 m), horiek ere zuri-zuri, Bidarrai eta Ortzaize aldera jausten diren amildegi malkartsuen zaintzaile.
Heleta eta Landak
Erregelu gainera bueltan, gertu-gertu ikusten da Blantzarteko atsedengunea. Jaitsiera azkar egin daiteke, Erregelutik zuzen-zuzen, baina bide hori elurtua dago, eta eguzkiak jotzen ez duen itzalgunean. Erabakia azkar hartu behar da gailurrean, bertan dagoen antenari tinko eutsita! Txangoa bukatu ostean datuak begiratu, eta 88 kilometro orduko boladak gainditu direla erakusten du Baigurako parapente guneko haize neurgailuak. Baigura mendigunea inguratzen ari diren mendizale batzuk Heletarantz doazela ikusi, eta haien arrastoari segitzea, onena.
Soilandotxipi mendi belartsuaren magalean dagoen mendi-lepoan batzen dira Blantzarte eta Heletatik datozen bideak (499 metro). Haize-babesean, atsedena hartu eta Heleta herriarekin eta inguruetako paisaiekin gozatzeko toki ezin hobea da. Iparrera Baionako metropolia igartzen da, eta Landak. Dozenaka kilometro, muino bakar bat gabe. Bitxia da sentsazioa: mendiz inguratuta egon, eta dozena erdi kilometrora, belardi eta zuhaitz eremu mugagabea.
Mendi-lepotik aitaren batean buelta daiteke Blantzarte atsedengunera (45 minutu). Bidean, Baigura mendikatean bizi diren animalia, zuhaitz eta landareen bilduma osatua azaltzen duten hainbat informazio poste daude, euskaraz eta frantsesez. Horiek irakurriz jakin dugu gainean ditugun Erregeluko haitzak kuartzitak direla. Edo belatzak eta saiak ohikoak direla paraje hauetan. Pottokak bezala, euskaraz eta frantsesez berdin-berdin esaten den hitza!
Atsedengunera iritsita, ziztu batean aldatu eta babesa bilatu behar autoan. Txango honetako protagonistak, haizeak, neguan agintari nor den gogorarazi digu beste behin.