NAIZ

Izaren hondakinak birziklatuz arropa berria sortzeko proiektu bat jarri dute martxan

‘Wearcycle’ proiektuak hoteletako kotoizko maindire zahar zein apurtuak deskonposatzen ditu. Ondoren, izara horietatik abiatuta hari berri bat sortzen da, zeina jantzi berriak josteko erabiltzen den.

‘Wearcycle’ proiektuaren aurkezpen ekitaldia, Donostian.
‘Wearcycle’ proiektuaren aurkezpen ekitaldia, Donostian. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

‘Wearcycle’ birziklatze proiektua aurkeztu dute ostiral honetan Donostian Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Ternua Group-ek. Proiektuak hoteletako kotoizko maindire zahar zein apurtuak pilatzen ditu, birrindu eta deskonposaketatik eratorritako ehun partikuletatik hari bat sortzen du jantzi berriak josi daitezen. Dagoeneko bi tona izara batu dituzte eta 18 jantzi modelo berri, jertseak eta kamisetak batik bat, gehitu dituzte Ternua eta Loreak Mendian markek beraien bildumetara.

Proiektuaren lehen etapan %100 kotoiz eginak diren bi tona izara zuri berreskuratu dituzte Oiartzungo Gureak elkarteko ikuztegitik. Izan ere, ikuztegian hoteletako izarak jasotzen dituzte bertan garbitzeko. Beraz, zahartuta edo puskatuta daudenak ‘Wearcycle’ programarako baztertzen dituzte. Material hori birziklatuz, Belda Llorensek hari berri bat sortu du, ‘Ecolife’, eta bere konposizioa %50 kotoi birziklatua eta %50 kotoi organikoa da. «Ehun hondakinei bigarren bizitza bat eman dakiekeela erakusten du, kalitatezko haria sor daitekeela, jantziak egiteko lehengai berriak erabili gabe», azaldu du Belda Llorenseko zuzendari exekutiboak, Francisco Mataixek.

Aldundiak 30.000 euroko diru-laguntza eman dio proiektu honi. Hori horrela, ostiral honetako prentsaurrekoan, modaren industriatik eratorritako hondakinak murrizteko beharra azpimarratu du Jose Ignacio Asensioingurumen diputatuak: «Badakigu ehungintzaren ingurumen eta gizarte inpaktua oso handia dela, eta, azken legeek jasotzen duten bezala, ezinbestekoa da neurriak hartzea hori murrizten saiatzeko, bai gaikako bilketari dagokionez, bai berrerabiltzeko prestaketari dagokionez, bai ehun hondakinen birziklapenari dagokionez».

Horrekin batera, proiektu hau tokiko ekonomiarentzat «bultzada» bat dela eta, aldi berean, Gipuzkoako ehungintza sektoreko «eredu produktiboaren aldaketa» bat suposatzen duela esan du Asensiok.